Gaur gauean hasiko da 'Hamaikanper'

Furgoneten, autokarabanen eta bestelako ibilgailu kanperizatuen lehiaketa bat izango da. Astearte gauero ikusi ahalko da Hamaika Telebistan.

Hamaika telebistaren 'Hamaikanper' saioa. HAMAIKA
Hamaika telebistaren 'Hamaikanper' saioa. HAMAIKA
urtzi urkizu
2025eko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Saioaren helburua ez da kanperizazio perfektuena aurkitzea, baizik eta nork bere neurrira egokitutako ibilgailuak erakutsiz sormena, jasangarritasuna eta egunerokorako moldagarritasuna balioestea. Hala iragarri du Hamaikak. Telebista kate horrek gaur estreinatuko du Hamaikanper saioa, 22:00etan. Hamar atal izango ditu lehen denboraldiak, eta astero ordu berean emango dute.

Furgoneta, 4x4 auto, autokarabana eta bestelako ibilgailu kanperizatuen lehiaketa berezia izango da saio berria. Hamaikaren arabera, programak bidaia, abentura, natura eta sormena uztartzen dituen «kanper bizimodua» erakutsiko du, «entretenimenduaren bidez».

Parte hartzaileek hainbat erronka gainditu beharko dituzte euren ibilgailuekin: tokiaren erabilera, energia kudeaketa, jasangarritasun neurriak eta eguraldira egokitzeko ahalmena, besteak beste.

Furgoneta bakoitza ez da lehiarako tresna hutsa izango. Hamaikak iragarri duenez, ibilgailu bakoitzaren atzean dauden istorioak eta bizipenak izango dira saioaren benetako protagonistak. Parte hartzaileek beren bizi esperientzien berri emango dute kameren aurrean, eta mugitzeko askatasuna eta naturarekiko harremana nola bizi dituzten azalduko dute.

Izena eman daiteke oraindik

Simon Macias eduki sortzaile nafarrak —@simonmontxu— aurkeztuko du saioa, eta Hamaikaren Iruñeko lantaldeak koordinatuko ditu kameren atzeko lanak. Lehiaketaren dinamikaren nondik norakoak kontatu ditu Maciasek: «Astero bi partaide izango ditugu: bi pertsona eta bi furgoneta». Aurrenik, van-tour moduko bat egingo dute furgoneta erakusteko. «Partaideek erakutsiko dute furgonetak zer ezaugarri dituen eta nolako kanperizazioa duen». Bitartean, furgoneta munduarekin izandako harremanaz galdetuko die lehiakideei aurkezleak.

Lehiaketan askotariko erronkak planteatuko dituzte. «Erronka batzuk galdera-erantzun laburrak dira. Beste erronka bat izango da Interneteko sare sozialetan jartzeko argazki bat egitea, minutu batean. Eta bestea izango da, adibidez, ea nork prestatzen duen han kaferik goxoena». Bestetik, planteatuko diete ea bi egun egoteko kanpaleku bat sortu beharko balute nork sortuko lukeen bizkorrago. Erronka bakoitzean puntu bat lortuko du irabazleak. Aurkezleak berak ere puntuak banatuko ditu, furgoneten xehetasunen arabera. «Nire iritzi subjektiboa sartuko da hor», aitortu du Maciasek. Lehiakideek ere elkarri puntuak jarriko dizkiete.

Maciasek nabarmendu du atal bakoitzean furgoneta mota antzekoak jarriko dituztela lehian. Kasurako, lehen atalean furgoneta txikiak izango dira protagonistak, eta bigarrenean, furgoneta handiak. Aste honetan grabatuko dute hirugarren atala.

Saioan parte hartu nahi duenak izena eman dezake Hamaikaren webgunean. Maciasek parte hartzeko deia egin du: «Sekulako ilusioz ari gara programa egiten. Jendea animatu dadila!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.