«Atzera, atzera! Heldu eskutik! Luzatu besoak!». Mikrofonoa eskuan eta, halere, oihuka dabil Jabi Elortegi, aginduak ematen. Ez zaio erraza Donostiako Nestor Basterretxea plazan bildutako 700 haur baino gehiago koordinatzea. Flashmob bat grabatzeko asmoa dute haurrek, aktoreek eta Pausoka ekoiztetxeko teknikariek, Go!azen telesaila iragartzeko. Gaur itzuliko da ETB1era gazteak musika, dantza eta umorearen bidez erakarri nahi dituen telesaila, ia zortzi urteren buruan. 21:00etan estreinatuko dute.
«ETBn egon behar du halako saio batek, gazteei lekua emateko», esan du Edu Barinaga ETBko zuzendariak, dantzari gazteak ikusten zituen bitartean. «Ez dugu beti lortzen gazteak erakartzea, baina honekin ikusi dugu aurkezpen guztietan jende asko bildu dela eta gazteek kantak ere ikasi dituztela». Izan ere, saioa Gasteizko Telebista Jaialdian, Donostiako Kursaalean, Iruñeko Baluarten, Bilboko Azkuna zentroan eta Gabirian (Gipuzkoa) aurkeztu dute azken asteotan, eta aktoreak 40 ikastetxetara joan dira bisitan.
Ekoiztetxeak ikastetxeetan eginiko lana begi bistakoa da Donostiako Tabakalera ondoko plazatxoan. Axular lizeoko, Aitor ikastolako, Ikasbideko, Maria Reina eskolako, Lasalleko, Santo Tomas lizeoko eta Beasaingo (Gipuzkoa) Murumendi ikastolako haurrak bildu dira Go!azen eta (Euskararen) Txantxangorria kantekin dantzatzeko. «Zailagoa izan da haurrekin lan egitea, aktoreekin baino», esan du horien ardura eduki duen Guido Bikuña ekoizleak.
Basakabi fikziozko udalekura itzuliko da gaur istorioa: ingelesa ikasteko gune bihurtu nahiko du Zuzenek (Ramon Agirre). Baina aurrean izango ditu gazte matxino samarrak. Aitana eta Paula Etxeberria, Miren Arrieta, Lorea Iribar, Asier Burguete, Oihan Moreno eta Ainhoa Larrañaga daude aktoreen artean.
«Ia zortzi urte pasatu dira, eta jendea asko aldatu da, nahiz eta kontatuko ditugun istorioak unibertsalak diren», esan du Elortegi zuzendariak. Denboraren aldaketaren lekuko, pertsonaiek askoz teknologia gehiago erabiliko dute telesailaren sasoi berrian, eta sare sozialek ere garrantzi handia izango dute.
Go!azen film musikala 2009ko urtarrilean estreinatu zuten, eta ETB1en inoiz ikusle gehien izandako filma izan zen: %7,4ko kuota.
Gaur itzuliko da 'Go!azen', ia zortzi urteren ondoren
ETB1eko telesaila iragartzeko 'flashmob' bat egin zuten atzo, Donostian, hainbat ikastetxetako 700 haurrek baino gehiagok

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu