Ari dira irratiak eta telebistak programazio berriak martxan jartzen. Denboraldi berrirako, Gaztea euskarazko irrati formulak ere baditu berezitasun batzuk. Esate baterako, Dida goizetako saioan beste lehiaketa bat jarri dute martxan: Alaken. Whatsapp sakelako telefonoetako aplikazioaren bidez jokatuko dute entzuleek; elkar izendatu beharko dute, galdera batzuk erantzun, baita harri-orri-ar jolasean ibili ere. Jokoan ari diren horietako batek bakarrik irabaziko du azkenean, ordea.
Iaz bezala, Julen Telleriak, Andrea Aranburuk, Jon Gotzon Aldaparenak —ez da benetako izena— eta Antton Telleriak aurkeztuko dute Dida saioa, 07:00etatik 10:00etara.
Kolaboratzaile berriak izango dituzte Dida-ren denboraldi berrian: Hofe musikaria «musika berriez» mintzatuko da, Oihana Fernandez de Barrenak abeltzaintzarekin eta nekazaritzarekin lotutako kontuez hitz egingo du, eta Aitziber Gradosek varietés mundua eramango du mikro aurrera. Ganten (Belgika) Erasmus programa egiten ari den ikasle bat ere ariko da saioan: Eneko Eizagirre. Halaber, arkeologiaz, historiaz eta sinbologiaz mintzatuko den kolaboratzaile berri bat izango dute.
Gaztearen irratsaioan jarraituko dute lehendik ere aritzen ziren batzuek: Joxe Mari Apaolaza Euskadi Irratiko kazetaria, kiroletan; Jokin Pinatxo, kimikan; Flako Fonki Chill Mafiako kide ohiak astero kanta berri bat egingo du saiokoentzat; Onintza Enbeita bertsolaria amatasunaz ariko da; eta Alain Ibarra, Euskal Herriko aktualitate gaietako kontu bitxienez.
Jon Gotzon Aldaparenak, bere hizkera bereziarekin, atal berri batzuk sortu ditu ikasturte berrirako: Jongi crupier, Ni joaten banaiz..., Jongiren sinfonola, Jongi biajantea, Tanato Jongi eta Jongiren mantra... Hori aski ez, eta tarteka Italiara deituko du.
Bi fitxaketa 'Gu'-n
Arratsaldeko Gu irratsaioan, bestalde, bi fitxaketa berri egin dituzte: Iñigo Aranburu moda aditua eta Irati Erauskin Pantoi.
B Aldea saioak ohiko ordutegiarekin jarraituko du —20:00etatik 22:00etara—, eta ohiko gidariarekin —Julen Idigoras—. Kolaboratzaileen artean, berriz, Kattalin Barcena, Ainhoa Vitoria eta Alai Ormazabal ariko dira.
Sara Alonsok eta Ainhoa Vitoriak aurreko ikasturtean hasitako bidearekin jarraituko dute Bitan saioan: larunbat eta igande goizean emango du Gazteak, 09:00etatik 11:00etara. Saioko kolaboratzaileen artean, Beñat Uribe-Etxebarria, Jone Arriola, Malen Altuna eta Aitziber Grados izango dira.
Top Gaztea Oizeder Mayok eta Oihan Vegak aurkeztuko dute, larunbatero, 11:00etan.
Urteak aurrera egin ahala, ezustekoak iritsiko dira Gazteara, bai uhinetan, bai Interneteko eskaintzan.