Gazteen erdiek baino gehiagok ez dute prentsarik kontsumitzen

Digital News Report txostenean munduko 48 herrialde aztertu dituzte. Horietan, herritarren %54k sare sozialak eta bideo plataformak baliatzen dituzte informazioa lortzeko, eta %51k aukeratzen dituzte komunikabide tradizionalen webak eta aplikazioak.

Tiktoken logoa, eta zenbait sare sozial sakelako telefono batean. ADAM VAUGHAN / EFE
Tiktoken logoa, eta zenbait sare sozial sakelako telefono batean. ADAM VAUGHAN / EFE
urtzi urkizu
2026ko ekainaren 17a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkeneko urteetan komunikazioaren munduan erreferentziazko ikerketa bihurtu da Reuters Institutek urtero argitaratzen duen Digital News Report izeneko txostena. Datuak 100.000 elkarrizketatan oinarritzen dira, eta 48 merkatu aztertu dituzte. Aurtengoa aurkeztu dute, eta ondorioen artean, nabarmenetako bat da herritarrek, informazioa eskuratzeko, nahiago dituztela sare sozialak eta bideo plataformak —%54k—, komunikabide tradizionalen webak eta aplikazioak baino —%51k aukeratzen dituzte—.

Datu horiek ikusita, Jim Egan ikerketaren egile nagusietako batek esan du hedabide tradizionalak egokitu egin beharko direla sortzen ari diren kontsumo ohitura berrietara. «Komunikabideek egin behar duten lehen gauza zera da, aldaketak onartzea». Datuek erakusten dutenez, aldaketen abiadura txikiagoa da Europako mendebaldean eta erdialdean. «Baina aldaketa horiei entzungor egiteak edo neurriak ez hartzeak arriskuan jar dezake hartzaileekin duten lotura. Eta luzera begira, ez dira lehiakorrak eta ekonomikoki bideragarriak izango».

Belaunaldi arrakala agerian utzi dute datuek. Hain zuzen ere, 18-24 urte arteko gazteen erdiek baino gehiagok ez dute sekula prentsa maiztasunez irakurri. Sare sozialak eta bideo zerbitzuak bihurtu dira haientzat albisteetarako sarbide nagusia. Eganen arabera, fenomeno hori ez da behin-behinekoa: «Egiturazko aldaketa bat ari da gertatzen informazioaren harremanari dagokionez».

Txostenaren egileek ohartarazi dute erronka ez dela soilik zer eduki eskaini, baizik eta nola. Eganen arabera, komunikabide tradizionalek «beste zabalkunde eremu batera» egokitu beharko dute, non sareek eta bideo plataformek neurri handi batean ordezkatu egingo dituzten hedabideen webak eta aplikazioak.

Eduki sortzaileen presentzia gero eta handiagoa da informazioaren alorrean ere. «Eta ez dira etsai gisa ikusi behar; haiengandik bada zer ikasia», esan du Eganek. Ikerketan jaso dutenez, eduki sortzaile askok albisteak kontatzeko beste modu batzuk garatu dituzte, eta fideltasuna lortu dute publikoarekin. «Hortaz, hedabideek estilo hori eta gertutasuna erabil dezakete haien formatuetan». Adibidetzat jo dute David Attenborough —100 urte ditu—. «Hau da, formatu horiek ez dituzte soilik gazteek erabili behar».

Adimen artifizialeko txatboten gorakada

Datu esanguratsu gehiago ere badira txostenean. Kasurako, herritarren %77k astero ikusten dituzte albisteak sareko plataformetan, hala nola Youtuben, Instagramen, Tiktoken eta Facebooken. Herrialde gehienetan, plataforma horietako bideoek aurrea hartu diote telebista konbentzionalari. Baina halakorik ez da gertatu oraindik Alemanian, Danimarkan eta Herbehereetan.

Komunikabideen albisteekiko konfiantzak, bestalde, beheranzko joeran jarraitzen du; aztertutako 48 merkatuetatik 29tan egin du behera, bederen. Inkestan parte hartu duten herritarren %37k baino ez du konfiantza komunikabideen albisteetan. Are txikiagoa da datua Ameriketako Estatu Batuetan: %25ekoa. Konfiantza asko jaitsi da Filipinetan, Irlandan, Thailandian, Perun eta Polonian.

Era berean, desinformazioarekiko kezka areagotu egin da herritar askoren artean. Eta, hara non, adimen artifizialeko txatboten erabilera handitu egin da azkeneko urtean: %7tik %10era. Gehiago erabiltzen dute 35 urte baino gutxiagoko biztanleek: %16. Edonola ere, erabiltzaileen bostetik batek baino ez du konfiantza txatbot horiek ematen dituzten erantzunetan.

Txostenaren egileek ohartarazi dute komunikabide tradizionalentzat «gero eta arriskutsuagoa» dela publizitatearen menpe jardutea. «Diru sarrerak zabaltzea garrantzitsua da; harpidetza digitalen hazkundea sustatu behar da; eta produktu gehigarriak garatu behar dira: albiste buletinak, ekitaldiak, hitzaldiak eta bestelako formatu espezializatuak».

Irrati eta telebista publikoei buruz ere mintzo dira txostenaren egileak. Nabarmendu dutenez, konfiantza mailarik handiena dutenen artean daude hedabide publikoak. «Baina hartzaileekin konexioa galtzeak haien legitimitatea galtzea ekar dezake, eta eztabaida politikoan beren posizioa ahultzea ere eragin dezake».

Reuters Institutuaren webgunean kontsulta daiteke 2026ko Digital News Report txostena osorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE