Mexikoko emakume gazte bat historia ikasketak egiten ari da, bere herrialdearen historiari so. Hasi da arakatzen, eta deskubrituko du bere aitonak sekulakoak eta bi egin zituela militarra zenean. Fikziozko istorio hori eraiki dute Los años heridos saioko sortzaileek, Mexikoko 1960ko eta 1970eko hamarkadetako gerra zikinean murgiltzeko. Gravedad Cero Films ekoiztetxearen lan hori Canal Once kateak eman zuen, eta nazioartean hainbat sari jaso ditu. Zirrara eragin du Mexikon bertan.
Telesailaren lehen bi atalak estreinatu dituzte, eta aurrenekoa Bilboko Euskalduna jauregian proiektatu zuten Input konferentzian, maiatzean —bertan ere saritu zuten—. Eta abenduaren 15erako, ekoizpenaren zazpi atalak amaitzea espero dute.
Fritz Glockner historialari eta idazlearen Los años heridos. La historia de la guerrilla en Mexico 1968-1985 liburu mardulean dago oinarrituta ikus-entzunezko lana. Haren istorio pertsonala dago liburuaren jatorrian. «Nire aita desagertu egin zen, eta gerora jakin nuen Mexikon izan ziren talde armatuetako baten parte izan zela 1969. urtean». Idazleak nabarmendu du mexikar askok gaur egun ez dakitela 1960ko eta 1970eko hamarkadetan gerrillak izan zirenik. «Baina 1969tik 1978ra, 39 talde armatu izan ziren». Haren aita atxilotu egin zuten, eta Lekunberriko Jauregi Beltzean eduki zuten atxilotuta. «Hau izena!». Glockenerrek 13 urte zituenean izan zuten haren aita han preso. Hamarkada haietan estatuaren errepresioa jasan zuten 580 presoren historia ikertzeari ekin zion Glocknerrek. «Konturatu bainintzen historia hori ez zuela inork kontatu».

1943tik 1968ra arteko gerrillaren historia Memoria roja liburuan jaso zuen Glocknerrek. Ondorengo urteak daude bilduak Los años heridos liburuan. Lagun baten bitartez, Gravedad Cero Films ekoiztetxeko Sergio Muñozekin jarri zen harremanetan. «Badirudi bion arteko harremana ondo joan zela, eta inoiz izan dudan erronka profesional handienari ekin nion: Los años heridos telesaila egiteko finantzaketa lortzeari», azaldu du Muñozek.
Historia isilarazia
Mexikoko Gobernuaren menpe ziren erakundeek ehunka herritar atxilotu, torturatu eta desagerrarazi zituzten XX. mendeko erdialdeko hamarkadetan. «Mexikon publiko orokorrak ez du gerra zikinaren berri. Estatuak berak isilarazi eta ezkutatu du historiaren parte hori», ohartarazi du Muñozek. Saioaren proiekzioak egin dituztenean, erreakzio sutsuak iritsi dira. «Adibidez, 11 urteko mutiko batzuk oihuka hasi ziren 'Nola da posible gure herrian halakoak gertatu izana?' esanez».

Los años heridos ikus-entzunezko lanak ezaugarri bereziak ditu. Parte dokumentala, fikziozko istorio bat, elkarrizketak eta animazioa uztartzen ditu. «Proiektua narratiboki eta formalki unibertsala da, gaiaz harago». Hala iruditzen zaio Muñoz ekoizleari. «Dokumental soila balitz, ez legoke aukerarik zazpi ataletan istorioa luzatzeko. Ez luke aukera emango, behintzat, hainbeste pasarte historiko ukitzeko».

Muñozek gaineratu du saiatu direla akademikoegia ez den saio bat egiten. Pozik dago harrerarekin. «Gure ekoiztetxea txikia da, lau baino ez gara. Baina sektorean hala izaten da sarri. Eta saio honen kasuan, zori ona izan genuen Glocknerrekin topo eginda. Hark bere proiektuak albo batera utzi zituen, gurekin bat egiteko». Fikziozko istorioaren neska protagonista Mexikoko krimen antolatuaren historia ezagutuz doa atalez atal, eta, aldi berean, ikusleak «Mexikoko herriari ezkutatu zaion historia hori» deskubrituko du. Tartean ageri dira artxiboko irudiak. «Eta neska protagonistak egiten dituen elkarrizketek garai horretako kontakizuna osatzen dute, bide batez».
Memoria historikoa belaunaldi berriei transmititzeari garrantzi handia ematen dio Glocknerrek. «Ni kaleko historialaria naiz, eta beti esan izan dut historia ipuin bat bezala kontatu behar dela, eta ez akademikoengan pentsatuz». Era berean, funtsezkotzat jo du pertsonaia historikoak hezur-haragiz janztea: «Eta beti diot mamuen istorioa idatzi behar dela. Mamuen istorioak idazten badituzu, alu horiek orainera iristen dira eta izutu egiten dute. Modu horretan, komunikazio zubi bat eraikitzen duzu memoriaren-iraganaren eta orainaren artean». Zubi hori bidaia sakon bat dela iradoki du idazle eta historialariak: «Ederra da memorian eta iraganeko oroimenen kutxan egindako bidaia hori. Eta horren jabeak gara. Zeren jabe? Gure iraganaren jabe». Muñozi, berriz, «arkeologia biziduna» egiten ari direla iruditzen zaio. Gainera, telebista askoren arreta bereganatzen ari dira.