2018ari agur eta 2019ari kaixo esateko saio bereziak prestatu ditu ETBk etziko. 23:45ean arituko dira zuzenean Sara Gandara, Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleak Gabon zaharreko kanpaiak ematen, Guardia herritik (Araba). ETB1en eta ETB2n ikusi ahalko da tartea. Ondoren, jaia hasiko da euskarazko katean, Go!azen 2019 saio bereziarekin.
Zuriñe Hidalgok aurkeztuko du saioa, eta Go!azen telesaileko aktoreak izango dira protagonistak. Izan ere, telesailean abesten dituzten kantak interpretatuko dituzte, baina horien sortzaile edo zabaltzaileekin. Esaterako, Alex Sardui, Xabi Solano, La Oreja de Van Gogheko musikariak, Anne Etxegoien, Gozategi taldea, Maria Amolategi, Huntza taldeko Josune Arakistain eta Xabier Saldias arituko dira saioan.
Arakistainekin Iñundik iñora abesten eta dantzan arituko dira. Anne Etxegoienekin Benito Lertxundiren Loretxoa kantatzeari ekingo diote, eta Hidalgo aurkezlearekin Hesian taldearen Zerotik kanta abestuko dute.
La Oreja de Van Gogh taldeko abeslari Leire Martinezek Hertzainak taldearen Aitormena kantaren «bertsio berezi bat» abestuko du, ETBk zabaldu duenez, betiere telesaileko aktoreak lagunduta. Amolategirekin Sugan taldearen Zarena zarelako kantari ekingo diote.
Bi kanta abestuko dituzte Alex Sarduirekin: Aske maitte. Ondoren, Gorka Sarriegirekin Sorotan Bele taldearen Sing Singatiko folkanrola landuko dute, talde haren abeslari izandakoarekin. Gozategi taldeko Asierren eta Iñigoren txanda heltzen denean, Nirekin kanta entzun ahalko da, eta Urtz taldeko Xabi Camarerorekin Ez gaitu inork geldituko abestuko dute.
Anjel Alkain aktorearekin klimaxa helduko da, Negu Gorriak taldearen Gora herria abestiarekin. Amaitzeko, aktore eta musikari guztiak Behin batean Loiolan kantari ekingo diote, Egan taldeko abeslari izaniko Xabier Saldiasekin.
Queenen doinuak ETB2n
Urte berriari ongietorria egin beharrean, urte zaharra agurtuko dute ETB2n, 22:15ean hasita, ¡Se acabó 2018! saioan. Horretarako, Queen taldearen doinuak erabiliko dituzte.
Julian Iantzi, Ander Gutierrez, Gabriela Uriarte, Jose Ituarte, Andrea Arrizabalaga eta Dani Alvarez arituko dira Queenen bertsioak abesten. Humberto Gutierrez eta Anjel Alkain umoristekin arituko dira abesten eta dantzatzen. ETBren arabera, «sorpresa hunkigarri bat edo beste» jasoko dute gonbidatuek. Tartean izango dira Kerman Lejarraga, Eneko Atxa, Manel Fuentes, Garbiñe Muguruza, Patxi Salinas eta Marino Lejarreta.
Horrez gain, autoparodiarako tartea ere egongo da saioan. Klaudio Landak, Ana Urrutiak, Joseba Argiñanok eta Xabier Lapitzek hainbat pertsona ezagunen «klonak» elkarrizketatuko dituzte.
TF1 katean, Le Grand Bêtisier saioak jaialdi berezi bat egingo du, 21:00etan hasita. TF2 kateak, berriz, Le Grand Cabaret saioa emango du.
La1 kateak Feliz 2019 saioa emango du, 23:10ean hasita.
'Go!azen 2019' saio bereziarekin hartuko du urte berria ETB1ek
Sara Gandarak, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak emango dituzte kanpaiak, Guardiatik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu