ETB1eko Go!azen telesaila goia jotzen ari da, baina muga non dagoen jakitea ez da erraza. Joan den ostiralean, telesailaren historiako datu onena erdietsi zuen: %7,5eko ikusle kuota, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (euskaldunenartean, %17,5ekoa). 4-12 urte arteko neska-mutikoen artean %44,5eko kuota izan zuen, eta 13-18 arteko gaztetxoen artean, %33,9ekoa. 107.000 lagunek ikusi zuten uneren batean programa.
ETBko iturrien arabera, 2013ko urtarrilaren 22tik ez du lortu euskarazko telesail batek hain datu ona. Goenkale-ren Arrastoei segika atalak ikusle gehiago bereganatu zituen batez beste, baina kuota txikiagoa izan zuen— %5,7koa—. Pausoka ekoizpen etxearen iturrien arabera, zortzi urte baino gehiago dira telesail batek ez duela ETB1en %7,5eko ikusle kuota gainditzen.
Jabi Elortegi Go!azen telesaileko zuzendariak esan du lantaldea oso pozik dagoela ikusle datuekin: «Larunbat goizean saltoka hasi ginen, datua jakin bezain laster. Lana egina dago, eta orain saria etorri da. Espero genituen datuak baino hobeak dira hauek». Elortegik nabarmendu du telesaila kalean egoten saiatzen dela. «Zertaz hitz egin ematen du horrek». Telesailaren arrakasta noraino iritsiko den ez daki zuzendariak: «Telesaila gorantz doa, oso goian gaude, eta ez dakit nora arte joango den. Ordu horretan, ostiraletan, bi haurretik bat Go!azen ikusten dago, eta hori arrakasta handia da».
Azaroaren 3an estreinatu zuen ETB1ek denboraldi berria. Lehen atalak %4,8ko ikusle kuota lortu zuen; bigarrenak, %3,3koa; hirugarrenak, %4,8koa; eta laugarrenak hautsi ditu marka guztiak. Aurreko denboraldian, azkeneko bi atalek %6,3ko kuota lortu zuten. Azken-aurreko atalak %79,4ko kuota lortu zuen 4-12 urte arteko haurren artean.
Gailu eramangarrietarako aplikazioaren datuak ere «sekulakoak» izaten ari direla nabarmendu du Elortegik. Pausoka ekoizpen etxearen arabera, telesailaren aplikazioak 12.607 deskarga izan ditu jada: 10.933 Android sisteman eta 1.674 iOS sisteman. Doan jaits daiteke aplikazioa.
Antzezlana, igandetik
Azkeneko asteetan, Go!azen-eko hainbat aktore antzezlan berria prestatzen aritu dira. Igande honetan estreinatuko dute antzezlana, Azpeitian (Gipuzkoa). Hurrengo asteburuetan, herriz herri ibiliko dira.
Bestalde, ETB1eko Urtezaharreko saio berezia ari dira grabatzen egunotan: Go!azen 2018. Kanpaien ostean, telesaileko aktore protagonistek ostiral gauetan entzun diren kantak abestuko dituzte, abesti originalen sortzaileen musikariekin batera.
2018. urtean telesailaren atal berriak grabatuko dituztela argi dute ETBk eta Pausokak. «Dagoeneko buruari bueltaka ari gara datorren urteko pertsonaiak eta tramak pentsatzen», esan du Elortegik. «Beste gorputz batekin hasten zara idazten, halako datu onak lortuta».
'Go!azen' %7,5eko kuotara iritsi da, ETBko fikzioko datu onena urteetan
Ostiralean %44,5eko ikusle kuota lortu zuen haurren artean. Urtezaharreko saioa egingo dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu