Zalantzarik gabe, Mozilla Firefox nabigatzailearen abantaila garrantzitsu bat aparteko gehigarriak eta funtzionalitateak garatzeko eta instalatzeko aukera da. Hori dela eta, ildo horri heldu diote beste nabigatzaile batzuek. Horien artean, Google Chrome nabigatzaileak; izan ere, sorreratik nabigatzaile horrek ahalbidetu du gehigarriak instalatzea.
Google Chromerako gehigarriak arakatzeko eta gustukoenak instalatzeko https://chrome. google.com/extensions/ webgunera jo daiteke. Hor hainbat hizkuntzatan ikusteko aukera dago. Hala ere, Firefoxen gehigarrien kasuan ez bezala, ez dago euskaraz ikusteko aukera. Gainera, gehigarriak aurkitzeko hainbat aukera daude, ohiko testu bilaketa erabil daiteke, hitz gakoen arabera aurkitu ahal izateko; zerrenda ezberdinak ere eskaintzen dira, hala nola gehitutako azkenak, gehien bozkatu direnak edo gehien erabili direnak.
GMail Checker
GMail (Googleren posta elektroniko zerbitzua) erabiltzailea izanez gero, Google Mail Checker gehigarri baliagarri bat izan daiteke. Behin instalatuta, nabigatzailearen goiko barran ikonotxo bat agertuko da, erabiltzaileak irakurtzeke duen mezu kopurua erakusten duena; ikonoan bertan klik eginda, erabiltzailearen GMailen sarrera ontzia kargatuko da zuzenean. Hau da gehigarri horren helbidea: https://chrome. google.com/extensions/detail/mihcahmgecmbnbcchbopgniflfhgnkff.
RSSetarako gehigarriak
RSS Subscription gehigarriaren bitartez, era azkar eta eroso batean gehitu ahal dira RSS jarioak gogoko on line RSS irakurlera. Automatikoki antzematen ditu RSS iturriak bisitatzen ari den webgunean, eta RSS iturriak egonez gero, nabigatzailearen helbide-barran ikono bat erakusten da. Ikono hori saguarekin sakatuz gero, dauden iturriak erakusten ditu, eta bakoitza aurreikustea ahalbidetzen du. Nahi izanez gero, RSS iturria gehitu ahal da gogoko on line RSS irakurlera. Hasiera batean lau web irakurle eskaintzen ditu lehenetsita: Google Reader, iGoogle, Bloglines eta My Yahoo. Hala ere, web irakurle gehiago gehitu ahal dira. Gehigarri hori hemendik instalatu daiteke: https://chrome.google.com/ extensions/detail/nlbjncdgjeocebhnmkbbbdekmmmcbfjd.
Horrez gain, Google Reader erabiliz gero, Google Reader Notifier gehigarriaren bitartez erabiltzaileak jakin ahal izango du irakurri gabe dituen artikuluak. Izan ere, nabigatzailearen goiko barran ikono bat agertuko da irakurri gabeko artikulu kopuruarekin, eta bertan klik eginda, irakurri gabeko artikuluak aurreikusten dira. Halaber, Google Reader ireki daiteke fitxa berri batean. Hau da gehigarri horren helbidea: https:// chrome.google.com/extensions/detail/apflmjolhbonpkbkooiamcnenbmbjcbf.
Webguneen argazkiak
WebPage Screenshot gehigarriak web orrialde osoen pantaila-argazkiak ateratzea ahalbidetzen du. Gainera, gorde aurretik bertan idatzi eta marraztu ahal da, informazioa bereizteko edo oharrak jartzeko, adibidez. Irudi horiek PNG formatu gisa gorde ahal dira. Probatzeko helbide honetara jo daiteke: https://chrome.google.com/extensions/detail/ckibcdccnfeookdmbahgiakhnjcddpki.
Google Share Button, gehigarri sozial bat
Google Share Buttonekin webguneak partekatu ahal dira sare sozial askoren bitartez eta posta elektronikoren bitartez, eta erabil daitezkeen baliabideen artean, hauek daude: Facebook, Twitter, GMail, Hotmail, Yahoo Mail, MySace, Digg, Delicious eta beste hainbat. Gehigarriaren helbidea hauxe da: https:// chrome.google.com/extensions/detail/idaeealfhcijmeigljaopafdapgijdcb.
Google Translate
Google Translate (https://chrome.google.com/extensions/detail/aapbdbdomjkkjkaonfhkkikfgjllcleb) gehigarriak detektatzen du ea erabiltzailea ikusten ari den webgunea nabigatzailean konfiguratua duen hizkuntzan dagoen, eta, bestela, bere hizkuntzara itzultzeko ikonoa erakusten du. Ikono horri sakatuta, webgunea bere hizkuntzan agertuko da.
Google Chromerako gehigarriak
Firefox aitzindaria izan bazen ere, era berean beste nabigatzaile batzuk bestelako funtzionalitateak eta gehigarriak txertatzeko aukera gehituz joan dira. Google Chromek aukera hori eskaintzen du ia sorreratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu