Martin Ziriza: «Gustatuko litzaidake irrati mundua asko jorratzea»

'Espaloian koska' musikari buruzko bideopodcasta egiten hasi da Ziriza Euskalerria Irratiarentzat. Bi astean behin, musikaren munduko bi gonbidatu izango ditu.

Martin Ziriza 'Espaloian koska' podcastaren aurkezlea. IÑIGO URIZ / FOKU
Martin Ziriza 'Espaloian koska' podcastaren aurkezlea. IÑIGO URIZ / FOKU
urtzi urkizu
2025eko maiatzaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Tatxers eta Borla taldeetako musikaria da Martin Ziriza (Iruñea, 1999). Kolaborazioak egin izan ditu Euskalerria Irratiarentzat. Losing Control podcastean ere aritzen da. Baina Espaloian koska du lehen egitasmoa aurkezle gisa.

Noren ideia izan da Espaloian koska saioa egitea?

Azken urteetan, buruan izan dut irratsaio bat edo podcast bat egiteko ideia. Euskalerria Irratian ere urteetan aritu izan naiz kolaboratzen, eta haiek ere hasi dira podcastekin gora eta behera. Proposamena egin nien, ondo hartu zuten, eta formatuari bueltak ematen hasi nintzen. Lehen ideia nuen ibaiekin jokatzea, eta ibaiaren sorreratik amaiera arte horren inguruan ibiltzen diren musikarien inguruan hitz egitea. Baina mugatua zen, eta alboratu genuen. Tatxers taldeko Jon Salinasek gomendatu zidan beste zerbait, eta hori ontzat jo dut. Hala eta guztiz ere, badut asmoa Bidasoa ibaiaren inguruan atal bat egiteko.

Zerbait originala egin nahi zenuen, ezta?

Ez nuen nahi ohiko elkarrizketak zituen podcast bat izatea. Musikaren inguruan dauden gaiak jorratzeko musika inguratzen duten pertsonekin hitz egitea da asmoa. Ataletan ez da askorik hitz egingo musikari horien musikaren inguruan, baizik eta gaien inguruan. Lehen atalean bakarlarien inguruan aritu ginen, eta bigarrenean pop musikaz aritu gara.

Zenbat atal egiteko asmoa duzu?

Ikasturtea amaitu bitartean, bost atal inguru egingo ditut. Uda ostean, hurrengo ikasturtean, bi astean behin egingo dut atal bakoitza. Atal guztietan bi gonbidatu egongo dira. Horrela, dinamikoagoa izango dela uste dut. Nik botatako galdera baten harira, elkarrizketa bat sortuko da hiruren artean.

Nafarroako musikariengana joko duzu, ala Euskal Herri osoko gonbidatuak izango dituzu?

Iruñean gaudenez, ziur aski Nafarroako gonbidatu asko etorriko dira. Baina asmoa da Euskal Herriko lurralde desberdinetako pertsonak etortzea. Asmoa dut Nafarroa Behereko musikariekin atalen bat egiteko, bertako errealitatea oso interesgarria baita. Saiatuko naiz Euskal Herri osoko gonbidatuak ekartzen.

Euskalerria Irratian jarri al dizute baldintzaren bat?

Ez, bakarra iraupena da. Atal bakoitza 45 minutu ingurukoa da. Gerta daiteke baten bat luzatzea. Gomendioen artean, esan didate zerbait informala egiteko. Musikazaleentzat ez ezik entzule multzo zabal batentzat ere izan daiteke saioa.

Musika generoetan sakontzeko asmoa duzu?

Bai, elkarrizketa batzuetako ildoa hori izango da. Poparen atalean, adibidez, asmoa da poparen inguruko errealitateak, iritziak eta aurreiritziak begiratzea. Ez dut uste gai oso espezializatuak landuko ditudanik. Nire helburua da solasaldia arina izatea.

Lehen atala Michael Jacksonen kanta batekin amaitu zenuen. Zeren arabera aukeratuko dituzu abestiak?

Beti elkarrizketatuen gomendioren bat jarriko dut. Baina, hala ere, atalak ez dira ardaztuko jarriko ditudan abestien arabera. Detaile bat baino ez da izango, eta ez dugu sobera hitz egingo jarritako kanten inguruan.

Martin Ziriza 'Espaloian koska' podcastaren aurkezlea.
Martin Ziriza 'Espaloian koska' podcastaren aurkezlea, Iruñean, joan den astean. IÑIGO URIZ / FOKU
Zer moduz sentitzen zara aurkezle lanetan?

Naiz irratian atal bat egin nuen musika gomendatuz, baina esperientzia hau berria da niretzat. Lehen atalean, espero nuen baino urduriago sentitu nintzen. Iraupenaz eta hurrengo galderez kezkatua nengoen, baina hori aldatu nahiko nuke. Arreta handiagoa jarriko diot elkarrizketan gertatzen denari, aldez aurretik prestatua dudanari baino.

«Elkarrizketaturen batek edo nik neuk euskañola erabili behar badugu, erabiliko dugu. Hori ez da izango muga bat, inolaz ere. Asmoa da denok eroso egotea»

Umorea egiteko euskañola erabiliko al duzue saioan?

Ni umorea euskaraz sartzen saiatuko naiz. Baina ez dut euskara formalik egin nahi, eta elkarrizketaturen batek edo neuk euskañola erabili behar badugu, erabiliko dugu. Hori ez da izango muga bat, inolaz ere. Asmoa da denok eroso egotea.

Entzule gisa, zer saio dira zure erreferenteak?

Argi eta garbi, Lore hostoak [EITB]. Atal guztiak entzuten ditut, eta eragin handia izan du nigan. Amets Arangurenek Durangoko Azokaren bueltarako aurkeztu zuen BaDAbil bideopodcasta ere oso gogoko dut. Bi horien eta Losing Control-en [Spotifyn eta Twitchen entzun daiteke] uztarketa bat da Espaloian koska.

Gogotsu zaude, beraz, hurrengo hilabeteei begira?

Bai. Nire ibilbidea hortik eraman nahi dut. Gustatuko litzaidake irrati mundua asko jorratzea, aukera izango balitz. Asko maite dut irrati mundua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.