Ekografiak. Jokin Labaien

Gutxieneko denbora

2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Agian saioak astebeteko iraupena izango du. Mundua ez da horregatik bukatuko». Marta Torneren hitzak dira. Adierazpenak abenduaren 20a baino lehen egin zituen. Egun hartan hasi zen Algo pasa con Marta izeneko saioa, La Sexta katean. Ostiralean izan zen azken emanaldia.

Ikusle datuei dagokienez, ahul hasi zen. Antzeratsu jarraitu zuen. Baita bukatu ere. Ez nau harritu, egia esan. Aurkeztu zutenean, lekukotasunak eta gazteen eztaibaidak bilduko zituela aurreratu zuten. Ez zitzaidan asko kosta muturra okertzea. Gehiegizko arrazoiketarik gabe, baina There´s something about Mary filmarekin eta El diario de Patricia saioarekin gogoratu nintzen. Lehen emanaldiaren biharamunean, Tele5ko Sálvame-ren estiloarekin lotu zuten prentsan adituek. Ez zen seinale ona.

Arratsaldeko bostetatik seietarako emankizunak lau tarte zituen. Martaren deia: inork arazorik balu, hari esan eta hark egingo luke irtenbidea ekarriko lukeen dei ezerosoa. Erronkak: Jackass-en antzera, jendearen erronka ausart, abenturazale eta originalen bideoen emanaldia. Zeinbizitzanazkagarria: ikus-entzuleen minak eta miseriak entzuteko unea, betiere barregarriena zein den erabakitzeko. Marta laguntza: esaterako halako esaldiekin bat egiten duten istorioak kontatzeko garaia; inoiz ez dut hainbesteko lotsarik pasa, eta, gainera, sarean jarri dute; azaleko albiste eta famatu izan nintzen egun batez; gezur arriskutsuak; historiako aitzakia onena; barre egiten diot krisiari; sare sozialek harrapatuta naukate...

Zer nahi duzue esatea. Saioaren porrotaz poztea krudela litzateke. Ez dut halakorik esango. Sentitu, ordea... Eta, hala ere, ikusitakoak ikusita, inor ez ginateke harrituko hain datu eskasak hain eskas ez balira. Zorte txarra? Ordutegia? Aurkezlea? Denak? Bat ere ez? Nork jakin...

Argi dago, ez diotela konfiantza tarte handirik eman. Hamalau emankizun aski izan dira ilusioa pizten ziena baztertu eta programazio berria aurkezteko. Atzo hasi baitzen, kate berean, hainbat proiekturen bidea. Urduri izango da bat baino gehiago. Egutegian, hamalau egun izango ditu markatuta, gutxieneko salbamendu denbora. Zaila da atzera kontaketaren presioari eustea, halako adierazpen baikorrak egiteko.

Biharko utziko dugu atzoko albistearen inguruko gogoeta, aztertzeko denbora eskatzen du eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.