Gorka Andraka: «Guztiak egin du eskuinerantz: bai alderdi politikoek, bai hedabideek»

Andrakak gidatzen duen 'Mar de fueguitos' irratsaioak 25 urte bete ditu berriki. Bilboko 97 irratian eta beste 30 irrati libretan baino gehiagotan entzun daiteke.

Gorka Andraka 'Mar de fueguitos' irratsaioko esataria, Bilbon, urriaren 10ean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gorka Andraka 'Mar de fueguitos' irratsaioko esataria, Bilbon, urriaren 10ean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Radio Euskadin hasi zen 2000. urtean Mar de fueguitos saioa egiten, baina EITBko zuzendaritzak kendu egin zuen 2004an. Bilboko Tas-Tas irratian egiten hasi zen gero, eta, irrati hori itxi zutenean, 97 irrati librera eraman zituen elkartasun su izpiak. Ohiko espiritu kritikoa izaten jarraitzen du Gorka Andrakak (Lemoiz, Bizkaia, 1968).

Nola ospatu dituzu Mar de fueguitos saioaren 25 urteak?

Urte asko dira, bai, baina modu diskretuan ospatu dugu. Irratiko jendearen artean gauza txiki bat egin genuen. 25. urteurreneko saio berezia ere egin genuen, Eduardo Galeanoren heriotzaren urteurrena baliatuta, baina ez besterik. Ekitaldi publikorik eta horrelako ezer ez, behintzat.

97 Irratiko jendeak esango du zerbait.

Ba, elkartu gara, eta kontu-kontari ibili naiz. Esan dezaket urtea amaitu baino lehen ekitaldi bat egingo dugula irratiko denboraldia aurkezteko. Bertan, Mar de fueguitos-en 25 urteez ere hitz egingo dugu.

Ez da ohikoena irratsaio batek 25 urte irautea eta pertsona berak egitea, gainera.

Bai, oso kontziente naiz, eta eduki berberekin. Duela 25 urte esaten nituen gauza berak esanez, bide batez. Baina mundua hain dago hankaz gora, ezen munduko normalena ematen duen.

Saioa Bilbon egiten baduzu ere, Hala Bedi, Eguzki, Txapa irratia, Zintzilik eta beste 30 irrati libretan entzuten da. Horrek ematen al dizu jarraitzeko motibaziorik?

Noski, nik irrati libreei eskerrak eman nahi dizkiet. Beste esparru batean daude, ez dute zerikusirik hedabide handiekin. Motibazioen artean dago beste leku batzuetan entzuten ez diren ahotsei tokia egin diezaiekezula. Eta, alde horretatik, ba, txikiek ere eskertzen dute beren ahotsa entzuna izatea. Kazetaritza beste modu batera egiten da irrati libreetan. Komunitate honi esker ateratzen dut energia pixka bat hainbeste urtez gauza bera egiten jarraitzeko.

Mar de fueguitos 2000. urtean hasi zen Radio Euskadin, irrati publikoan. Zergatik kendu zuen EITBk? 

Ba, irrati publikoan bost urte egon zen: udan garai batzuetan egunerokoa izaten zen, astelehenetik ostiralera; gero, beste garai batzuetan, asterokoa izaten zen. Perspektibaz ikusita, uste dut aitzakia kontu ekonomikoa edo edukiena izan zela, baina atzean zegoena zen programaren edukiak ez zitzaizkiola hainbeste interesatzen irratiari; konprometituegiak zirela orduan, duela 25 urte.

Alderdi politiko batek agintzen zuen EITBko zuzendaritza nagusian, eta orduan Andoni Ortuzar zen EITBko zuzendari nagusi.

Bai, Andoni Ortuzar zegoen; eta Iñigo Camino zegoen Radio Euskadiko zuzendari. Bueno, bien ibilbideak argi daude: non egon diren eta non jarraitzen duen bakoitzak, ba, eta ez da oso argia izan behar garai hartan EITB zer zen eta gaur zer den konturatzeko. Gogoan dut Radio Euskaditik alde egin eta urte gutxira PSE-EE Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzara iritsi zela, eta Radio Euskadi sozialisten esku gelditu zela. Gutun bat idatzi nion Radio Euskadiko zuzendariari, esanez nire programa kendu zutela, eta, tira, jakin zezaten... Eta baietz erantzun zidan, oso ondo, bazekiela hori. Hau da, PSEri ere ez zitzaion Mar de fueguitos interesatzen. Nahiko eszeptikoa naiz alderdi politikoen lanarekin eta boterearekin zerikusia duen guztiarekin.

Ia hamabi urte daramatzazu 97 irratian. Zer moduz doaz kontuak irratian?

Egoera oso zaila da. Beti izan da zaila irrati libre eta komunitarioentzat proiektuak zutik mantentzea, aurrera ateratzea. Baina uste dut urteekin gauzak gero eta okerrago daudela, proiektuei eustea asko kostatzen dela. 97 irratiak 82 bazkideri esker eusten dio bizirik; irratiak duen kapital apurrarekin, bizirik irauten du, hilean mila euroren gastuekin eta diru sarrerekin bizi baita. 97 irratia irekitzea erabaki zenean, esaten zuten ez zela bideragarria. Baina balantzea oso positiboa da; oso giro ona dago batzarrean, baina apaltasunez irratia bizirik mantenduz goaz.

«Botereekin oso lerrokatuta daude komunikabide handiak. Baina ustez ezkerrekoak eta alternatiboak diren komunikabide batzuek ere, elkartasunaz hitz egin bai, baina gero besteen mezu bera errepikatzen dute»

Palestinaren fokua hor dago, hain genozidio izugarria izanik. Irrati libreetan lekua dute oraindik gizarte mugimenduen borroka guztiek?

Duela urte batzuk, gobernuz kanpoko erakundeez hitz egiten zen, internazionalismoaz hitz egiten zen, baina orain denak eskuinerantz egin du; bai alderdi politikoek, bai komunikabideek. Palestinarekin gertatzen ari dena kontatzen denean ere, hedabide handiak nahieran ari dira kontatzen. Orain, adibidez, sinatu den bake plan horri buruz hitz egin da, eta, jakina, ez da bake plan bat, herri palestinarraren beste porrot bat da. Botereekin oso lerrokatuta daude komunikabide handiak. Baina ustez ezkerrekoak eta alternatiboak diren komunikabide batzuek ere, elkartasunaz hitz egin bai, baina gero besteen mezu bera errepikatzen dute.

Esan duzu hedabide batzuek eskuinera jo dutela. Baina badaude Arrosa irrati libreen sarea eta halako espazioak. Arrosa sarearen bidea nola ikusten duzu?

Bide bakarra da beste leku batetik antolatzea. Proiektuak muntatu behar dituzu. Eta boterearekin edo diruarekin zerikusia duen eremuetatik at edo periferiatik kudeatu behar dituzu. Ondotik, ahal bada, desberdinen artean elkartuz. Eta, finantzaketa lortzeko, denbora asko-asko behar duzu; herri kanpaina asko egin behar dira. Kontua da, nolabait, hedabide handietan erabakitzen dutela zein den agenda, zeri buruz hitz egiten duzun eta zeri buruz ez. 

Eskuin muturraren gorakadaz ere hitz egiten da irrati libreetan.

Egoerak okerrerantz egingo duela uste dut. Eta horrek badu loturarik egiten den kazetaritzarekin. Mila arrazoi daude jendea faxista egiteko, eskuin muturrari botoa emateko edo haren diskurtsoak hartzeko. Baina uste dut neurri batean komunikabideekin zerikusia duela, kontatzen ari garen diskurtsoekin, ematen ditugun edukiekin, jendea irakurtzen ari denarekin —sareetan ere bai—. Kazetariek eta komunikabideek badute erantzukizun bat; errua besteei botatzen diegu beti, baina, horrek, neurri batean, kontatzen ari garenarekin ere badu zerikusia. Eta horrek zerikusia du gaur egun kazetaritza egiteko dagoen moduarekin ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.