'Habana' soinu fikzio-lana estreinatuko du gaur Naiz irratiak

1937. urtean Euskal Herriko ehunka haur 'Habana' itsasontzian Erresuma Batura bidali zituztenekoa eta telegrama batzuk ditu oinarri podcastak. Goiuri Ezeizak sortu du.

'Habana' itsasontzia. UNIVERSITY OF SOUTHAMPTON
'Habana' itsasontzia. UNIVERSITY OF SOUTHAMPTON
urtzi urkizu
2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Abiapuntu historikoa duen soinu fikzio-lan berezi bat sortu du Goiuri Ezeiza Bigarren kafea irratsaioko esatariak Naiz irratirako. Habana du izena saioak, eta gaur estreinatuko dute aurreneko atala. Ekainaren 27an iritsiko da bigarrena, eta uztailaren 4an zabalduko dute hirugarrena eta azkena.

Euskal Herriko haurrak 36ko gerraren garaian Erresuma Batura eramateko erabili zuten itsasontzi baten izena zen Habana, Kubako hiriburua izateaz gain. «Duela bost urte inguru, Wilfred Roberts Erresuma Batuko diputatuaren oinordekoek gutun batzuk eraman zituzten hango artxibategi batera. Eta han bertan agiri asko zeuden elkarrekin lotura zutenak», kontatu du Ezeizak. Robertsek berak eta Lea Manin izeneko emakume batek bidalitako gutunak eta telegramak zeuden paper haien artean. Hain zuzen ere, Ezeizak gogoratu duenez, Manin 36ko gerran Bilbora joan zen Erresuma Batutik, gerratik ihesi zebiltzan familietako haurrak Ingalaterrara nola bidali antolatzeko. 

Duela urtebete inguru, Ezeizak artxiboko agiri haiekin egin zuen topo ―digitalizatuta daude, Basque Children of 800 erakundeari esker―. Interneten arakatzen ari zela aurkitu zituen Bigarren kafea irratsaioko esatariak. Material horrekin, lehenbizi erreportaje bat egin zuen irratsaiorako. «Baina hor kontatzen zen guztia ikusita, pentsatu genuen soinu fikzio osatuago bat egin zitekeela, eta horregatik ekin genion podcast bat egiteari».

'Habana' fikziozko podcasta Naiz irratikoa
'Habana' podcastaren afixa. NAIZ IRRATIA

Fikzioaren abiapuntua Robertsen eta Maninen artean idatzitako telegramak dira. «Pentsatu nuen gutun horietan zegoena kontatu beharrean antzerki moduan fikzionatu zitekeela historiaren parte hori».

Gertuko ahotsak

Soinu fikzioaren lehen atalak testuingurua ematen du. «Zer ari zen gertatzen nazioartean 1937. urtearen bueltan». Britainiar haiek Gernikako (Bizkaia) bonbardaketaren berri nola izan zuten ere kontatuko dute. Bigarren atalean, Lea Manin Bilbora iristen den momentua irudikatzen da. «Eta nola hitz egin zuen Eusko Jaurlaritzakoekin, haurrak Ingalaterrara bidali ahal izateko. Robertsekin duen harremana ere tartekatuko da». Hirugarren atalean, berriz, Euskal Herriko neska-mutiko ugari Habana itsasontzian nola bidali zituzten kontatuko du soinu fikzioak. «Hainbat lekukotza lortu ditugu Basque Children of 800 erakundeari esker, eta, horiei esker, haur haien bidaia nolakoa izan zen kontatuko dugu».

Ahotsa jartzen aritu dira Jokin Aldazabal eta Xabi Ormazabal, baita Naiz irratian ardura lanak dituzten Iker Gurrutxaga eta Maite Bidarte ere. Ahotsa jarri dute Bittori Egañak eta Kontxita Beitiak ere. «Azken horrek esan digu uste duela bere osaba Habana-n joan zela Ingalaterrara». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.