Telebistako lehen esperientzia du TrikitiTrip Patrik Larralde musikariak (Paris, 1976). Frantziako hiriburuan hazi zen; guraso euskaldunekin Euskal Etxera joaten zen sarri. Badira urte batzuk, hala ere, Euskal Herrian bizi dela: Angelun (Lapurdi) eta Gamarten (Nafarroa Beherea) bizi izan da, eta Donibane Garazin da egun.
Nola sortu zen TrikitiTrip egiteko ideia?
Trikitilari gisa, banenbilen galdetzen ea musika tradizionalak zer leku duen. Erantzunik gabe, Euskal Herritik kanpo bila abiatzea pentsatu nuen. Beste herrialde batzuetara joz, agian hobeki ulertu ahalko nuen.
Nola joan zen Kanalduderekin harremana?
Hasierako ideia zen ni bakarrik joatea, eta neronek grabatuko nituela musikariak Europako ekialdeko herri batzuetan. Baina Kanaldudekoek esan zidaten ezetz, proiektua sobera ederra zela, eta hobe zela aitzinetik ongi prestatzea. Bestetik, badut lagun bat musikaria eta kameraria, Stephane Etxegarai, eta proiektuari buruzko interesa zuela esan zidan. Abentura guztia filmatzeko prest agertu zen. Thierry Predaigne lagunari proposatu genion soinu lanak egitea, eta taldera batu zen.
Donibane Garazitik abiatu zineten. Nondik nora ibili zineten?
Bidaiaren lerro bat marraztu nuen, Sofiaraino. Amaieran Bulgariako musika talde batekin elkartu nahi nuen. Bidean, Italian, Istrian [Kroazia] eta Balkanetan ibili ginen. Istriako kostaldean, adibidez, musikari interesgarri bat elkarrizketatu genuen.
Hainbat hizkuntza entzuten dira dokumentalean.
Bai, ibili ginen tokiak biziki aberatsak ziren. Izan ere, toki askotatik iritsitako jendea bizi da toki horietan. Ekialdetik, iparraldetik, hegoaldetik... joandako jendea bada han. Kultura horiek guztiak nahasten dira dokumentalean. Baita, noski, musika eta musika tresnak ere. Biziki interesgarria izan zen. Istrian, adibidez, historia berezia dute: izan dira Italiaren parte, izan dira Esloveniaren parte, Jugoslavia ohikoak... eta orain Kroazian dago. Hizkuntz anitz bada han.
Europan topatu dituzun herritarrek ba al dute kontzientzia musika tradizionalak kulturan duen garrantziaz?
Tokiaren araberakoa da hori. Adibidez, Errumaniako eremu batean musika tradizionala ez da existitzen bere horretan, ez behintzat izen horrekin. Haiek musika jotzen dute, besterik ez, baina badituzte musika pieza bereziak gertakari zehatz batzuetarako. Friulin [Italia], berriz, museoko musika jotzen dutela esan dezakegu, hau da, arbasoek jotzen zuten musika gorde dute, baina ez da lotua eguneko biziari. Hala ere, antolatzen dituzte ekitaldi batzuk musika hori jotzeko. Musika tradizionalaren kontzeptua oso mendebaldekoa dela ondorioztatu dut. Askoren hiztegian ez da existitzen.

Baina zuk gurera ekarria duzu hausnarketa.
Gure bizimoduak asko aldatu dira. Euskara edo naturarekin dugun harremanari begiratu behar diogu; euskaraz mintzo garenak ez gara gehiengoa Euskal Herrian. Musika tradizionala ere berdin da: gizartea urrundu egin da bizimodu honetatik, eta musika tradizionalak ez du betetzen funtzio bera. Modu berri batean bizi da orain.
Esku soinuaz zer galdetzen zizuten herri horietan?
Galdetzen zidaten ea nondik nentorren. Batzuek bazekiten Euskal Herria zer zen, eta beste batzuek ez. Trikitia beste musika batzuekin batera jotzea, uztartzea, zaila zen. Erritmoaz bazituzten galderak Balkanetan: gure erritmoak erregularrak baitira, eta haien musikakoak ez-erregularrak dira. Zazpi eta bederatzi denborakoak dituzte. Kuriositatea bazuten gure musikarekin, interesa gurekin gauzak egiteko.

Maiatzeko lehen hamabostaldian hainbat zinema gelatan eman dute dokumentala. Nola joan ziren emanaldiak?
Biziki ongi, publikoak ederki hartu zuen. Galdera asko egiten zizkidaten. Eta deiak jaso ditut ondotik, gaiaz gehiago solastatu nahi zutela esanez. Publikoak biziki ondo errezibitu du lana. Bulgariako Flying Nomads taldearekin kontzertuak egin genituen, gainera.
Jarraipena izango al du TrikitiTrip-ek?
Bai, folk elkarte batera jo nuen bidaia hau hasi aurretik, eta ondotik erantzun gehiago jaso ditut. Iparretik eta hegoaldetik jaso ditut erantzunak, baita Argentinatik ere. Aukera bat izan daiteke Europa iparraldera jotzea. Eta badut beste proposamen bat ere Afrikan bidaia egiteko. Afrikako musikarekin zerbait egitea ederra litzateke. Asmoa dut horrelako bidaia gehiago egiteko. Beti da interesgarria beste kultura batzuk ezagutzea eta ulertzea, eta gurearekin trukatzea. Gure kultura ere hobeto uler dezakegu modu horretan. Gogoa, behintzat, badut.