'Hamaika esateko jaioak', jendeari ahotsa emateko

Astelehenetik ostegunera ematen ari dira saioa, ETB1en, 21:30ean. Atal bakoitzean gai bat jorratzen dute, hamar minutu inguruan

Hamaika esateko jaioak saioko partaideetako bat, grabaketan. MARMOKA FILMS.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Iragan astean abiatu zen Hamaika esateko jaioak saio berria ETB1en. Astelehenetik ostegunera ematen ari dira programa, gauez, hamar minutuko pilulatxoetan. Gai askotarikoak mahaigaineratuko dituzte, eta, saio bakoitzean bost pertsona anonimok emandako testigantzei esker, euskal gizartean gaur egun existitzen diren errealitate ezberdinak ezagutarazteko asmoa dauka saioak.

EITBk eta Marmoka ekoiztetxeak elkarlanean egindako saioa da EITBren apustu berria. Astelehenetik ostegunera bitarte ematen ari dira, 21:30ean, eta hamar minutu inguruko saioak dira. Arratsaldean ere errepikapenak ematen dituzte ETB1en. Gentzane Martinez ekoizpen lanetan aritu da, eta saioaren gako batzuk aipatu ditu. Haren hitzetan, ez da bereziki «aktualitateari lotuta dauden gaiei buruz hitz egiteko saio bat», baizik eta edozein gai plazaratzekoa. Horretarako, elkarrizketa txikiak egiten dituzte, kaleko jendearekin, eta edonork parte hartu dezakeela azpimarratu du.

Asmoa argia da. Euskal Herriko jendeari ahotsa ematea du helburu saioak, «jatorri, adin, genero eta orientazio sexual desberdineko jendeari». Nahita eginda dagoen zerbait dela dio Martinezek: Gai bat aitzakia hartuta, Euskal Herrian dagoen «gizarte aniztasunaren isla» izan nahi du saioak. Atalak hamar minutukoak izanda, ez da erraza gai batzuk hain denbora gutxian lantzea. Hori badaki Martinezek, baina hori da programaren erronka nagusia. Hala ere, ez dute gai batean murgildu nahi: «Helburua ez da gai batean sakontzea. Zenbait testigantza biltzea da asmoa, ikuspuntu desberdinekin. Gaiarekin, guk amua botako diegu ikusleei, gero ondoan dituztenekin horren gainean hitz egiten jarrai dezaten».

Herritarrei ahotsa emateko, partaideen bilaketa garrantzitsua da. Horretarako bi pertsona ari dira lanean, saioan parte hartu nahi dutenen bila.

Umorea da saioaren beste gako bat. Umorez egindako saio batda, eta inolako iragazkirik gabe erantzuteko eskatzen diete partaideei. Hor dago saioaren zailtasun nagusia, Martinezen iritziz. «Jendeak zailtasunak izaten ditu kamera baten aurrean bere bizipenak kontatzeko, eta are gehiago umorea erabili behar badute».

Saioak 32 atal behintzat izango ditu. Lehen hamabiak grabatuta daude, eta hurrengo hamabi saioak grabatzen ari dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.