Ikus-entzunezkoak

Hamaikak 'Karpeta urdinak' dokumentala emango du gaur

Hamaikak dokumental bat emango du hilean behin. Aurrenekoa torturaren ingurukoa da.

'Karpeta urdinak' dokumentala.
'Karpeta urdinak' dokumentalaren fotograma bat. MIROKUTANA
urtzi urkizu
2024ko otsailaren 7a
05:00
Entzun

«Karpeta urdinak dira egiaren sinboloa, hemen pasatu denaren froga, eta inork auzitan jar ezin dezakeena». Hala dio Ander Iriarte zinemagile eta ekoizleak. Eusko Jaurlaritzak, Bake eta Bizikidetza Planaren barnean, 1960tik 2014ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan ziren torturak eta tratu txarrak biltzeko egin zuen ikerketa oinarri hartuta, Karpeta urdinak dokumentala zuzendu zuen Iriartek. Pako Etxeberria auzi medikua eta haren taldea zen ikerketa horren atzean, eta horri atxiki zitzaion zinemagilea filma egiteko. Proiektuan parte hartu zuten mediku, psikologo, psikiatra eta abokatuekin elkartu zen Iriarte. Haiek erakutsiko diote nolakoa den tortura psikologikoa, eta zer diren Istanbulgo Protokoloa eta hurbilketa estatistika kontzeptua. Bide luzea egin du dokumentalak azkeneko urte eta erdian, eta gaur Hamaika telebistak emango du, 22:00etan. Otsailaren 13tik aurrera, berriz, ekoizleek dokumentala libre jarriko dute Interneten —Youtuben—. Eta, egun horretatik aurrera, Hamaikaren webgunean ere noiznahi ikusi ahalko da.

ETBk erosiak ditu dokumentala emititzeko eskubideak, baina ez ematea erabaki du oraingoz. Kanaldude telebistak, berriz, emititu du dagoeneko eta bere webgunean ikus daiteke euskarazko azpidatziekin —lekukotza batzuk gaztelaniaz dira—.

Donostiako Zinemaldian Zinemira sailean estreinatu zuten Karpeta urdinak dokumentala. Iriartek orduko hartan aipatu zuen harrituta gelditu zela torturaren dimentsioarekin, tamainarekin eta sofistikazioarekin. Geroztik, dokumentalaren ehun emanaldi baino gehiago egin dituzte munduko hamalau herrialdetan. Nazioarteko 23 jaialditan parte hartu du. Zazpi sari jaso ditu, eta Boliviako Senatuaren aitortza. Emanaldi horien bostetik lautan Iriarte bera tokian-tokian izan da, eta torturaren gaia hizpide izan du emanaldien osteko solasaldi askotan. Europan ez ezik, Ameriketan ere eman dute filma: Argentinan, Bolivian, Kolonbian, Mexikon eta Perun. Asian, berriz, Bangladeshen.

Karpeta urdinak dokumentalaren trailerra.

Mirokutana ekoiztetxerekin abiarazi zuen egitasmoa Iriartek. Gastibeltzak Filmak batu zitzaion gero. Babesleen artean BERRIA dago —2023ko ekainaren 26tik uztailaren 2ra BERRIAlagunek ikusi ahal izan zuten, esklusiban—. Hilaren 13tik aurrera, berriz, Youtuben edonork ikusi ahalko du, eta lau hizkuntzatan: euskaraz, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz. Iriartek iragarri duenez, aurrerago italieraz ere jarriko dute dokumentala; aurretik, bira txiki bat egingo du filmarekin, Sardinian.

Hamaikaren eskaintza

Hurrengo hilabeteetan, askotariko dokumentalak eta filmak ikusi ahalko dira Hamaika telebistan. Tartean izango dira 846 KM, Lehen saiakera, Oihaletxea eta Aitor Zabaleta 25 urte. Azken hori Interneten ikus daiteke, osorik —Madrilen duela 25 urte erail zuten Realeko zalearen inguruko lana da—.

Aitor Zabaleta 25 urte dokumentala, osorik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.