Hamaikaren eta 'Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza'-ren balio soziala nabarmendu dute ikerketa batean

Ane Zuazubiskar eta Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleek ikerketa bat egin dute euskarazko bi komunikabide horien balio sozialaz. Behategiaren urtekarian eman dute horren berri.

Ainhoa Jauregi Hamaika telebistako zuzendaria, 2024ko urriaren 9an, Zarautzen. JON URBE / FOKU
Ainhoa Jauregi Hamaika telebistako zuzendaria, 2024ko urriaren 9an, Zarautzen. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2026ko apirilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

BERRIA, Goiena, Argia eta Alea hedabideen balio soziala neurtzen aritu ostean, Ane Zuazubiskar Iñarra eta Eneko Bidegain Aire Mondragon Unibertsitateko ikerlariek Hamaika Telebista eta Lea Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza ikertu dituzte: hedabide horien 2024ko balio soziala ikertu dute, arreta handiena balio kualitatiboan jarrita.

Badira euskarazko bi komunikabide horien inguruko datu deigarri batzuk. Kasurako, Lea Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-ri dagokionez, Mondragon Unibertsitateko ikerlariek diote hedabidearen aktibitate ekonomikoak berak sortzen duela balioa: ordaindutako soldaten bidez, BEZaren bidez, irabazien gaineko zergen bidez... «Balio sozioekonomikoa neurtzeko, zeharkako eraginen balio ekonomikoa hartzen da kontuan, hala nola hornitzaileei ordaindutakoa. Kasu horretan, jasotako euro bakoitzeko bi itzultzen dizkio gizarteari».

Hamaika Telebistak, berriz, 1.121.769 euroko laguntza jaso zuen urte berean. «Eta aktibitateak berak sortutako itzultze sozioekonomikoa 2.219.935 eurokoa da. Hots, jaso duen laguntza baino 2,98 aldiz gehiago itzultzen dio gizarteari (dirulaguntzak kontuan hartuta)».

Ikerlariek bi komunikabide horien gaineko hainbat eremu aztertu dituzte: euskararen sustapena, gertutasuna eta kazetaritzaren kalitatea, baliabideen eraginkortasuna eta profesionaltasuna, artxiboa eta memoria, euskal kulturaren sustapena, eragileekin eta beste hedabide batzuekin landutako elkarlana eta kazetaritza arloko formazioa, besteak beste.

Balio nagusiak  

Euskarazko bi komunikabide horien balio soziala neurtzeko orduan, interes taldeek azpimarratzen dituzten balio nagusiak, batetik, lurraldetasunari eta eskualdeko kohesioari lotutakoak direla ondorioztatu dute ikerlariek. «Hamaikak Euskal Herri mailako lurraldetasunaren beharrei erantzuten die, eta Hitza-k bere eskualdeari. Hitza-ren kasuan, Lea Artibai eskualdea azaltzen da batetik, eta Busturialdea bestetik, baina eskualde horien kohesioan laguntzen dute». Bizkaiko bi eskualde horiez gain, Mutrikuko (Gipuzkoa) albisteak ere lantzen dituzte hedabide horretan.

Euskararen sustapenari eta euskal kulturaren hedapenari dagokionez, ikerlariek azaldu dute biek sortzen dutela balioa euskararentzat eta euskal kulturarentzat. «Hamaikaren kasuan, gehiago aipatzen da kultura; eta Hitza-ren kasuan, euskarazko alfabetatzea».

Beste eragile batzuekin duten harremana eta elkarlana da errepikatzen diren beste balioetako bat. «Elkarlan hori mesedegarri izaten da bi norabideetan. Bestalde, gertuko kazetaritza txalotu dute interes taldeek, bi kasuetan».

Era askotako ekarpena

Zuazubiskar eta Bidegain ikerlariek diotenez, atera dituzten ondorio nagusiek berretsi egiten dute aurreko ikerketatik atera zuten ideia nagusia: «Batetik, euskarazko hedabideek funtzio garrantzitsua betetzen dute lurralde eta eskualde ikuspegiaren garapenean eta eskualde horretako komunitatearen kohesioan, eta nazio ikuspegiaren zaintzan». Halaber, azterketa egin dutenek azaldu dute Hamaika eta Lea Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza «ezinbesteko tresnak» direla euskararen hedapenean, euskararen irakaskuntzan edo alfabetatzean, eta euskalgintzaren sustapenean. Kulturaren alorrean ere ondorio berak atera dituzte. 

Bi komunikabide horien ekarpenaren bueltako ondorio gehiago ere badira. «Adibidez, gizarte ekintzetan duten eragina nabarmendu daiteke. Gizarte eragileekin duten elkarlana edo kezka sozialei buruzko informazioen zabalkundea osagai garrantzitsuak dira, euskarazko hedabideen balio soziala neurtu dugun ikerketa guztietan agertu den bezala». Hamaikak hezkuntzaren arloan eta Hitza-k memoria historikoaren eremuan egiten duten lana ere goraipatu dute interes taldeek.

Euskarazko komunikabideen balio soziala ikertzen ari direla, Bidegainek eta Zuazubiskarrek honako tesi hau dakarte: «Agerian gelditu da euskarazko komunikabideek, baliabide mugatuak izanik ere, era askotako ekarpena egiten diotela gizarteari. Ez balira existituko, funtsezko zeregin batzuk bete gabe geldituko lirateke edo erakunde publikoek bestelako inbertsio handi batzuk egin beharko lituzkete hutsune hori betetzeko».

Behategiaren Euskal Hedabideen 2025-2026 urtekarian, ikerketa horren inguruko xehetasunak eman dituzte Mondragon Unibertsitateko ikerlariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA