Komunikazioa

Hautagaiak hiru kazetariren galderei erantzuten gaurtik aurrera Hamaikan

Pello Urzelaik, Arantza Zugastik eta Iñaki Sotok Laura Mintegi elkarrizketatuko dute gaur, 22:00etan

urtzi urkizu
Donostia
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen inguruko saio bereziak egingo dituzte datozen egunetan Hamaika telebistan. Alderdi nagusien lehendakarigai eta ordezkariak Hamaikako platoan izango dira, BERRIA, Noticias taldea eta Gara-ko kazetarien galderak erantzuteko. Gaur 22:00etan egingo dute aurreneko elkarrizketa, EH Bildu koalizioko lehendakarigai Laura Mintegirekin. Naroa Iturrik gidatutako emanaldian, elkarrizketatzaileak Pello Urzelai (BERRIA), Arantza Zugasti (Noticias de Gipuzkoa) eta Iñaki Soto (Gara) izango dira. Bihar PSEko Idoia Mendiaren txanda izango da. Galderak egiten Pello Urzelai, Iñaki Soto eta Julio Iturri (Noticias de Alava) ariko dira. Ostiralean, Ezker Anitza alderdiko lehendakarigai Mikel Arana izango da elkarrizketatua. Galderak egiten Urzelai, Soto eta Iturri ariko dira. Azken elkarrizketa astelehenean izango da, EAJko lehendakarigai Iñigo Urkullurekin. Urzelai eta Sotorekin batera, Deia-ko zuzendari Bingen Zupiria ariko da galderak egiten. PPri egin dio gonbita Hamaikak, baina alderdi horretako arduradunek erantzun dute ezin direla Hamaikara joan agenda arazoengatik. Aipatutako lau elkarrizketak, Hamaikaren seinalean emateaz gain, www.berria.info eta www.hamaika.tv webguneetan zuzenean ikusi ahalko dira.

Datorren astean, berriz, Hamaikaren Gurean gaur saioan egingo dituzte elkarrizketak alderdietako ordezkariekin: astelehenean Ezker Anitza, asteartean PP, asteazkenean PSE, ostegunean EH Bildu eta ostiralean EAJ. Hilaren 17an, asteazkena, Esatea libre berezia aurkeztuko du Naroa Iturrik. Mahai inguru horretan, EAJ, EH Bildu, PSE, PP eta Ezker Anitzako ordezkariek hartuko dute parte.

Hauteskunde egunean, hilak 21, Hamaikak saio berezia egingo du zuzenean. 20:00etan hasi eta 23:00ak bitartean etengabe datuak emango dituzte. Platoan soziologoak eta politologoak izango dituzte. Alderdi politikoen egoitzetan izango dira Hamaikako kazetariak. Saio berezi hori Inaxio Esnaolak eta Nagore Uriartek aurkeztuko dute, eta Berria.info-n ere ikusteko modua izango da.

Lau eztabaida ETBn

ETBn bina eztabaida egingo dituzte kate bakoitzean. Gaur ETB2n egingo dute aurrenekoa (22:30). Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuta, hauek izango dira parte hartzaileak: Andoni Ortuzar (EAJ), Isabel Zelaa (PSE), Arantza Quiroga (PP), Oscar Matute (EH Bildu), Jose Navas (Ezker Batua) eta Gorka Maneiro (UPD). Radio Euskadin entzun ahalko da eztabaida, baita www.eitb.com-en ikusi ere. Bihar ETB1en Ander Arzakek aurkeztuko du eztabaida, 22:15ean. Honako hauek izango dira solaskideak: Joseba Egibar (EAJ), Jon Azkue (PSE), Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu), Laura Garrido (PP), Gorka Maneiro (UPD) eta Alba Gutierrez (EB).

Datorren astean EAJ, PSE, PP eta EH Bilduko hautagaiekin egingo dituzte eztabaidak. Hilaren 17koa Dani Alvarezek aurkeztuko du ETB2n, eta hilaren 18koa Ander Arzakek ETB1en. Azken eztabaida horretan lehendakarigai bakarra egongo dela aurreratu zuen atzo Twitterren EHEk, Iñigo Urkullu EAJko hautagaia, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.