Udal eta foru hauteskundeak egingo dituzte gaur Hego Euskal Herrian. Euskarazko komunikabideek ahalegin berezia egingo dute datuak modu egokian eman eta ikuspuntu ezberdinak plazaratzeko. Hona hedabide bakoitzaren eskaintza:
BERRIA
Bozkalekuak irekitzen direnetik, webgunean egunaren nondik norakoak jasoko dira. Boto zenbaketa hastearekin batera, 20:00etatik aurrera, emaitzak ikusteko grafiko bereziak jarriko ditu webguneak. Zenbatu ahala berrituko dira datuak. Gaindegiarekin egindako emaitzen mapa interaktiboa ere ikusi ahal izango da, herri bakoitzean nork irabazi duen eta alderdi bakoitzak non irabazi duen ikusteko, modu azkar eta argian; boto zenbaketa erdian eta amaieran eguneratuko da. Beste grafiko batean arreta berezia eskainiko zaie Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei. Sare sozialetan presentzia indartuko du BERRIAk honako etiketa hauek erabiliz: #M24, #M24Nafarroa, #M24Araba, #M24Bizkaia eta #M24Gipuzkoa.Hauteskunde gaueko zuzeneko kontakizuna ere egingo dute BERRIAko kazetariek, kanpainan erabili duten Kaieraren bitartez. Euskalerria irratiaren saioa entzungai izango da (20:00). Gainera, Hamaikaren zuzeneko saioa ikusi ahalko da webgunean, 22:00etatik 23:30era. Bihar papereko egunkaria argitaratuko du BERRIAk, Hego Euskal Herriko herri eta hiri guztietako emaitzekin.
HAMAIKA TELEBISTA
Inaxio Esnaolak eta Irati Sarasuak aurkeztuko dute saio berezia, 22:00etatik 23:30era —Hamaika.eus webgunean ere zuzenean ikusi ahalko da—. Esnaolak unean uneko datuak emango ditu, herri, hiri eta herrialdeetakoak. Sarasuak mahai ingurua gidatuko du, solaskide hauekin: Joxe Felix Azurmendi kazetaria, Karmelo Landa Sortuko kidea, Iñaki Zarraoa EAJko kidea eta Pello Urzelai BERRIAko IKT arduradun eta Politika saileko koordinatzaile ohia. Telefonoz jasoko dituzte baita ere BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi, Gara-ko zuzendari Iñaki Soto eta Deia-ko zuzendari Bingen Zupiriaren analisiak.
ETB1
Maddalen Iriartek eta Xabier Usabiagak 20:00etatik aurrera aurkeztuko dute saio berezia. Haiekin batera, datuak aztertzeko platoan izango dira Pili Kaltzada eta Gaizka Aranguren kazetariak, baita Asier Blas eta Eider Alkorta politologoak ere. Zuzeneko konexioak egingo dituzte alderdietako egoitzekin.
EUSKADI IRRATIA
Oihane Yustosek gidatuko du hauteskunde gaua euskarazko irrati publikoan. Datuen analisia egiteko gonbidatuak Joseba Arruti, Ainhoa Larrañaga eta Fabian Laespada izango dituzte mahaiaren bueltan. Ivan Gimenez soziologoarekin, bestetik, arreta bereziz begiratuko dituzte Nafarroako emaitzak.
INFO7
Urruñatik (Lapurdi) egingo dute saioa 19:00etatik aurrera, Jon Mikel Fernandez gidari dela. Alboan Gotzon Elizburu eta Iñaki Altuna izango ditu solaskide. Konexioak hiriburuetan egingo dituzte Eider Olazarrek, Amaia Zurutuzak eta Oinatz Aizpuruk. Unitate ibiltaria Iruñeko Zentralen izango da, EH Bilduk botoen zenbaketa egingo duen lekuan. Maite Bidarte esatariak hainbat kolaboratzaile izango ditu gertu datuak aztertzeko. Hala Bedi irratiarekin deskonexioak egingo dituzte, Arabako berriak gertutik jarraitzeko. Saioa euskaraz izango da, nahiz eta elkarrizketa batzuk gaztelaniaz egingo dituzten.
EUSKALERRIA IRRATIA
Mikel Bujanda irratiko zuzendariak gidatuko du saio berezia, 20:00etatik aurrera. Lantalde osoa izango da martxan, eta alderdi eta koalizioen egoitzetako giroa jasoko dute. Estudioan, berriz, emaitzak aztertzen izango dira Patxi Zabaleta, Fermin Erbiti eta Carlos Vilches.
'HITZA'
Eskualdeetako Hitza-k paperean argitaratuko dira astelehenean, herrietako emaitzekin. Horrez gain, eskualdeetako Hitza guztiek hauteskundeen inguruko informazioa emango dute gaur eta bihar.