Komunikazioa

HBOren 'Game of Thrones' telesaila asteartetik aurrera Antena3en ikusgai

Iazko apirilean AEBetan estreinatu zenetik, telesailak sekulako arrakasta izan du nazioartean

Sean Bean da aurreneko denboraldiko protagonistetako bat, Eddard Ned Stark-en rolean. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Telebistan irekian estreinatu dutenerako, telesail asko jada ikusiak dituzte internautek. Batez ere, ekoizpena kalitatezkoa bada eta jendearen ahotan badabil. Fenomeno horren adibide argia daHBO katearen Game of Thrones telesaila. Astearte gauean estreinatuko dute Antena3 katean; lehenengo bi denboraldiak ordainezko Canal+ kateak emanak ditu; hirugarrena 2013an helduko da. Eta euskal internauten artean makina bat dira bi atal horiek ikusi dituztenak.

Twitterren ostegun arratsaldean telesailaren inguruan galdetuta, erantzun dezente iritsi ziren. Batzuk liburuak ari dira irakurtzen, eta beste batzuek orain arte egindako atal guztiak ikusi dituzte. Ion Pagoaga historialariak honako txioa idatzi zuen:«Jendeak dio liburuak arrunt interesgarriagoak direla, baina nik telesaila asko datsegit». Eñaut Barandiaran gidoigileari gustatu zaio, baina Antena3eko iragarki kopuru handiak zalantzak sortzen dizkio. Era berean, Mikel Pagadizabal umoregileak honako hau erantzun zuen: «Bai, engantxatzen du. Orain, Antena3eko publizitate mozketekin ez nago seguru». Lander Arbelaitz Argia.com-eko arduradunari gustatu zaio: «Ni ez naiz serie zalea, baina hau ikusiz gozatu dugu etxean!». Aritz Olagoi kirol psikologoarentzat telesailak merezi du, «zalantzarik gabe».

Zer du ba Game of Thrones-ek jendea erakartzeko? George R. R. Martinen A Song of Ice and Fireeleberriaren fantasiazko mundua. Lurralde basatiz betetako erreinuak, borrokak, magia, izaki harrigarriak...eta Europako Erdi Aroarekin antzekotasunak dituen testuingurua, irudiz zein jantziz.

Poniente izeneko fikzioko kontinente batean garatzen dira trama gehienak. Negu luze luzeak izaten dira eremu horretan. Burniko Tronotik Targaryen dinastikoak kendu zituzten gerra zibilean. Handik 15 urtera, Invernaliako Eddard Ned Starkek (Sean Bean aktorea) Erregearen Eskua kargua onartuko du. Zazpi Erreinuen hiriburuan, sekretu trama korapilatsu batean murgilduko da Stark. Itsasoaren bestaldera, Targary familiako Daenery gaztea Dothrakien liderrarekin ezkonduko dute, Khal Drogorekin. Asmoa aliantza bat sortzea da, Burnizko Tronoa berreskuratzeko. Ipar partean garatzen da hirugarren istorioa. Negua gertu dago, eta hainbat gertaera harrigarri izango dira.

Sariak pixkanaka pilatzen

Aurrekontu handiko ekoizpena da Game of Thrones. Lehen denboraldiak 60 milioi dolarreko kostua izan zuen. Atalen zuzendariak ez dira bat edo bi. Honatx zerrenda: David Benioff, D. B. Weiss, Timothy Van Patten, Brian Kirk, Daniel Minahan, Alan Taylor eta Neil Marshall. Baina ikusleen eta kritikaren oniritzia jaso ostean, esfortzua HBOrentzat probetxugarria izan dela esan daiteke. Sariak ari da jasotzen, eta ez garrantzi gutxikoak: iaz Emmyetan 11 izendapen jaso zituen nahiz eta azkenean bakarrik bi eraman; horietako bat Peter Dinklage aktorearentzat (Tyrion Lannister gnomoaren rola jokatzen du). Dinklagek berak Urrezko Globo bat jaso zuen, eta Satellite Awards-etan ere saritu zuten. Georgiako Unibertsitateak, berriz, Peabody saria eman dio telesailari.

Aurreneko denboraldian 162 aktorek parte hartu zuten. Grabaketa gehienak Belfasten eta Maltan egin zituzten. Garestia da ekoizpena, lehen esan bezala. Baina ez da HBOren garestiena. Roma-k 85 milioi dolarreko aurrekontua izan zuen, Band of Brothers-ek 125 milioikoa eta The Pacific-ek 200 milioikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.