Frankismoaren garaiko gizartea erakusten duten irudiak, presoen inguruko argazkiak, protesta sozioekologikoak, euskalgintzari loturikoak, kultur sortzaileenak, grebak, mugimendu feministarenak... Denetarik topa daiteke Argia aldizkariak herritar guztien eskura jarri duen Fototekan. «Herri ondare bat da, eta ez zuen zentzurik karpetetan edo disko gogor batean ahaztuta edukitzeak», azaldu du Urko Apaolaza Argia-ko kide eta Fototekan lanean aritu denetako batek.
Baina herri ondare hori herritarren eskura jarri ahal izateko lana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. «Argia-n gure 'argazki zaharren artxiboa' urte askotan bazter batean eta karpetatan sartuta egon izan den altxorra izan da. Duela urte batzuk, argazki erakusketa baten harira, hasi ginen pentsatzen zerbait egin behar genuela horrekin, galtzeko arriskua baitzegoen, eta horrela ekin genion katalogatzeari eta digitalizatzeari, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin».
Fototeka publiko egin eta denen eskura jartzea, era berean, euskarazko aldizkarian egin duten hausnarketa baten ondorio izan da. «Gure edukiak lizentzia librean dauzkagu; izan ere, hizkuntza gutxitu bat duen herri txiki batekoak izanik, nola jarriko dizkiogu mugak gure buruari? Euskarazko edukiak ahalik eta jende gehienarengana iristea behar dugu, ahalik eta gehien ezagutaraztea», nabarmendu du Apaolazak. «Gure historia hurbileko gertaera askoren lekuko izan da Argia, eta milaka argazkirekin joan da artxiboa osatuz, ehunka argazkilariren lanari esker».
Apaolazak aitortu du ez dela lan erraza izan. «Galzorian zeuden argazkiak berreskuratzea lan luzea eta neketsua izan da, ordu asko eta lan handia eskaini dizkiogu lantaldean. Lehenik, artxiboa digitalizatu eta antolatu; gero, Fototekaren webgunean jarri, argazkilariekin hitz egin... Guretzat inportantea zen argazkilariak gustura egotea emaitzarekin, proiektuarekin bat egitea, eta horri buelta asko eman dizkiogu».
1960ko hamarkadatik aurrerako argazkiak topa daitezke Fototekan. Gehienak 1976. urtetik aurrerakoak dira, orduan hartu baitzuen Argia-k magazin formatua, eta orduan hasi baitziren argazkiei toki gehiago egiten.
Apaolazak adierazi du ez dakitela zein diren 1970eko eta 1980ko hamarkadetako argazki askoren egileak. «Ez dakigu nor diren egileak, garai hartako Argia-ko erredakzioko kazetariek edo kolaboratzaileek egindakoak direlako eta normalean ez zituztelako sinatzen. Lan izugarria egin zuten astekaria aurrera ateratzen, eta asko jaso dugu haiengandik».
Dani Blanco argazkilariak ateratako argazkiak, berriz, 30.000 inguru dira. Azkeneko hamarkadetakoak dira; ia 30 urte daramatza aldizkarian lanean. «Ondorioztatu dut existitzen dela argazkigintza bat sozialki ekarpena egin dezakeena, balio batzuetan oinarritzen dena», esan du berriki Blancok, Fototekaren iragarpenari buruzko erreportaje batean.
Nola erabili argazkiak
Creative Commonseko lizentzia ezberdinetan daude argazkiak Fototekan. «Horiek ezarritako baldintzak errespetatu beharko ditu erabiltzaileak. Oso zorrotzak izan gara webgunean baldintzak zein diren zehazterakoan, eta argazkia deskargatzen duenak zertarako erabiliko duen ere azaldu beharko du». Apaolazak gogorarazi du askotan argazkiak ez direla modu egokian erabiltzen. «Fototekak balio behar du argazkiaren iturria eta egiletza ondo aitortzen dela bermatzeko. Alde horretatik, aurrerapauso bat dela iruditzen zaigu».
Euskal Herrian proiektu aitzindaritzat jo dute Argia-ko Fototeka. «Guk dakigula, Euskal Herrian ez dago horrelako besterik, eta nazioartean ere ez dira asko, irudi libreen bilatzaile Openverse atariaren arabera». Fototeka horren argazki kopurua handituz joango da, gainera. «Proiektu irekia da, etengabe elikatu nahi dugu, eta ateak irekita daude herritarrek etxean dituzten argazki historikoak edo baliotsuak Fototekan jartzeko, berme guztiekin».
Argia aldizkariaren asteroko zenbakian, bestalde, Itzaletik argira atala sortu dute. «Konturatu gara argazki askok ez dutela gaurkotasunik galdu, duela 30 edo 40 urte auzitan zeuden gai askok lotura dutelako gaur egungoekin. Atala, beraz, ez da ariketa nostalgiko huts bat. Argazkia atera zen uneko testuingurua eta garai hartako egoera azaltzen ere saiatuko gara, argitaratu zenean aipatu ez ziren kontuak gehituta». Memoria ariketa hori egiten hasiak dira aldizkariaren azkeneko zenbakietan. «Horretarako, indusketa lana egin behar da».