Urtarrilaren 4an estreinatu zuen ETB1ek Herri txiki, infernu handi saioa, eta egun horretatik bertatikikusleen harrera beroa jaso du igande gauetan. Datuek hala baieztatzen dute. Hilabeteotan, Orio Produkzioak ekoizpen etxeko saioak %3,1eko ikusle kuota izan du —batez beste 30.000 ikusle baino gehiago—. %4ko kuotara iritsi diren programak ere izan dira, Errezilgoa (Gipuzkoa) eta Eakoa (Bizkaia), esate baterako. 40.000 ikusle baino gehiago izan zituzten bi atal horiek. ETB1en batez besteko kuota 2015ean %1,9koa da; hau da, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadizabalek aurkezten duten saioak kateak baino 1,2 puntu gehiago ateratzen ditu. Igandeko Aiako saioak %5,7ko ikusle kuota izan zuen euskaldunen artean.
Lordi Saralegi saioko zuzendariak aitortu du «harrituta» daudela izandako harrerarekin: «Ez dago sekula asmatzerik telebistan zer saiok funtzionatuko duen. Herri txiki, infernu handi proiektu oso erakargarria zen, ETB1ek ez baitu aurretik gisa horretako saiorik egin. Hasiera-hasieratik, lantalde osoak ilusio handiarekin ekin zion lanari». Gaineratu du lehen asteetako datu onek ilusioari eusteko bultzada eman ziola lantaldeari. «Ikusle datu potoloek baino gehiago ase gaitu jakiteak badela jendea igande gaua iristeko zain dagoena».
Interneteko sare sozialetan ere oihartzuna du saioak. «Hainbat ikuslek saioa Twitter bitartez komentatzeko ohitura hartu dute. Txioetan ageri da saioa gustuko dutela, barre gogotik egiten dutela edota herritar anonimoekin hunkitu egiten direla». Programako zuzendariaren arabera, Tribuaren berbak, Ur handitan eta Soinu ehiztaria saioek ere beren lekua dute sare sozialetan. «Ikusleen iruzkinak ikusita, ETB1ek emozioak sortzeko gaitasuna ere badaukala dirudi».
Arrakasta izan arren, lantaldeak oraindik ez daki datorren denboraldian Herri txiki, infernu handi-kjarraipena izango duen. «Okerrik ez bada, saioak jarraitu beharko luke, Euskal Herrian oraindik herri txiki asko dago eta», adierazi du Saralegik. ETB pozik dago saioarekin. «Baina goizegi da uda ondoren etor daitekeenaz pentsatzen hasteko».
Udaberrian beste hiru herritan ibiliko dira Pagadizabal, Gurrutxaga eta Lizaso: Baigorrin (Nafarroa Beherea), Diman (Bizkaia) eta Antzuolan (Bizkaia). Baigorrikoa da Nafarroa Beherean grabatu duten aurreneko atala. «Joan den astean izan ginen Baigorrin, eta oso harrera ona izan genuen. Sumatu dugu herriko gazte jendea oso aktiboa dela, ekimen handikoa. Beharbada Baigorrikoa izango da gazte gehien agertuko den saioa», iragarri du Saralegik. Hilaren 31n emango dute.
'Herri txiki', 'share' handi
ETB1eko 'Herri txiki, infernu handi' saioa ikusle datu paregabeak izaten ari da bere lehen urtean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu