Komunikazioa

Herritarren euskarazko hitza

Orain hamar urteko otsailaren 20an argitaratu zuten 'Urola Kostako Hitza'-ren lehen zenbakia. Ohiko hedabideetan tokirik ez duten eskualdeko herritar eta elkarteei ematen die hitza ordutik, eta eskualdeko erreferentziazko hedabidea bilakatu da.

Euskaltzaletasuna eta euskararen mugimenduak sustatzeko xedea izan du Hitza-k hasieratik. UROLA KOSTAKO HITZA.
Adrian Garcia.
2014ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Normaltzat hartzen da egun herritarrek eskualdeko informazioa jasotzea egunero euskaraz. Beti ez da horrela izan, ordea, Gipuzkoako Urola Kosta eskualdean eta Urola erdialdean. Herritarrei eta eragileei hitza eman eta euskara normaltzea helburu, egunero tokian tokiko informazioa euskaraz emangozuen komunikabidea sortu zuten orain hamar urte: Urola Kostako Hitza. Aizarnazabal, Aia, Getaria, Orio, Zarautz, Zumaia, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoa herrietako albisteak argitaratzen ditu ordutik egunkariak.

2004ko otsailaren 20an ikusi zuen argia lehen zenbakiak. Ez ziren garai samurrak haiek. Egun berean, urtebete lehenago, Euskaldunon Egunkaria itxi zuten. «Nabaria zen itxieraren eragina», gogoratu du Uxua Ostolazak. Hastapenetik lan egin du Ostolazak Hitza-n, kudeatzaile gisa. «Haserrea eta lanerako gogoa piztu zuen itxierak».

Zailtasunak gorabehera, «ilusio» handiz ekin zioten proiektuari. «Dena zegoen egiteko. Proiektuan sinesten genuen, eta lantaldea oso motibatuta zegoen». Gainera, harpidedunen zein eragileen bultzada sentitzen zuten.

Eskualdeko herri aldizkarien, euskara elkarteen, Euskarazko Komunikazio Taldearen—BERRIA argitaratzen du— eta Urola Kostako eragileen artean sortu zuten tokian tokiko hedabidea. «Erronka gogoz hartu genuen», dio Ostolazak. Hilabetekarietan idaztera ohituak zeuden asko, eta ikastaro bat egin behar izan zuten. «Goizean goiz harpidedunek egunkaria izan zezaten, ordu asko eta asko sartu genituen egunero hasiera haietan».

10 urtetako ekarpena

Eguneroko gisa jaio zen Hitza. Astelehenean salbu, egunero zegoen zortzi orrialdeko alea irakurleen esku. 2010eko udazkenetik, ordea, asteartetik ostiralera bitartean argitaratzen hasi zen. Asteburuko albisteak webgunean txertatzen dituzte ordutik. Ostegunean hamasei orrialdeko egunkaria eskaintzen du Hitza-k, eta, ostiralean, 24koa. Egun, 17.000 irakurle ditu, CIESeko datuen arabera.

Atzera begira, eskualdeari ekarpen handia egin dio hedabideak. Hala uste du Onintza Lete Hitza-ko zuzendariak. Zazpi urte daramatza hedabidean lanean, azken lauak zuzendariorde gisa. Aurten hasi da zuzendari lanean.«Komunikabide handietan tokirik apenas duten gizarteko sektoreei ahotsa eman dio: eskualdeko gizarte eta kultur eragileei, herritar xumeei, langileei...».

Nabarmentzekoa deritzo Letek eguneroko lanean zer bultzada eman zaion genero ikuspegiari eta gutxiengoen integrazioari. «Kazetaritzan, oro har, geroz eta gutxiago zaintzen den etikarekin landu ditugu beti gure edukiak». Horren ondorio da, Leteren hitzetan, herriko informazioa «kalitatezkoa eta profesionala» izatea. Kioskoetan eros daitekeen aukeratik, «alde handiarekin», Hitza jo du Letek «pluralena».

Aberasgarria zaie Hitza-n erakundeetatik kanpoko informazioa lantzea. Horregatik, sarritan jotzen dute eskualdeko eragileengana. «Eragile askok ere guregana jotzen dute, modu naturalean, haien mezua zabaltzeko. Badakite Hitza-n tokia dutela».

Eskualdean gertakari garrantzitsuak dauden oro, webgunearen bisita kopurua handitu egiten da. Horrek erakusten du herritarrek «gertuko» hedabidetzat dutela. «Erreferentzia garrantzitsua izatea lortu dugu».

Azken boladan aldaketa ugari ekarri dituzte teknologia berriek, eta kazetaritza egiteko era astindu dute. Hitza «etengabe»egokitu da garai berrietara, «kalitatea» jomuga. Lantalde osoak idazten du sarerako zein papererako. Nahiz eta astean lautan argitaratu egunkaria, www.urolakosta.hitza.info zazpi egunez dago martxan. Ikus-entzunezkoak sarean duten garrantziaz jakitun, horretarako lantalde bat abiatu dute aurten.

Etorkizunari begira

Etorkizunak kezkatzen du Lete. Krisi ekonomikoak ez eze, kazetaritzaren negozio ereduaren aldaketak lere arruan sufritu dituzte. «Bizirautea». Horixe dute lehentasunezko erronka. Horretarako, baina, badakite kalitatezko produktuak eskaini behar dizkietela herritarrei.

Teknologia berriek, gizarteak eta sektoreak berak ezarritako erritmoan joan behar dutelakoan dago Lete. Horretarako, baina, argitu du ezinbestekoa dutela elkarlana. Bide horretan, aurrerapausotzat jo du Hekimen euskarazko komunikabide pribatuen elkartearen sorrera. «Bakarka, txikiak gara. Denok batera, berriz, indarra dugu, baliabide asko eta gaitasun handia ere ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.