Hezkuntzari eta heziketari buruzko podcast bat sortu du 'Argia'-k

'Etxerako lanak' du izena podcastak, eta Mikel Garcia Idiakezek aurkeztuko du. Hezkuntza kanal berritua ere estreinatu du aldizkariak.

Mikel Garcia hezkuntzari buruzko podcastaren aurkezlea. ARGIA
Mikel Garcia hezkuntzari buruzko podcastaren aurkezlea. ARGIA
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 16a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hezkuntzari eta heziketari —eskolari nahiz etxeari— buruzko podcast bat estreinatu du aste honetan Argia euskarazko aldizkariak. Astelehen goizero gai bati helduko diote, «eztabaida eta gogoeta pizteko asmoz». Gai jakin horretan aditu direnen iritziak eta proposamenak jasoko ditu Mikel Garcia Idiakez kazetari eta saioko aurkezleak —urteak daramatza aldizkarian hezkuntzaren inguruko gaiak lantzen—. Lagun berezi bat izango du aurkezleak beti alboan: 13 urteko ikasle bat. Arbelera aterako da ikaslea astero-astero, eztabaidagaiari buruzko pistak, datuak eta gakoak emateko.

Podcast berriak Etxeko lanak du izena. Saioaren aurreneko atala aste honetan bertan estreinatu dute. Podcastaren izenburua baliatuz, ikasleei bidali ohi zaizkien etxeko lanez aritzeko tartea hartu dute. Zertan dira lagungarri eta zertan ez etxeko lanak? Ba al dute zentzurik? Galdera horiei erantzuteko asmoz, lehen atalean Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzailea eta Iñaki Larrea irakaslea gonbidatu dituzte podcastera. Etxerako lanak, zertarako? du izenburua lehen atal horrek. Ama baten lekukotzarekin hasten da, eta DBHn ikasten ari den seme edo alabaren esperientzia kontatzen du. Garcia Idiakezek gogorarazi du guraso batzuek sinadurak bildu izan dituztela etxeko lanik ez bidaltzea eskatzeko. 11 minutu pasatxo irauten du podcastak.

Kanala eta bideo-erreportajeak

Podcastarekin batera, abian jarri dute Argia-ren Hezkuntza kanal berritua. Albisteak, erreportajeak, elkarrizketak eta iritzi zutabeak bilduko dituzte bertan. Hainbat aukera eskainiko dizkiete irakurleei, hala nola artikuluetan eta sortzen diren eztabaidetan iruzkinak idatzi ahal izatea —irakurleek Iruzkinen Txokoan jarriko dituzte ekarpen horiek—. Hezkuntzaz Argia-n argitaratutako guztiaren inguruan bilaketak egiteko aukera ere ematen du kanalak. Proiektuak edo bestelakoak partekatu nahi dituztenek hezkuntza@argia.eus helbide elektronikora idatzi behar dute.

Gainera, aldizkariak Ikusi eta ikasi. Esperientzia onak partekatzen bideo-erreportajeen saila jarri du abian. Hilero, asteko bigarren astelehenetan, ikastetxe batera egindako bidaia kontatuko dute erreportaje batean. Ikastetxeetan egiten dituzten praktika onak jasotzeko eta partekatzeko apustua egin nahi du sail horrekin Argia-k. Garcia Idiakezekin batera, Eneritz Arzallus Alustiza eta Manex Moreno Uharte ari dira lanean horretan. Bira Produkzioak ekoiztetxekoen laguntza ere badute grabaketetan.

Bideo erreportaje sail horren lehen atala ikasleen ongizate emozionalari eta suizidioaren prebentzioari eskaini diote. Horretarako, Abadiñoko (Bizkaia) Matiena institutuan izan dira. Suizidioa ez denean tabua izena du lehen erreportaje horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.