Komunikazioa

Hiru3 komunitatea sortu du EITBk gaztetxoentzat

Betizu klubaren ordezkoa izango da Hiru3, eta ETB3n eta 'Eitb.com'-en tarte handia izango du

urtzi urkizu
Donostia
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Hiru3 komunitateak ordezkatuko du Betizu kluba aurrerantzean. Horrela, Euskal Herriko gaztetxoen euskal komunitate digitalik handiena bilakatuko da Hiru3. Haur programazio eta entretenimenduzko edukiak jasoko ditu Hiru3k. Paperezko gutunak desagertu, eta harreman guztiak sarean egingo dira.

Orain arte Betizuko bazkideak izan direnak —70.000 bazkide zituen klubak— aurrerantzean Hiru3koak izango dira. Baina, horretarako, euren posta helbidea bidali behar dute Eitb.com webgunera.

ETB3 katean tarte handia izango du Hiru3k. Ekainaren 23tik aurrera «irudi erakargarri eta modernoan» bilduta erakutsiko ditu edukiok guztiak, marrazki bizidun eta gaztetxoentzako saioekin. 07:00etatik 22:30era haur programazioaren edukiontzi izango da. Doraemon, Shin Chan, One Piece, Megaman, Keroro Sarjentoa marrazkiak sartuko dira bertan.

Telebista katean ez ezik, Eitb.com-en ere atari handia izango du. Batetik, haur programazioa nahierara izango da Hiru3ko webgunean. Umeek euren eduki kuttunenak eskueran izango dituzte, atal guztiak eta nahi dituzten unean ikusteko.

«Parte hartzea eta hurbiltasuna» izango dira komunitate berriaren ezaugarriak. Harremanak zuzen-zuzenak eta pertsonalizatuak izango dira Hiru3ko kideekin. Hiru3ren jaiotzarekin, komunitateko partaideen harreman guztiak Internet bidezkoak izango dira.

Bestalde, EITBk kezka eta ardura berezia du Interneten haurrak seguru ibil daitezen. Segurtasun kontuekin zorrotz jokatuko du EITBk atari horretan. Webguneak ere gurasoei arreta eskainiko die. Hiru3ko kide diren haurren gurasoentzat segurtasuna bermatzeko garrantzitsua izango den informazio erabilgarria jarriko dute.

Facebook-en, gainera, orrialde berezi bat izango da Hiru3ko kideen gurasoentzako informazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.