Hogei saio eraman dituzte zakuan

ETB1eko 'Mihiluze' saioaren aro berriko marka ondu dute Uxue Reyk eta Endika Legarrak, hogei saio osatuta. Zakua irabazteko zorian izan ziren, eta, azkenean, programa uzteko erabakia hartu zuten biek, lan kontuak direla eta.

mihiluze
Uxue Rey eta Endika Legarra, ETB1eko 'Mihiluze' saioan. MIHILUZE
pettan uralde
2024ko otsailaren 20a
05:00
Entzun

«Esperientzia polita» bildu dute Uxue Reyk (Iruñea, 1997) eta Endika Legarrak (Iruñea, 1996) Mihiluzetik. Aspalditik zuten programara joateko «gogoa», eta haien espektatibak «gainditu» egin direla onartu dute. «Lehenengo egunean urduritasun pixka bat nabaritzen nuen, eta telebista aurrean oraindik ere urduriago ikusi nuen neure burua. Baina saiotik saiora erosoago aritu gara, eta, azkenean, esperientzia luzea eta positiboa izan da», berretsi du Legarrak. Gainera, «programa oso goxoa», eta «gustura egotekoa» dela nabarmendu du. Reyk ere bizipen polit hori aipatu du, eta beste aldarte bat azpimarratu du. «Gainera badu zerbait polita, grabatzen ari ginen bitartean ondo pasatu dugulako, baina baita etxean zeure burua ikusteak ere bere grazia duelako».

«Banekien 11 galderak asmatzeko gai izango ginela, baina banekien urrezko galdera ez genuela jakingo».

ENDIKA LEGARRAETB1eko 'Mihiluze' programako lehiakidea

Saiotik saiora «erosoago» aritu dira bi nafarrak, eta trebetasun handia erakutsi dute, hogei saio kateatzeraino. Aurreko urtean berreskuratu zuen Euskal Telebistak programa arrakastatsua, eta, geroztik, Legarra eta Rey izan dira saio gehien grabatu duen bikotea. Legarrak onartu du ez zegoela haien planetan hainbeste denboran aritzea, baina «erraztasunak» izan dituztela gaineratu du. «Lehen saiotik pasatu besterik ez genuen egin nahi, eta itxura ona eman. Baina hortik hogei saio egitera... Egia da zenbat eta saio gehiago egin, orduan eta errazagoa dela dena». Reyk ere lehen saio hori gainditzeko helburua besterik ez zuen buruan. «Gehien-gehienok lehen saioan ez kaleratzeko helburuarekin joaten gara. Urduritasuna hor egoten da, ez duzu barregarri geratu nahi, eta bigarren saiora iritsi nahi duzu. Helburu txiki hori beteta, lasaiago aritu ginen jokoan, eta, errekorrik egin nahi ez genuen arren, zenbaki polita lortu dugu».

Gertu izan zuten saria

Hemezortzigarren saioan oso gertu izan zuten zakua. Ia 75.000 euroko saria zuten irabazteko, eta lehen 11 galderak asmatu egin zituzten. Urrezko galderan, ordea, ametsa zapuztu egin zitzaien nafarrei. «Simpsondarren inguruko galdera zen, eta Uxue eta biok zaleak gara. Banekien 11k asmatzeko gai izango ginela, baina banekien urrezko galdera ez genuela jakingo. Baina pentsatzeko denbora gehiago izango bagenu, hori ere asmatzeko gai izango ginela uste dut. Amorrua ematen du, baina joko bat da, eta esperientzia polita irabazi dugu», adierazi du Legarrak.

Galdera erantzun orduko, Reyk bere zalantza plazaratu zuen azken erantzunaren inguruan, eta, hain zuzen, bere susmoa baieztatu egin zen. «Lehenbiziko aldiz ikusi nuen zakua irabazteko benetako aukera. Baina horrelako lehiaketetan argi ikusten da ez dela etxeko sofatik jokatzea bezain erraza, eta pentsatzeko denbora gutxi izateak dena zailtzen duela. Pena ematen du momentuan, baina pasatu zait dagoeneko».

Azkenean, ibilbidea eteteko erabakia hartu zuten bi lehiakideek. Bataren eta bestearen eginbeharrek galarazi egiten zuten saio gehiago grabatzea, eta «pena handiz» erabaki bazuten ere, «hartu beharreko erabakia» zen Mihiluze uztea, Legarraren esanetan. «Lan kontuengatik eten behar izan genuen. Ni irakaslea naiz, eta zortea izan nuen grabaketa askotan oporretan nintzelako, baina beste batzuetan baimena eskatu behar izan genuen. Pena izan zen. Baina biontzako nahiko konplexua zen, eta uztea erabaki genuen». Rey «pozik» dago zikloa nola itxi zuten ikusita, eta, barre artean simpsondarrak ordutik ez dituela ikusi dioen arren, esperientzia onak txarrari irabazi diola azpimarratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.