Komunikazioa

Hogei urteren ostean, 'Bi eta bat' telesaileko atal berriak egingo dituzte

1991ko hiru aktore protagonistak ariko dira Eneko Olasagasti eta Carlos Zabalaren zuzendaritzapean

urtzi urkizu
Donostia
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Euskarazko fikzioak izan duen lan arrakastatsuenetako bat ETB1era itzuliko da 2012. urtean. Hogei urteren ostean, Bi eta bat telesailaren atal berriak egingo dituzte. Egunotan, ETB eta Orio Produkzioak ekoizpenaren gaineko xehetasunak eta aurrekontuak ixten ari dira. Datozen asteetan ekingo diote gidoiak idazteari. Eta negu honetan bertan hasiko dituzte atal berrien grabazioak. Apartamentu txiki batean bizi zen Idoia-Jaione-Joxe Lontxo hirukoarekin 90eko hamarkadan gozatu zuen ikusleak beste aukera bat izango du orain.

Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala izango dira telesailaren zuzendariak, duela hogei urteko zuzendari berak. Eta hiru aktore protagonistak ere lehengoak izango dira: Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta eta Ane Gabarain. «Ez dakit inoiz nazioartean egin den horrelako zerbait. Oso berezia izango da berriro biltzea», adierazi du Olasagastik.

Unai Ibarbia Orio Produkzioak taldeko arduradunak iragarri duenez, «telesaila modernizatua» izango da. Nahiz eta orduko espirituari eutsiko dioten, «gaur egungo telesail bat» egingo dutela adierazi du.

Soroiz, Irureta eta Gabarain aktoreez gain taldean zein aktore gehiago izango diren oraindik argitzeko dago. Baita gidoilari taldean Olasagasti eta Zabalarekin nork lan egingo duen ere.

%21,3ko ikusle kuota 1992an

Bi eta bat-ek hiru denboraldi izan zituen: 1991, 1992 eta 1993 bitartean. Igeldo zinema produkzioak zen orduko ekoizpen etxea. Bigarren denboraldian, %21,3ko ikusle kuota izan zuen; lehen denboraldiko daturik ez dago. Izan ere, 1992. urtean jarri zen martxan ETBn audimetroa. Ikusle kuota hori ETBren fikzioaren historian Jaun eta jabe-k eta Goenkale-k baino ez dute gainditu.

Gerora, telesailaren errepikapenak eman izan dituzte. Interneten ikusteko moduan dira atal zaharrak honako helbide honetan:http://www.eitb.tv/eu/#/bideoa/931107343001.

Ainhoa Irazuk 1990. urtetik 2000. urtera bitarteko euskarazko telesailen gaineko liburua idatzi zuen 2002. urtean: Telelilura. Haren ustetan, Bi eta Bat-ek mugarri bat ipini zuen ETBko ekoizpenean, euskaraz egindako lehen sitcom-a izan baitzen: «Ez zen euskarazko lehen fikziozko produktua izan. Aurretik Aizpea Goenagak eta Elena Iruretak Hau da A.U. telesaila egin zuten». Irazuren iritziz, Bi eta Bat jauzi handia izan zen produkzio propioaren barnean, eta ateak zabaldu zizkion fikzioari: «Ordura arte erdarazko telesailak eta filmak ikusten ohituta geunden, hizkuntza arrotz samarra egiten bazitzaigun ere. Gero, bikoizketak etorri ziren. Bi eta bat-ek euskaraz egindako istorioak ikusteko gogoa piztu zuen euskal hiztunen artean».

Joxe Lontxoren pertsonaia Idoia eta Jaionerekin batera telebistara itzultzea pozgarria da oso Irazurentzat: «Hiru pertsonaiak berpizteak erakusten du badirela beste mota bateko telebistaren alde egiten duten profesionalak». Telelilura liburuan Irazuk azaldu zuenez, bi arrazoi izan zituen arrakastak: telesaila ondo jositako gidoiez abiatzea eta euskara irizpide garbiak erabiltzea —euskara freskoa, bizia eta edozein tokitan ulertzeko modukoa—.

Surioren ETBko lehena

2009ko udan Alberto Surio EITBko zuzendari izendatu zutenetik ETBrako ez da fikziozko ekoizpen berririk egin —Mugaldekoak aurreko zuzendaritzarekin ekoitzi zen—. Aurrenekoa izango da, beraz, Bi eta bat modernoa. Azkeneko bi udatan Miramongo egoitzaren platoak itxita egon dira; aurreko urteetan, ordea, sasoi horretan ia beti telesailak grabatzen ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.