Entretenimendua eta ikuskizuna ardatz izango dituen saio bat estreinatuko du bihar ETB1ek: Ai Ama!. Gaueko ikuskizun bat egin nahi dute astelehenetik ostegunera, 21:00etatik 21:30era; ostiraletan, asteko unerik onenak laburbilduko dituzte. Saio horretako gidaria Iban Garate aktore eta aurkezlea izango da.
«Gaueko 21:00etan, kate guztien eskaintza albistegien eta informazioaren inguruan dago antolatua. Entretenimenduzko lehen saioa euskaraz izan dadin saiatu nahi dugu», azaldu du Pello Sarasola ETBko eduki zuzendariak. «Beste kateei aurrea hartu nahi diegu. Ondorioz, 19:15erapasa dugu Azpimarra. Gero, Iparraldearen Orena, Eguraldia eta Gaur egun. 19:15etik 21:00etara, euskarazko informazio osoa egongo da ETB1en. Eta, ondotik, ikuslea prest egongo da beste eskaintza baterako».
Sarasolaren arabera, euskaldunek gustukoak dituzte El Hormiguero eta El Intermedio moduko saioak. «Horien aurretik, euskarazko entretenimenduzko saio bat egongo da, nortasun propioarekin». Funtzionatuko duen ala ez jakitea ezinezkoa da, baina Sarasolak dio «lan txukuna» egin dutela saio berria martxan jartzeko. Audientzia helburuen gainean galdetuta, ETBko eduki zuzendariak uste du San Mames betetzeko adina ikusle biltzen saiatu behar duela programak.
Nagore Aranburu gidoilari buru
ETB1eko saio berrirako, telebistaren mundua ondo ezagutzen dauden lagun ugari bildu dituzte. Iban Garaterekin batera, platoan Mikel Pagadizabal, Itziar Atienza eta Xabier San Sebastian izango dira. Umorea ekarriko du Pagadizabalek, gonbidatuari erronka ugari jarriko dizkio Atienzak eta «pistako jokoak» antolatuko ditu San Sebastianek. Gidoilari koordinatzailea Nagore Aranburu izango da, eta gidoilari talde horretan Pagadizabal bera, Egoitz Lasa eta Jon Aranburu egongo dira. Pagadizabalek Oilategia-n eta Finlandia-n ere jarraituko du.
Itziar Azpeitia izango daAi Ama! saioko ETBko arduraduna; Sorginen Laratza saioa sortu eta zuzendu zuen Azpeitiak: «Saioaren helburua entretenitzea izango da. Informazioa garrantzitsua da, baina entretenimendua euskaraz eskaintzea ere oso garrantzitsua da. Ondo pasatzea izango da denon asmoa, eta, batez ere, ikusleek ondo pasatzea». Azpeitiak azaldu duenez, telebistan martxan jartzen diren saioen %80ek porrot egiten du, eta espero du funtzionatzen duen beste %20 horretan sartzea Ai Ama! .
K2000 ekoizpen etxeko Arri Granados izango da saio berriko zuzendari eta ekoizle eragilea. «Behingoz, barre egiten dut eskaletak egiten», aitortu du Granadosek. «Egoera ekonomikoari eta panorama beltzari buruzkoak entzueaz kokoteraino nago, eta orain oso pozik nabil lanean, barre egiten dudalako». Granadosen arabera, Iban Garate aurkezlearentzat neurrira egindako programa da Ai Ama!. Garatek dio «eroso» dagoela lanean, «burutapen» asko baitago taldean: «Lagun talde bat gara, denok erregistro berean gaude, eta umore antzekoa erabiltzen dugu. Gu hori ekartzen eta euskaldunoi erakartzen saiatuko gara».
Julian Iantzi estrainekoan
Bihar, aurreneko programan, Julian Iantzi ETBko aurkezlea gonbidatuko dute. Asteartean, Gorka Otxoa aktorea izango da han. Asteazkenean, Txapeldunen Ligako partiden ostean emango dute saioa, eta, egun horretarako, Athleticeko Koikili Lertxundi jokalaria gonbidatuko dute. Ostegunean, berriz, Xabier Euzkitzerekin izango da Iban Garate. Hain zuzen ere, datorren ostegunean estreinatuko du Euzkitzek elkarrizketa saio berria.
Komunikazioa
Iban Garatek 'Ai Ama!' saioa aurkeztuko du bihartik aurrera, ETB1en
Mikel Pagadizabalek umorea jarriko du, eta Itziar Atienzak erronka ugari jarriko dizkie gonbidatuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu