Telesailak

Ihesaldi baten kronika

Carles Portak fikziora egingo du jauzi bere lehen telesailean. Lleidako Ponent espetxetik bi presok egindako benetako ihesaldia azalduko du; 33 eguneko jazarpenaren ondoren atxilotu zituzten.

'33 días' telesailaren fotograma bat. ATRESPLAYER
'33 días' telesailaren fotograma bat. ATRESPLAYER
gaizka izagirre
2026ko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carles Portak orain arte zuzendu dituen true crime lan guztien oinarria dokumentalgintza izan da, nahiz eta zenbait gertakari berreraikitzeko fikziozko elementuak ere erabili izan dituen tarteka. 33 días telesailean, ordea, kontrako bidea hartuko du: fikzioa izango du ardatz, baina, benetako kasu batean oinarrituta dagoenez, garai hartako benetako irudiak ere txertatuko ditu kontakizuna osatzeko, besteak beste albistegietako material dokumentala.

Juan Jose Prieto (Jose Manuel Poga) eta Mateo Calatrava (Julian Villagran) dira benetako gertakarietan oinarritutako fikzio honetako protagonistak. 2001eko urrian Lleidako (Katalunia) Ponent espetxetik ihes egitea lortu zuten, hilabeteetan arretaz prestatutako plan baten bidez. Ihesaldi hark alerta egoeran jarri zituen segurtasun indar guztiak, eta gizartearen arreta erabat bereganatu zuen, garai hartako gertakari mediatiko handienetako bat bihurtzeraino.

Telesailak ihesaldi haren kronika egingo du, alde batetik mossoen jardunean arreta jarriz, eta bestetik iheslarien ibilbidea eta haien arteko harremana aztertuz. Alde horretatik, kontakizunak bi protagonisten barne unibertsoan sakontzeko ahalegina egingo du, menpekotasunak, indarkeriak eta idealizazioak osatutako lotura konplexu eta askotan suntsitzailea erakutsiz.

Emaitza entretenigarria izan arren, nabaria da telesaila telebista konbentzionalaren logikatik eraikia dagoela eta publiko zabal bati zuzenduta dagoela. Formaren aldetik, ausardia eskasa erakutsiko du, proposamen bisual eta narratibo generikoa da, nortasun propio sendorik gabea. Streaming plataformen garaian, genero bereko ekoizpen askok estetika zainduagoa, egitura narratibo ausartagoa edo pertsonaien garapen konplexuagoa eskaintzen dituzte; 33 días-ek, berriz, telebista tradizionalaren molde klasiko eta seguruei eutsiko die.

Horixe da, hain zuzen ere, telesailaren muga nagusietako bat. Istorioa bera dokumental batean edo liburu batean kontatua egongo balitz bezala sentitzen da sarritan. Gertatutakoaren azalpen zehatza eskainiko du, txukun eta argi, baina apenas dagoen kasuaren azaleko geruzatik harago doan interpretazio edo irakurketa berririk. Gertakariak bikain azaltzen ditu, baina ez dago hausnarketa sakonagorik.

Hizkuntza zinematografikoaren aukerak ez ditu behar bezala zukutzen. Irudiek iradoki edo transmititu dezaketena sarritan hitzez azpimarratzen da, eta tarte gutxi uzten du ikuslearen interpretazio gaitasunerako. Elkarrizketek ere joera bera dute; gehiegi azalduko dute, informazioa modu mekanikoan emateko tresna bihurtuz. Ondorioz, sotiltasuna eta anbiguotasuna falta zaizkio kontakizunari; ikusleari ondorioak ateratzeko aukera eman beharrean, ia une oro zer pentsatu eta nola ulertu behar duen markatuko dio.

Carles Portaren ekarpena

Kazetari, idazle, zuzendari, ekoizle eta gidoilari kataluniarrak Segre egunkarian hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta, ondoren, TV3 katera egin zuen jauzi. Egun, true crime generoko eduki sortzaile garrantzitsuenetako bat bihurtu da. TV3k ekoizten duen Crims telesaila izan da, zalantzarik gabe, Portari ikusgaitasun mediatikoa eman dion lana. Gaur egun, bost denboraldi ditu, eta 50 atal baino gehiago. Katalunian gertatutako benetako krimenak azaltzen dituen dokumental sorta ezagun eta arrakastatsua da.

VOD plataformetarako hainbat izenburu sortu eta ekoitzi ostean, fikziora egin du jauzi, lehen aldiz, 33 días telesailarekin.

'33 días'

  • Sortzailea. Carles Porta.
  • Herrialdea. Espainia.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Jose Manuel Poga, Julian Villagran, Nausicaa Bonnin eta Pau Dura.
  • Non ikusi. Atresplayer.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 35 minutu.
  • Generoa. Thrillerra, drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE