Game Erauntsia elkarteak, Zomorro Studiok eta UniEncounter ekitaldiak III. Euskal Game Jam (EGJ) topaketa antolatuko dute hurrengo astean, ostiraletik igandera, martxoaren 20tik 22ra. Euskal Herriko bideojoko sortzaileak biltzea eta euskarazko bideojokoak garatzea da egitasmoaren helburua, beste behin.
Izena emateko epea irekita dago, Itch.io webgunean: bideojokoen plataforma ezagun hori erabiliko dute ekimena kudeatzeko. Hirugarren EGJ topaketa izango da, eta Eibarren (Gipuzkoa) egingo dute, UniEncounterraren aterpean. Uni Eibar-Ermua zentrora inguratzen direnek hitzaldiez, tailerrez eta jarduerez gozatzeko aukera edukiko dute —baita bideojokoetan aritzekoa ere—, eta Euskal Game Jam-eko partaideak lanean arituko dira. Halere, beti bezala, online parte hartzeko aukera edukiko dute garatzaileek.
Sinergiak sortzeko aukera
Garatzaile hasiberriei zein profesionalei zuzendutako topaketak dira Game Jam-ak: programatzaileak, artistak, musikagileak eta gidoilariak elkartu ohi dira, besteak beste. Euskal Game Jam-ak, bestalde, bideojokogile euskaldunen artean sinergiak eragitea, elkarrengandik ikastea eta harremanak bideratzea du helburu.
Â
Martxoaren 20an, ostiralean, 18:00etan ekingo diote sormen prozesuari; bi egun geroago bukatuko da ekitaldia, igandeko 18:00etan. Bideojokoa bakarka nahiz taldeka garatzeko aukera egongo da. Gehienez, bost kideko taldeak onartuko dituzte. Taldeak unean bertan sortzeko aukera dago, aurreko aldietan hainbatek egin zuten moduan: Game Erauntsiaren Discord zerbitzariko Euskal Game Jam txatean taldea sortzea proposa daiteke.
Euskarazko bideojokoak
Euskal Game Jam-aren berezitasuna, ordea, hizkuntza da; izan ere, sortuko dituzten bideojoko guztiak euskarazkoak izango dira.
Ez dute materialik eskainiko bideojokoa sortzeko: beren ordenagailuak eta tresnak erabili beharko dituzte partaideek. Gauza bera gertatzen da jokoaren baliabideekin edo asset-ekin: proiektuan agertuko diren testurek, modeloek, soinuek... norberak sortutakoak edo lizentzia askekoak izan beharko dute.
Bideojokoak sortzen hasi aurretik, gai orokorra proposatuko dute antolakuntzako kideek, eta gai horri lotutako obra bat garatu beharko dute partaideek. Aurreko bi aldietan Ikusezina zein Eraldatu, bihurtu gaiak izan ziren ardatz.
Â
Martxoaren 22an, igandean, iluntzetik aurrera, proiektuak bukatu eta argitaratu ahala, Euskal Game Jam-eko bideojokoak deskargatzeko eta horietan jokatzeko aukera edukiko du nahi duenak, Itch.io-tik. Izan ere, partaideek bertan irekitako Euskal Game Jam-aren atalera igoko dituzte beren lanak. Sormen epea bukatzean, garatutako titulu guztiak aurkeztuko dituzte.
Partaideen artean bozketa bati ekingo diote azkenik. Beste proiektu batzuk bozka ditzake bakoitzak, zenbait irizpideren arabera: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena edo jokorik dibertigarriena nabarmenduko dituzte.
Aurreko bi urteak
Lehen bi Euskal Game Jam-etan partaideek egindako lanari esker, 21 bideojoko argitaratu dituzte guztira. Guztiak Itch.io webgunean aurki eta proba daitezke; zenbait bideojoko, gainera, lantzen jarraitu dute garatzaileek, hobekuntzak eta ideia berriak gehituta, edo, zuzenean, bideojoko komertzial berriak sortzeko erabilita.
Elkarlan zoragarriak ikusi ahal izan ziren lehen bi urteetan. Bakarka joan arren, taldea eratu zuten garatzaile batzuek, eta hainbati laguntzen ibili ziren hainbat musikagile. Hain zuzen ere, horixe nahi dute antolatzaileek, bideojokogile euskaldunek elkar ezagutzea eta zer egiteko gai diren erakustea; aldi berean, batak bestearengandik ikasteko aukera izaten du.
Informazio gehiago nahi duenak Game Erauntsia elkartera jo dezake: webgunean zein Telegram taldean zalantza guztiak argitzen saiatuko dira elkarteko kideak.