Ikerketa kazetaritzako aldizkari digital bat sortuko dute

'Gabe'-ren lehen fruitua Kutxabanki buruzko liburu bat izango da.Elebiduna izango da hedabidea, eta «bidegabekeriak» salatuko ditu

Txisko Espinosa, Ahoztar Zelaieta eta Nuño Santillana, Gabe komunikabidearen sortzaileak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2015eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Lanik gabe, etxerik gabe, eskubiderik gabe eta adierazpen askatasunik gabe» daudenentzat sortuko dute hemendik gutxira Gabe aldizkari digitala. «Beldurrik gabe, artazirik gabe, isilpekorik gabe, menpekotasunik gabe... ekingo diogu». Hala diote proiektuko sustatzaile nagusiek: Txisko Espinosa kazetari eta diseinatzaileak, Ahoztar Zelaieta kazetariak eta Nuño Santillana administrazioburuak. Harpidetza bidez finantzatuko dute komunikabide elebidun berria—webgunea euskaraz eta gaztelaniaz egingo dute—, nahiz eta webguneko eguneroko edukiak irekian doan irakurtzeko modua izango den. Ezkertiarrak, abertzaleak eta independentistak direla diote komunikabide berriaren sustatzaileek.

«Ikerketa kazetaritzan hutsune bat ikusten dugu, eta hori bete nahi dugu Gabe-rekin», iragarri du Espinosak. Egin-eko ikerketa arloa, Ardi Beltza eta Kale gorria oroitu ditu. «Kale gorria itxi zutenetik [Baltasar Garzon epailearen aginduz], azkeneko urteetan Interneten ikerketa lanak plazaratu dira, baina ez dago proiekturik erregulartasun batekin etamasiboki halako informazioak argitaratzen dituenik». Hutsune hori betetzen saiatuko dira Gabe-n. Ikerketa kazetaritza eta salaketa soziala izango dira aldizkariaren oinarriak.

Santillanak nabarmendu du finantza erakundeekiko «erabateko independentzia» izango duela proiektuak. «Ekonomia soziala erabiliko dugu, eta Koop57 tresnarekin egingo dugu lan». Harpidedunek, gainera, aktiboki parte hartuko dute proiektuan. Harpidetza prezioak ez dituzte finkatu oraindik. «Baina aintzat hartuko ditugu, esate baterako, prekaritate egoeran daudenak edota BERRIAren harpidedunak direnak».

Dosierrak eta liburuak

Gabe-ren harpidedunek urtean lau dosier eta bi liburu jasoko dituzte. Halaber, hilabetekari digitala Pdf euskarrian jasoko dute—urtean hamabi—. «Harpidedunek beren hemeroteka propioa osatzeko aukera izango dute, eta datu base bat ere eskainiko zaie, kontsultak erraz egiteko», esan du Espinosak. Urtean ikus-entzunezko bi lan ere egingo dituztela iragarri du kazetariak. «Ikus-entzunezko lan horiek laburrak izango dira, ikerketa kazetaritzakoak».

Gabe «kolaboratzeko izpiritu irekiarekin» jaioko dela nabarmendu du Espinosak: «Ez gara igorle hutsak izango. Kritiketara eta kolaborazioetara zabalik gaude. Halaber, prest gaude herritarrei ikerketak egiten laguntzeko, eta halakoak nola egin erakutsiko diegu». Hedabidearen sortzaileekin harremanetan jarri nahi duenak honako helbide elektroniko honetara idatz dezake: [email protected].

Ikerketak, batez ere, boterearen gehiegikeriak eta bidegabekeriak salatzera bideratuko dituzte. «Ustelkerian ari diren boteretsuak ernegatzea izango da Gabe-ren helburua», dio Santillanak. «Soilik Euskal Herriko gaiak landuko ditugu». Aurreratu du Arabako kontu asko azaleratuko dituztela. «Ez dugu bakarrik proiektu handien berri emango, baizik eta auzoetan dauden auzi txikiak ere plazaratuko ditugu».

Gabe-k argitaratuko duen aurreneko produktua Kutxabanki buruzko liburu bat izango da—Bizkaiko Hincapie argitaletxearen laguntzaz aterako dute—. Ahoztar Zelaietak idatzi du liburua, eta Durangoko Azokan salgai egongo da. Jóvenes burukides bizkainos eta La casta vasca liburuen egilea da Zelaieta. Kutxabankeko lanaren amaieran infografia eta datu ugari jaso dituzte. Azokaren ostean, kanpaina bat jarriko dute martxan hainbat hilabetez. Herriz herri aurkeztuko dute liburua, eta, horrekin batera, Gabe-ren berri emango dute. «Funtsezkoa da guretzat irakurleekin harremanetan egotea», esan du Santillanak. Sare sozialetan ere laster sortuko dituzte Gabe-ren soslaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.