Ikurrinari buruzko lan bat estreinatuko du etzi ETBk

Debolex etxeak egin du 'Ikurrinaren 120 urteak' dokumentala.Koldo San Sebastian, Asier Urbieta eta Nacho Escobar dira gidoilariak

Pertsona anonimo ugari ikurrinaz hitz egiten agertzen dira dokumentalean. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2014ko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurten 120 urte betetzen dira Luis Aranak, Sabino Aranaren anaiak, ikurrina aurrenekoz marraztu zuela. Bizkaia burujabearen ikur izateko sortu zuten Arana Goiri anaiek, baina, denborarekin, Euskal Herriko ikurrin bilakatu da euskaldunontzat. Ikurrinaren historia ez ezik, hainbat pertsonak ikurrinarekin izan dituzten pasadizoak kontatzen ditu Ikurrinaren 120 urteak dokumentalak. Astelehenean estreinatuko dute, ETB1 katean (22:15), eta ETB2n ostegunean ikusi ahalko da gaztelaniazko bertsioa (23:15).

Lanaren gidoilariak Koldo San Sebastian, Asier Urbieta eta Nacho Escobar dira. Escobar da lanaren zuzendaria; Debolex ekoizpen etxeak ETBrako propio egin du. «Dokumentalak badu faktore historikoa, baina pertsonen faktorean sakondu dugu», nabarmendu du lanaren zuzendariak. «Hainbat pertsonaren iritziak eta oroitzapenak jaso ditugu. Ez gara saiatu lan historiko bat egiten, baizik eta begirada bat eskaintzen gure banderarekin zer gertatu den jakiteko». Escobarren arabera, «adreilu bat» ez egiten saiatu dira: «Ez dugu historia liburu bat egin, baizik eta telebistarako produktu arin bat, datu batzuk tartekatuz. Lana entretenigarria izatea espero dugu».

Leizaola eta Feliu

Dokumentalean agertzen diren pertsona batzuk ezagunak dira, baina beste batzuk, ez hainbeste. Ezagunen artean Joseba Leizaola dago. Eusko Legebiltzarreko presidentea izan zen 1990etik 1998ra. «Dokumentalean, 1967ko Aberri Egunean filmatutako irudi batzuk ikusiko ditugu, eta irudi horiek hartzen Leizaola bera aritu zen, kamerari gisa». Beste pertsona bat Juan Mari Feliu da. «60ko hamarkadan Hego Amerikako mendi zeharkaldi batzuetan izan zen Espainiako federazioarekin, eta ikurrina jarri zuen tontor batzuetan. Itzuli zenean, atxilotu egin zuten».

Surfeko euskal selekzioko Ainhoa Tolosa eta Garazi Iturralde agertzen dira dokumentalean, eta horiek kontatuko dute txapelketetara nola beti ikurrina eramaten duten.

Pertsona anonimo ugari ere azaltzen dira Ikurrinaren 120 urteak lanean, berentzat ikurrinak zer esanahi duen kontatzen. «Elkarrizketa gehienak euskarazkoak dira».

Asier Hormaza aktoreak jarri dio off-eko ahotsa dokumentalari, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.