Bi urte dira Beñat Gartzia (Donostia, 1985) Hamaika telebistan lanean hasi zenetik. Aurreko denboraldian hainbat saiotan aritu zen. Bihartik aurrera futbol denboraldiari helduko dio, Hamaikakoa saio eraberrituan.
Beste etapa batzuk izan ditu Hamaikakoa saioak. Nolakoa izango da denboraldi berria?
Lehen, Hamaikakoa soilik Gipuzkoan eta Gipuzkoarako egiten zen. Bizkaian Harrobia egiten zuten. Hemendik aurrera, ordea, Hamaikakoa-k Euskal Herri osoari begiratuko dio. Batik bat Espainiako Ligako hiru euskal taldeetan jarriko du arreta: Reala, Athletic eta Eibar.
Futbolari ez ezik, egingo al diozue tartea beste kirolei?
Futbola izango da jaun eta jabe. Tertulia formatuko mahai inguru bat egingo dugu, hiru zatitan: Reala, Athletic eta Eibar. Mahai inguruan talde bakoitzeko kazetariak, adituak eta entrenatzaileak izango ditugu. Elkarrizketa edo erreportaje bat izango du astero, eta, tarteka, beste kirolen bat sartuko dugu.
Emakumezkoen futbolak zer-nolako presentzia izango du?
Batik bat elkarrizketa edo erreportajearen tartean sartuko dugu. Emakumezkoen Superligako emaitzak eta sailkapenak astero emango ditugu.
Zein kolaboratzaile finko izango dituzue mahai inguruan?
Zerrenda luzeak egin ditugu, solaskide bakoitza hilean behin etor dadin. Realaz aritzeko etorriko dira, besteak beste, Ander Altuna, Xabier Isasa, Imanol Arruti, Aratz Losada eta Imanol Magro. Athletici buruz mintzatzeko etorriko dira Beñat Zarrabeitia, Aitor Martinez, Jose Luis Artetxe eta beste asko. Astero bi kazetari etorriko dira taldeko. Biharko programan, halaber, Aitor Lopez Rekarte jokalari ohia izango da Realeko solasaldian, eta Lutxo Iturrino Athleticekoan.
Athleticek Txapeldunen Ligan jokatuko du. Zerbait berezia egingo al duzue?
Garrantzitsua da hori. Bihar, adibidez, Athleticek Shaktarren aurka jokatuko duen lehen partida aztertuko dugu. Gainera, Ander Iturraspe Athleticeko erdilaria elkarrizketatuko dugu. Txapeldunen Ligari begira jarriko gara, partidak dauden asteetan.
Eibarreko eta Realeko entrenatzaileen prentsaurrekoak euskaraz dira.
Bai, hori abantaila da guretzat. Euskal hedabideontzat baikorra da Arrasate eta Garitano euskaldunak izatea, haien adierazpenak sar ditzakegulako. Biekin elkarrizketak ere egingo ditugu datozen hilabeteetan. Pena da Athleticeko entrenatzailea euskalduna ez izatea.
Madrilen, kirol saioek asko begiratzen diete ikusle datuei. Zuek ez zaudete horren menpe. Lasaitasuna ematen du horrek?
Datuez harago, dena den, jendeari zer eskaintzen diozun pentsatu behar duzu. Beste kirol saio batekin gainontzeko kirolak landu genituen, eta ibilbidea egin zuen. Orain, pentsatu dugu futbola lantzea. Gainera, formatuagatik, saioak erraztasunak ematen dizkigu. Euskal Herrian futbolzale asko dago, eta iruditzen zait jendeak eskertuko duela programa.
Futbolak diru asko mugitzen du, telebistengatik neurri batean. Egitura horrek krak egin al dezake epe laburrean?
Oraingoz ez du krak egingo. Mundu paralelo bat da, beste dimentsio batekoa. Oraingoz horrela jarraituko duela iruditzen zait.
Espainian borrokak izaten dira kirol kazetaritzan. Euskal Herrian nola moldatzen zarete kirol kazetarien artean?
Nire esperientziagatik esan dezaket harreman ona daukagula. Ez dut uste arazorik dagoenik. Gure saiora hedabide askotako kazetariak etorriko dira: ondo moldatzen garen seinale.
Zein futbolari gustatuko litzaizuke elkarrizketatzea?
Asier Illarramendi elkarrizketatu nuen bere garaian. Baina orain pozik elkarrizketatuko nuke, galdetzeko ea Real Madrilen bete den berak espero zuena.
Beñat Gartzia. Hamaika telebistako aurkezlea
«Illarramendiri galdetuko nioke ea Madrilen bete den berak espero zuena»
'Hamaikakoa' futbol saioa erabat berrituta itzuliko da bihar Hamaika telebistako programaziora (22:00). Realaren, Athleticen eta Eibarren inguruko solasaldiak aurkeztuko ditu Beñat Gartzia kazetariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu