Bideojokoak

Indie jokoak, 'Call of Duty' eta 'Kirby'

'Demonschool', 'Forestrike', 'Morsels', 'Unbeatable' eta 'Europa Universalis 5' estreinatuko dituzte azaroan, baita 'Hyrule Warriors: Age of Imprisonment' ere.

Azaroko telesailak. GAME ERAUNTSIA
Azaroko telesailak. GAME ERAUNTSIA
Lander Unzueta Lekerikabeaskoa - Game Erauntsia
2025eko azaroaren 3a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroan sartuta, hilabeteko bideojokoen estreinaldien agenda ateratzeko garaia da. Aurreko hilabeteetan bideojokoen sekulako zaparrada jaso ondoren, datozen asteak pixka bat lasaiagoak izango direla dirudi; hala eta guztiz ere, obra independenteen aldetik argitalpen interesgarriak iritsiko dira.

Aspalditik espero ziren tituluak dira, gainera: Demonschool, Morsels eta Unbeatable kaleratuko dituzte, azkenik, eta, tartean, Forestrike eta Europa Universalis 5 ere bai. Joko handiagoak ere merkaturatuko dituzte, noski: Call of Duty: Black Ops 7, Kirby Air Riders eta Hyrule Warriors: Age of Imprisonment helduko dira egunotan.

Futbola ere nagusituko da. Football Manager 26 simulagailua kaleratuko du Segak, urtebetez desagertuta ibili ondoren. Manganimearen eta kirolaren jarraitzaileek, berriz, Inazuma Eleven: Victory Road-ez gozatu ahalko dute.

Euskal Herriko bideojokoentzako tokia egongo da, gainera. Alde batetik, Terrifier the ARTcade Game beldurgarria estreinatuko du Relevok —Bilbokoa da—; beste aldetik, nahiz eta jokoa Australiakoa izan, Windswept ofizialki euskaraz argitaratuko dute PCan eta kontsoletan.

 

1000xResist

 

  • Argitaratze data: 2025-11-04.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Sunset Visitor / Fellow Traveller.
  • Generoa: Abentura narratiboa.
  • Plataformak: PS5, Xbox Series (aurretik PCan eta Switch-ean).

Iaz PCtik eta Switch kontsolatik igaro ondoren, Sunset Visitor taldearen abentura saritua PS5ean eta Xbox Seriesetan estreinatuko dute. Etorkizunean dago girotuta istorioa, eta gizakiak lurrazpian ezkutatu dira, estralurtarrek ekarritako gaixotasunari aurre egiteko.

Iris da gaixotasunari biziraun dion gizaki bakarra; hain zuzen, haren klonetako bat izango da erabiltzailea. Bizirik jarraitzen duten ikusle (Watcher) bilakatuko dira jokalariak. Misterioak argituz eta iraganeko oroitzapenak esploratuz, sekretu ilunak ezagutuko ditu protagonistak.

 

Football Manager 26

    

  • Argitaratze data: 2025-11-04.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Sports Interactive / Sega.
  • Generoa: Kirola, simulazioa.
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series, Android, iOS (Switch bertsioa abenduan).

Berpiztuta eta indarberrituta iritsiko da aurtengo Football Manager. FM 25 argitaratu gabe utzi ondoren —garapen motorea aldatuta, arazoz betetako sormen prozesua bizi izan zuen Sports Interactivek—, FIFA erakundeko lizentziak hartuko ditu, lehen aldiz, simulazio frankiziak.

FIFAko taldeetako ekipamenduak, txapelketak eta jokalariak agertuko dira, beraz; are garrantzitsuagoa, emakumezkoen ligak ere gehituko dituzte oraingoan. Interfaze berritik hasita, aldaketa eta berrikuntza mordoa agintzen dituzte aurtengo atalerako.

Azaroan PC, PS5 eta Xbox Series plataformetarako FM 26 eta Android zein iOS gailu sakelakoetarako FM 26 Mobile iritsiko dira; abenduaren 4an, berriz, Switch kontsolarako FM Touch estreinatuko dute.

 

Satisfactory

    

  • Argitaratze data: 2025-11-04.
  • Garatzailea: Coffee Stain Studios.
  • Generoa: Simulazioa, sormena.
  • Plataformak: PS5, Xbox Series (aurretik PCan).

Baseak eraikitzea eta kudeatzea, baliabideak biltzea eta lagunekin elkarlanean sormenari bidea zabaltzea gogoko dutenentzako obra berezia dator PS5era eta Xbox Seriesetara. 2024an PCan estreinatu zuten Satisfactory, balorazio bikainak lortuta; orain, kontsoletarako bertsioa prestatu du Coffee Stain indie taldeak.

Mundu irekietan fabrika eta lantegi konplexuak —ahal izanez gero, behintzat— sortzera eramango du erabiltzailea, erabateko askatasuna sustatuta.

 

Europa Universalis V

   

  • Argitaratze data: 2025-11-04.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Paradox Tinto / Paradox Interactive.
  • Generoa: Estrategia.
  • Plataformak: PC.

Europa Universalis saga ospetsuaren bosgarren atala kaleratuko du Paradoxek. Ohi bezala, estrategia sakona proposatuko du: armaden arteko borrokak bizi daitezke, bai, baina diplomaziak eta ekonomiak ere sekulako pisua daukate frankizia honetan.

Risk mahai jokoaren bideari jarraituz, herrialde bat aukeratu, eta, haren bidez, bostehun urteko historia ezagutuko du erabiltzaileak. Tarte horretan, gertakari nagusiak nahiz txikiak jazoko dira, benetako bizipenak berreskuratuz eta historia alternatiboak erakutsiz.

 

Hyrule Warriors: Age of Imprisonment

    

  • Argitaratze data: 2025-11-06.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Koei Tecmo / Nintendo.
  • Generoa: Akzioa, musou.
  • Plataformak: Switch 2.

Nintendok eta Koei Tecmok musou jokoak sortzeko elkarlanarekin jarraitzen dute, beste behin, Zelda unibertsoa hartuta. Tears of the Kingdom-en kontatutako istorioan sakonduko dute oraingoan, iraganean Zelda printzesak bizitakoak erakutsita, heroi eta bilau berriak aurkezten dituzten bitartean.

Generoa ezezaguna egiten zaizuenontzat, Dynasty Warriors, One Piece Pirate Warriors, Warriors Orochi, Persona 5 Strikers eta halako jokoek eskaintzen dutena ikusi ahal izango da Hyrule Warriors berrian; hau da, erabiltzailea ehunka arerioren aurka arituko da borrokaleku zabaletan, kontrolatu beharreko heroien ahalmenekin eta eraso berezien ondorioz ikaragarrizko sarraskiak eraginda.

 

Unbeatable

   

  • Argitaratze data: 2025-11-06.
  • Garatzailea / Argitaletxea: D-Cell Games / Playstack.
  • Generoa: Abentura narratiboa / erritmo jokoa.
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series.

Musika jotzea kriminala da munduan. Horixe da abiapuntua, eta Beat protagonistaren bizipenak azalduko ditu joko honek. Urte luzez garapenean egon da Unbeatable tituluak —2021ean Kickstarter kanpaina arrakastatsua eduki zuen—.

Anime estetikako mundua eta pertsonaiak ezagutu ahala, erritmo minijoko artean ariko da Beat. Horrela, antz handia duen arren Guitar Hero eta Rhythm Heaven jokoekin, berezko izaera dauka. D-Cell Games-ekoek prestatu dute.

 

Windswept

    

  • Argitaratze data: 2025-11-11.
  • Garatzailea / Argitaletxea: WeatherFell / Top Hat Studios.
  • Generoa: Plataformak.
  • Plataformak: PC, PS5, Switch, Xbox Series.

Etxeko guztiei zuzendutako plataforma joko dibertigarria eta koloretsua sortu dute WeatherFell estudiokoek: Donkey Kong Country klasikoen bideari jarraituko diote Moker ahatearekin eta Oskol dortokarekin.

Bideojokoak itxura aparta dauka, baina barnean ezaugarri garrantzitsua ezkutatzen du: ofizialki euskaraz merkaturatuko da, Ibai Oihanguren zaleak egindako itzulpenari esker. Hortaz, kontsoletan eta PCan euskaraz jokatzeko aukera egongo da.

 

Lumines Arise

 

  • Argitaratze data: 2025-11-11.
  • Garatzailea: Enhance.
  • Generoa: Puzzleak.
  • Plataformak: PC, PS5.

Lumines puzzle jokoen sagako atal berria da Arise. Erortzen dabiltzan 2x2ko laukiak gidatu beharko dituzte jokalariek, kolore berekoak elkarrekin kokatuta, eta lauki erraldoia osatuta.

Antzeko jokoekin alderatuta, desberdintasun nagusia erritmoa da: musikarekin batera doan lerroaren parera heltzean lortuko dira puntuak, eta estrategia eta bizkortasuna sarituko dituzte. 35 maila, errealitate birtualarentzako euskarria eta multijokalari ezaugarriak agintzen ditu; are gehiago, estreinatu aurretik demoa probatzeko aukera dago.

 

Inazuma Eleven: Victory Road

 

  • Argitaratze data: 2025-11-13.
  • Garatzailea: LEVEL5.
  • Generoa: Kirola, RPG.
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch, Xbox Series, Xbox One.

Nintendo DSaren garaietan sekulako arrakasta lortu zuen Inazuma Eleven-ek —manganimeari ere eskertu behar dio oihartzuna—, eta orain arteko bideojokorik handienarekin dator. Nagumohara institutuan futbola eta RPG mekanikak anime estetikarekin elkartuko dira.

5.400 futbol jokalari errekruta daitezke futbol talderako, bakoitza bere estatistikekin, abileziekin eta mugimendu bereziekin. Denbora errealeko partidak istorio sakonarekin bateratuko dituzte garatzaile japoniarrek, sagaren zaleen pozerako.

 

Call of Duty: Black Ops 7

 

  • Argitaratze data: 2025-11-14.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Treyarch, Raven Software / Activision.
  • Generoa: Abentura narratiboa.
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One.

Sinestezina badirudi ere, Black Ops azpisagaren zazpigarren atala da dagoeneko. Lehen pertsonako tiro jokoak ohiko pieza eta osagai guztiak bilduko ditu: jokalari bakarrarentzako kanpaina —kooperatiboan gozatzeko aukerarekin—, multijokalari lehiakorra eta zonbi modalitatea ikusi ahal izango dira BO7n.

2035. urtera bidaiatuko dute jokalariek. Multijokalariari dagokionez, sei erabiltzaileko bi talde elkarren aurka jarriko dituen hamasei mapa, eta hogeiko taldeentzako bi mapa eskainiko ditu merkaturatzen denean.

 

Escape From Tarkov

 

  • Argitaratze data: 2025-11-15.
  • Garatzailea: Battlestate Games.
  • Generoa: Tiro jokoa.
  • Plataformak: PC.

Ateratze tiro joko (extraction shooter) ezagunak 1.0 bertsioa jasoko du, azkenik, PCan. PvPvE formatua proposatzen du; beraz, jokalariak elkarren kontra eta ingurunearen aurka jarriko ditu.

Bakarka, zein taldekideekin, mapa erraldoian barneratu beharko dira jokalariak, baliabideak eta altxorrak biltzeko helburuarekin. Horiek eskuan hartuta, ihes egiteko ordua iritsiko da... lortzen badute, noski, bidean gainerako soldaduek eraso egingo baitiete. 2017an abiatu zuen beta itxia; ordutik hona, dozenaka eduki eta berritasun jaso ditu.

 

Forestrike

 

  • Argitaratze data: 2025-11-17.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Skeleton Crew Studio / Devolver Digital.
  • Generoa: Akzioa, roguelike.
  • Plataformak: PC, Switch.

Kung-fu borrokak eta roguelike partidak uztartzen ditu Forestrike-k. Beraz, nahiko obra xelebrea da. Esan daiteke kolpeez gain puzzle erronka dela; hots, aurrez ezagutu ahal izango dira irabazteko mugimendu guztiak.

Nola? Yu protagonista aurreikuspenaren teknikaz (foresight) baliatuko da. Duelu bakoitza hasterakoan, zuzenean borrokan hastea erabaki daiteke, galtzeak heriotza dakarrela jakinda. Aurreikuspen moduan sartzea izango da egokiena: erronkak nahi bezainbeste errepikatzeko eta benetako duelurako prestatzeko modua emango du horrek.

Partida bakoitzari hasieratik ekingo zaio, bidean aldi baterako hobekuntzak zein abilezia iraunkorrak eskuratuta. Demoa proba daiteke, eta benetan merezi du.

 

Morsels

 

  • Argitaratze data: 2025-11-18.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Furcula / Annapurna Interactive.
  • Generoa: Akzioa, roguelike.
  • Plataformak: PC, PS5, Switch, Xbox Series.

Beste roguelike proposamen bat, oraingoan palanka bikoitzeko tiro jokoen oinarriak hartuta. Izaki bitxi bezain nazkagarri bilaka daiteke sagua, eta huraxe gidatuko dute jokalariek estolderietatik lurrazalerainoko bidean.

The Binding of Isaac, Enter the Gungeon eta Nuclear Throne tituluen ezaugarriak hartuta, zenbait izakitan bilakatu, eta haien abileziak eskuratuko ditu sagutxoak. Bakoitzak bere ahalmenak dauzka, eta, ez hori bakarrik, partidan eboluzionatuz joango da erabiltzailea, askotariko hobekuntzak desblokeatuta.

Aski ezaguna da halako jokatzeko modua, eta estilo horri 90eko hamarkadan ikusten ziren zenbait animazio telesailetako estetika gehitu behar zaio: demoa proba daiteke kaleratu aurretik.

 

Demonschool

 

  • Argitaratze data: 2025-11-19.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Necrosoft Games / Ysbryd Games.
  • Generoa: Estrategia taktikoa, JRPG.
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch, Xbox Series, Xbox One.

Indie tituluekin jarraituz, jendea zain zegoen bat estreinatuko da azaroan. Iaz kaleratu behar zuten Demonschool interesgarria probatzeko aukera edukiko dute Persona edo Final Fantasy Tactics zaleek.

Ikasle talde askotarikoa izango da ardatza: egunerokoan bizitzen dituztenak ikusiko dira haiekin batera, klasean parte hartuz, ikasiz eta harremanak kudeatuz. Are gehiago egongo da, ordea, deabruen armadara aurre egiteko lana hartuko baitu erabiltzaileak: estrategia taktikoa eta JRPG elementuak batzen dituen borrokak prestatu dituzte Necrosofteko garatzaileek.

 

Kirby Air Riders

 

  • Argitaratze data: 2025-11-20.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Sora Ltd., Bandai Namco / Nintendo.
  • Generoa: Lasterketak.
  • Plataformak: Switch 2.

Nintendoren hilabeteko bigarren estreinaldi handia Kirby-ren eskutik iritsiko da. GameCube kontsolan estreinatutako Air Ride bereziaren jarraipena kaleratuko du Masahiro Sakurai zuzendariak Switch 2an: Kirby Air Riders.

Mekanika ulerterrazak jokatzeko modu dinamikoarekin eta lehiakortasunarekin batuko ditu lasterketa tituluak. Makina eta gailu anitzen gainean lehiatuko dira lasterketak, eta Kirby, Meta Knight, King Dedede eta beste pertsonaia ezagun batzuk izango dira gidariak. Modalitate eta sekretu mordoarekin, Mario Kart eta halakoetatik urrunduko den arkade lasterketa jokoa izango da Kirbyrena. City Trial partidak bueltan dira.

 

S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl

    

  • Argitaratze data: 2025-11-20
  • Garatzailea: GSC Game World
  • Generoa: Tiro jokoa, beldurra
  • Plataformak: PS5 (aurretik PCan eta Xbox Seriesetan)

Iaz ordenagailuetan eta Xboxen estreinatu zuten S.T.A.L.K.E.R. 2-ren PS5eko argitalpena ikusiko dute Sonyren erabiltzaileek. GSC Game World Ukrainako taldearen tiro jokoak eremu misteriotsura eramango du erabiltzailea berriz ere, beste soldaduen eta naturaz gaindiko izakien aurka jarrita.

Jatorrizko bertsioak jaso zituen kritikak ez ziren onenak izan, nahiz eta begirada guztiak erakarri. Zorionez, oinarriak sendotzeko eta hobetzeko lana hartu dute garatzaileek, adabakien bidez A-life sistema berrezarrita, edo munizioaren eta armen funtzionamendua aldatuta.

 

Terrifier: The ARTcade Game

 

  • Argitaratze data: 2025-11-21.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Relevo / Selecta Play.
  • Generoa: Akzioa, beat ‘em up.
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series.

Etxeko bideojoko bat izango da azaroko azkena: Relevo Bilboko taldeak beldurraren generoari helduko dio Terrifier: The ARTcade Game-rekin; hori bai, kolpeak izango dira ardatza.

Beat ‘em up mekanikekin, aspaldiko Cadillacs & Dinosaurs, Golden Axe eta Final Fight mitikoen kutsua hartzen du Terrifier filmetan girotutako tituluak; estetika aldetik, baina, Scott Pilgrim vs The World: The Game maitatuaren estilo grafikoa hartu dutela hauteman daiteke. Sei modalitatetan, lau lagunek elkarrekin kolpeka eta borroka odoltsuetan aritzeko aukera edukiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.