2018tik ari da Noticias de Gipuzkoa-ko zuzendari Eduardo Iribarren (Donostia, 1966). Aurretik urte ugari egin zituen kazetari egunkari horretan bertan, baita Deia-n ere.
Nola ospatu duzue Noticias de Gipuzkoa egunkariaren hogeigarren urteurrena?
Festa handi bat egin genuen Donostian, San Telmoko abadian. Agintariak eta hainbat alorretako ordezkariak etorri ziren. Ekitaldian, nondik gatozen gogoratu genuen: neurri batean, nola hasi ginen duela hogei urte, nolakoa izan den ibilbidea, eta ibilbide horrek zer testuinguru izan duen ere bai. Nabarmendu genuen lantalde bat garela, eta langile guztien arteko lana dela hau. Bestalde, joan den larunbatean ehun orrialdeko gehigarri berezi bat argitaratu genuen.
Zer nabarmenduko zenuke egunkariak hogei urte hauetan egin duen bideaz?
Irautea da benetan garrantzitsuena, bidea irekitzea. Eta hori ez da erraza, are gutxiago Gipuzkoan. Iritsi ginenean, hedabide oso egonkortuak zeuden, eta ez zen erraza izan hor bidea irekitzea. Baina lortu genuen. Bestalde, trantsizio digitala egin dugu. Hortaz, bidea irekitzea oso garrantzitsua izan da, eta, gero, irautea.
Zuen egunkariarentzat, zein dira egun erronkarik handienak?
Bi formatutan ateratzen dugu: paperean eta webean. Baina digitala da egun jende gehien biltzen duena. Papera nitxo batentzat gelditu da, neurri handi batean. Masa-edo, ordea, eremu digitalean daukagu, webean. Gure weba, bestalde, irekia da: irakurleak ez du ezer ordaindu beharrik. Etorkizunari begira, arlo digitalean sakontzea izango da erronka, are gehiago adimen artifizialaren kontua tartean izanda.
Askok aipatzen dute adimen artifiziala aho biko ezpata bat dela. Noticias taldean tresna bat sortu duzue: albiste guztiak sei hizkuntzatan irakur daitezke, eta euskaraz ere bai. Zer moduz dabil?
Tresna edo zerbitzu moduan ikusi behar da. Nahiz eta beste hizkuntzak hor egon, euskararen alde egitea zen helburua, batez ere. Gure produkzioa gazteleraz egiten dugu gehienbat, nahiz eta badaukagun produkzio propioa euskaraz. Eta tresna honek gaztelerazkoa euskaratzen du. Uste dut ondo dabilela. Azken finean, zerbitzu bat da, eta nahiko itzulpen duinak eskaintzen ditu.
Noticias de Álava egunkariko langileek protesta batzuk egin zituzten, azpikontratatutako enpresa batean ChatGPTrekin ari zirelako albisteak sortzen. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Erreminta bat da. Eta zuk aukera duzu erreminta hori baliatzeko, betiere albiste edo ekoizpen hori kazetari batek gainbegiratu edo zuzendu badu. Aitortu behar dugu: produkzio handia dago, eta beti ez dago behar beste esku produkzio horri eusteko. Adimen artifiziala erabil daiteke lagungarri moduan, baina kazetariak zuzenketa eta zaintza lana egin behar du beti, edo bere ukitua eman beharko dio testuari. Esango nuke Interneten kontsultatzea bezala dela, edo Googlen begiratzea bezala. Azken finean, garrantzitsuena da kazetaritzak eskatzen dituen zuzentasunaren aldeko kontuak betetzea.
Albiste faltsuak, bestalde, beti egon izan dira. Jakina da frankistek zer esaten zuten Gernikako bonbardaketaz... Gaur egun, ordea, ez al dira albiste faltsuak oso bizkor zabaltzen sarean?
Orain, sare sozialek oso arin zabaltzen dute dena. Albiste faltsuak eta gezurrak zabaltzen dituzten talde batzuek oso ondo maneiatzen dituzte prozesu horiek, eta, gainera, intentzioz. Baina hori guztia ez da, berez, kazetaritzaren arazo bat. Askotan karga edo ardura kazetaritzan edo kazetaritzako enpresetan jartzen da, eta badagokigu gai hori zaintzea, bai. Baina irakurleei ere bai: jakin beharko lukete non bilatu, eta ez teknologiak sareetan-eta eragiten duen hori aitzakiatzat erabili guztiak zikintzeko. Guk gauzak ondo edo okerrago egingo ditugu, baina orokorrean badaukagu deontologia bat, prozesu bat. Gainera, sinadurak daude beti artikuluen atzean. Albisteen atzean beti dago norbait albiste horretaz arduratzen dena eta azalpenak eman ditzakeena.
Demokrazia batean zer garrantzi du komunikabide indartsuak eta kazetari independenteak izateak?
Askotariko informazioa behar da, plurala. Informazio profesionala ezinbestekoa da. Ez dut esan nahi amateurrak edo afizionatuak balio ez duenik, baina, azkenean, profesionalek, beren gabeziak gabezia, ekarpena egiten diote gizarteari, demokraziari. Pluraltasun hori ezinbestekoa da. Garai zailak dira, orokorrean, komunikabide guztientzat. Eta erakundeek aintzat hartu behar dute hori, legeak onartu, eta komunikabideen alde egin edo komunikabideak babestu eta bultzatu. Zeren dena Googleren esku gelditzen bada, eta Googlek sartzen baditu arauak, legeak eta hori guztia...

Papereko publizitate sarrerak hor daude oraindik. Zer garrantzi dute?
Paperean badago salmenta kopuru bat, badaude diru sarrera batzuk, eta badago beste gauza inportante bat ere: marka bat, mantxeta bat. Nahiz eta kiosko gero eta gutxiago egon, oso garrantzitsua da paperean hor marka batekin egotea. Natibo digital askok ziur asko nahiko lukete halako marka bat eduki. Mantxeta bat izateak izen ona ematen dizu. Oraindik marka digitalak paperetik jasotzen duen izen on hori? Ba bai, halaxe uste dut.
Zer moduz zazpi urte hauetan zuzendari karguan?
Bizkor joan dira, baina ondo. Zuzendari izateak erredakzio barruarekiko ardura dakar, produktua nola egin, nola antolatu guztia, baina baita kanpoalderako eragina ere. Kanpotik ere jasotzen dituzu hainbat inpaktu.
Hogeigarren urteurreneko ekitaldian esan zenuen etorkizuna ez dagoela idatzita.
Ezustekoak beti izango dira, eta kontatu egin beharko zaizkie herritarrei. Hori esan nuen, baina ez hainbeste etorkizunean pentsatuz, baizik eta iraganean. Gu 2005ean atera ginen, eta, handik hiru urtera, krisi ekonomikoa izan zen. Eragin handia izan zuen horrek. Gero, 2020an, pandemia izan genuen; guretzat infernuaren parekoa izan zen egoera hartan egunkaria antolatzea. Orain, berriz, adimen artifiziala dago tartean, eta auskalo etorkizunean zer etorriko den. Edonola ere, prestatu egin behar duzu, planifikatu... eta auskalo zer gertatuko den. Baina jarraitu egin behar da, eta ezin duzu behea jo.