Input telebista publikoen eta programen sortzaileen erakundeak nazioarteko konferentzia Euskal Herrian egingo dute lehenbizikoz. Bihar hasi eta hilaren 7ra arte, Bilboko Euskalduna jauregian egingo dute topaketa hori. Munduko 300 profesional baino gehiago bilduko dira bertan, lan saioetan kate publikoetako ekoizpenak, formatuak eta saioak aurkeztera.
Harrera ekitaldia egingo dute bihar. ETBko zuzendari Unai Iparragirrek egingo die ongietorria parte hartzaileei —hain zuzen ere, EITBk egingo ditu anfitrioi lanak—. Judt Tam Input-eko presidentea ere lehen ekitaldi horretan izango da.
Igandean, astelehenean, asteartean eta asteazkenean jardunaldi profesionalak egingo dituzte Euskaldunan. Goizetan hiru lan saio egingo dituzte, hiru aretotan banatuta, eta arratsaldetan beste hainbeste. Guztira, munduko telebista publikoen 72 formatu edo programarik onenak aukeratu dituzte biltzarrerako. Horiek ikusteko aukera izango da, baita eztabaidatzeko ere. Munduko hainbat herrialdeetatik iritsitako hamabi moderatzaileren esku egongo dira lan saioak.
Egitarauaren barnean, etzi arratsaldean Bilboko EITBren egoitzan bisita izango dute parte hartzaileek. Astelehenean, berriz, Input Midweek Party jaialdi berezia egingo dute Guggenheim museoan. Jaialdi horretan hitza hartuko dute EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak, Input-eko presidente Judy Tamek eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak.
ETBren bi hitzaldi
Euskal Irrati Telebistak bi hizlari izango ditu nazioarteko konferentzian: astelehen arratsaldean, Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendariak Primeran plataformako hiru ekoizpenen gainean hitz egingo du: Krimenak. Gure kronika beltza dokumental saioa, Itsatsita Berriz fikzio musikala eta ETS taldearen kontzertuaren zuzeneko emanaldia. Astearte goizean, berriz, ETBko zuzendari Unai Iparragirrek TV That Matters —How ETB uses factual content to make a difference— (Inporta duen telebista — Nola erabiltzen dituen ETBk factual edukiak egoera aldatzeko) izenburuko hitzaldia emango du. Klik Belaunaldia dokumental saioaz ere ariko da —Primeran plataforman dago ikusgai—.
Iaz, Charleston hirian (Hego Karolina, Ameriketako Estatu Batuak) egin zuten Input nazioarteko konferentzia. ETBko zuzendaria han izan zen, eta bertan Porno belaunaldia dokumental saioa aurkeztu zuen —hainbat sari jaso ditu azkeneko bi urteetan—. Orduko hartan munduko 23 herrialdetako hedabide publikoetako ordezkariek parte hartu zuten.
Maiatzean bertan, nazioarteko beste ekitaldi garrantzitsu bat egingo dute Euskal Herrian: GEMA Europe Summit & Awards. Donostiako Tabakaleran ospatuko dute, hilaren 22an. Antolatzaileak EITB eta Global Entertainment Marketing Academy of Arts & Sciences erakundea dira.