'Ipar Euskal Herriko Hitza' lau astez dohainik eskuratzen ahalko da

BERRIAtik bereizirik astekariak bide propioa zabaltzea da ideia.Harpidetzak 24 euro balio du

Baionan aurkeztu zuten kanpaina berria, atzo, euskalgintzako hainbat ordezkarien artean. SYLVAIN SENCRISTO.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko euskalgintzako ordezkariek sostengua helarazirik, Ipar Euskal Herriko Hitza bide propioa hastekotan da. Konkretuki, BERRIArekin batera eskuratu ahal izateaz gain, Ipar Euskal Herriko Hitza bera bakarrik ere jasotzen ahalko da ostiralero. Lehen lau asteak dohainik eskuratzea, hori proposatzen du abiatu berri den kanpainak. Eta, hortik, nahi duenak segitzen ahalko du jasotzen Hitza, ideia delarik urteko harpidetza proposatzea irakurleari; hau da, irailetik uztail bukaera arte, 45 bat zenbaki. Erran nahi baita, urteko harpidetza 24 euroren truke.

Bide berri hori «apustu» gisa aurkeztu du Ipar Euskal Herriko Hitza-ko kazetari Iñaki Etxelekuk: «Irakurle gehiagorengana heltzeko». Kontuan hartu dute «jende bat ez duena baitezpada egiten BERRIAren harpidetzarako urratsa, BERRIA irakurtzea beharbada zail egiten baitzaio edo». Banaketa berezitu berri horrekin, «jende horri eskaintza bat egitea» da xedea. Ipar Euskal Herriko Hitza-ko lantaldea ere sendotzea bada ideia. Adibide bat emateko, ostiral honetan bertan iritzi atalak aldaketak ekarriko ditu: astez aste, lau solaskideren arteko trukaketak, baita bertsoari tarte bat ere.

«Eutsi beharreko erronka» gisa aurkeztu du pario berria Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak. Otamendik esan zuen komunikabide guztiek jarrera murriztailea dutela, komunikabidea ixten ez dutenak orrialde kopurua jaisten ari direla eta guztiak langile gutxiagorekin dabiltzala. «Guretzat garrantzitsua da Euskal Herri osoan edukitzea presentzia euskarazko prentsak», gaineratu du. Bide batez, Herria euskarazko Ipar Euskal Herriko astekariaren lana gogoratu nahi izan du. «Urteetan egin duen lana eta egiten ari dena» aitortu dio.

Kanpainaren aurkezpenera bildutako Ipar Euskal Herriko euskalgintzako ordezkariek egitasmoa txalotu dute. Bilduen artean, Sebastien Castet Euskal Konfederazioko ordezkariari «biziki ideia interesantea» egiten zaio «denbora eskasagatik-edo BERRIA osoa irakurtzea zaila zaienei begira tokiko informazioa ukaitea, euskaraz eta astero ». Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak deia egin die ikasle ohi, guraso zein aitatxi eta amatxiei doako kanpaina hori baliatzeko: «Entsegua egin dezaten bederen. Hastapenean ahalegin bat izanen da beharbada, baina fite ohartuko gara plazer bat dela». Jakes Bortairuk, AEKren izenean bilduak, nabarmendu euskaldun oso bilakatzeko bidean zein garrantzitsua den irakurketa, eta eskaintza «tresna berri» baten moduan ikusten du «errazteko irakurmen hori».

Lehen zenbakia 2010eko azaroaren 5ean kaleratu zuen Ipar Euskal Herriko Hitza-k. Zortzi orriko astekariak orduz geroztik webgunea martxan emana du. Astekariaz gain, egunerokoekin elikatzen da webgunea. Beste Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideekin elkarlana sustatuz doa halaber astekaria, dela hilabetean behineko Ahoan bilorik gabe izeneko saioarekin, dela saio nagusi batzuetan zuzenekoak eskainiz, hauteskundeen karietara partikularki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.