Euskara berandu iritsi izan da eremu batzuetara, beste hizkuntza batzuetan baino dezente geroago. Baina badira salbuespenak. Interneten, kasurako. Euskal Herrian egindako lehen irrati digitala ez zen izan gaztelaniazkoa edo frantsesezkoa, euskarazkoa baizik. Duela egun gutxi bete dira 25 urte Patxi Gaztelumendik eta Jabi Zabalak Irratia.com martxan jarri zutenetik. Euskaratik eta euskaraz ari ziren. Baina oso bestelakoa zen Interneten euskaraz zegoen eskaintza. Bihar, 20:00etatik 22:00etara, Bilboko 97 irrati librean irratsaio berezia egingo dute: 25 urteotan irratigintzak eta Internetek izan duen bilakaera aztertuko dute.
«Webgintza abian zen. Komunikazioaren aro berri bat zabaldu zuen Internetek. Eta gu geu ere hasiak ginen gauzak argitaratzen. Testua, argazkiak, soinua... [lehen blogak]. Guztia elkartu eta hedatzea zen orduko amets egingarria. Guk denbora errealean gure doinuak eta audioak eskaintzeko, han eta hemen zertan zebiltzan begira ari ginen», gogoratu du Gaztelumendik. Hark eta Zabalak Euskaldunon Egunkaria-n ezagutu zuten elkar. «Antzeko kezkak genituen, komunikazioa lantzen ari ginen eta teknologia berrienak aukera gisa ikusten genituen. Irratigintzan ere, arituak ginen aurretik tokiko irrati libreetan. Bilboko Tas-Tas irrati librean saio berri eta berritzaile bat egiten hasi ginen, eta Internet bidez eman behar genuela pentsatu genuen». Baina baziren Interneteko mundu hasiberriari mesfidantzaz begiratzen zioten euskaldunak ere, Zabalak aipatu duen moduan: «Kontraste handia zegoen gure liluraren eta gaiaz paso egiten zuten gehienen artean. Are gehiago, jarrera teknofobo harro samarra zegoen, euskaldun jatorkeria modukoa, euskal intelligentsia-ren baitan. Apokaliptiko eta integratuen antzera ari ginen sokatiran. Ez dakit dikotomia horrek balio duen gure orduko egoerarako, baina sarearen ahalmenez liluratuok kezka handia geneukan orduan. Euskaldunak atzean geratzen ari ginen, eta, beraz, beldurra genuen betiko atzean geratuko ote ginen». Baina ez ziren atzean gelditu. «Mundu mailako konektibitate ahalmenaz liluratuta geunden oraindik, ikusirik hitz idatziak ez ezik audioak ere hedatzeko aukera zegoela aldi berean».
Irratia Internetera eramateko saiakerari ekin zioten. Garai berezia izan zela gogoratu du Zabalak: «Euskaldunen artean teknofiliaren proselitismoa egin, eta gure beste zaletasun batzuekin, irratigintzarekin eta musikarekin, uztartzen saiatu ginen. Jendeak munduko beste punta batetik entzuten zuela jakindakoan, walkie-talkie baten bidez urrun dagoen ezezagun batekin kontaktua egiten duen haurrak izaten duenaren pareko sentipena genuen». Hain zuzen ere, 2000ko azaroaren 1ean egin zuten Internet bidezko lehen irratsaioa, eta bertan Fermin Muguruza musikaria elkarrizketatu zuten. Gaztelumendik ez ditu xehetasunak ahaztu. «Muguruzak disko berria plazaratu berri zuen, FM 99.00 dub manifest. Hitz joko polita zen, FMa batetik eta diala bestetik. Guk Muguruzari elkarrizketa zuzenean egin, eta irratiaren uhinen mugatik askoz harago zabaldu nahi genuen. Horrez gain, edonoiz eta edonon gure saioa grabatzeko aukera eskaini nahi genuen».

Gainera, Irratia.com-en txat bat sortu zuten. Entzule batzuek, sinestezina iruditzen zitzaien arren, galderak idatzi, eta esatariek irratsaiora eraman zituzten. «Bagenekin zerbait ederra egitekotan ginela. Eta harrera ere halakoa izan zuen. Internet eta euskarazko irratigintzan jauzia izan zen, gerora etorriko zenaren erakusle», dio Gaztelumendik. Zabalak gogoan du oso harrituta gelditu zirela jasotako erantzuna ikusita: «Flipatu egiten genuen AEBetatik edo Australiatik feedbacka jasotzen genuenean».
Euskal Herriko entzuleei dagokienez, bakoitza bere etxean zen. Urko Rodriguez izan zen lehen entzule haietako bat. Irratia.com-eko lehen emanaldia «kuxkuxeatzera» sartu zen, eta ezustekoa hartu zuen. «Irratiak zeukan txatean gure iritzi, iradokizun edota hausnarketak idatz genitzakeen, Gaztelumendik eta Zabalak orduantxe bertan irakurtzeko moduan. Lehen aldi hura inpaktantea iruditu zitzaidan. Konektatzen ari nintzenetik ordenagailua itzali nuen arte, zerbait handia bizi izanaren irudipena neukan oheratzerakoan; ordura arte ezin nuen pentsatu ere egin halakorik egin zitekeenik». Ikasten ari zen orduan Rodriguez, eta biharamunean klasekideei emozioz kontatu zien bizitakoa. «Sintonia ere ez zait ahaztu... Basque Electronic Diasporako hirugarren bolumenean zegoen Jimmy Arrabiten Irratibana pieza instrumentala zen. Entzuten dudan aldiro, Irratia.com-eko hasierara narama nahitaez». Rodriguezek ez zuen Internet bidezko beste irratirik ezagutzen. «Garai hartan, munduko edozein tokitatik euskarazko irrati bat entzuteko aukera zegoela ikusteak aurrerapauso handi baten lekuko ginela pentsatzera eraman ninduen».
Mugak gainditzeko modu bat
Zabalak gogoratu du hasieran ez zekiela ia ezer informatikaz. «Audio streamingari buruz zegoena ikasi, eta martxan jarri genuen proiektua, eta gero ibili ahala joan ginen ikasiz, gauzak hobeto eta errazago eginez. Kanaletarako live365.com izeneko doako zerbitzu bat erabili genuen». Gaztelumendik ere orduko bitxikeria bat kontatu du: «Lehen saioa egin genuenean, faxeko linean konektatu zuen Zabalak modema. Orduan ez zegoen Internetik bulego eta etxe askotan. Gure ordenagailuak, modemak eta antzeko gailuak baliatzen genituen, eta irrati libreko estudioa eta telefonoa erabiltzen genituen elkarrizketak egiteko». Baina argi zuten saiakera haren bidez bide bat zabaltzen ari zirela. Zabala itxaropentsu zebilen: «FMaren muga fisiko eta legalak zorrotzak ziren, orain bezala, eta Internetek aukera ematen zuen horiek gainditzeko». Euskara munduan zabaltzeko. Hain zuzen ere, Jalgi hadi dantzara! irratsaioa egiten zuten Bilboko Tas-Tas irratian.
Egitasmoa martxan jarri eta hurrengo asteetan, komunikabide batzuen arreta piztu zuen Irratia.com-ek. EITBko irrati batek, ordea, ez zien elkarrizketarik egin nahi izan, arduradun batek argudiatu baitzuen «lehiakideak» zirela. Hala oroitu du Zabalak. «Baina irrati libre batzuek interesa adierazi zuten orduan, eta, elkarrekin koordinatzeko aukeraz gain, audioak elkarri bidaltzeko aukera zegoela azaldu genien. Hura izan zen Arrosa sarearen abiapunturako aukera teknologikoa, eta bertan ibili ginen, irratietako jendea konbentzitzen eta trebatzen». 2001ean jaio zen Arrosa sarea, Nafarroa Behereko izen bereko herrian.
Irratia.com-en harrera, bere txikitasunean, «ederra» izan zela gogoan du Zabalak: «Gu bezain liluratuta zeuden entzuleak. Pentsa, irrati libre baten irismena orduan kilometro gutxi batzuetakoa zen, eta irrati handienek ere ez zuten aukerarik ematen zuzenean txataren bidez feedbacka egin eta solastatzeko». Hor hasi zen euskal komunitate digital bat sortzen.

2001ean, Irratia.com egitasmoari eman zioten Sareko Argia saria. Gaztelumendik gogoratu du urte horretan Korrikako furgonetan ibili zirela, herrialdez herrialde, irratiz irrati, emankizun bereziak egiten. «Korrika munduan zabaldu nahi genuen, Fermin Muguruzaren erritmora, Bilbotik Baionara, Euskal Herri osoan. Irratietako lagunentzat bitxia zen, baina interesa agertzen zuten. Eta denborak erakutsi du oso posible zela».
Bide horretan jarraitu zuten bi ekintzaileek bolada batean: Gaztelumendi bereziki edukiez arduratzen zen, eta gai berriak proposatzeaz. Zabalak webguneak txukundu, zerbitzaria mantendu eta tresnak lortzen zituen. Musika kanal batzuk ere bazituen Irratia.com-ek, baina handik bolada batera itxi egin behar izan zituzten, «SGAE Espainiako Autore eta Editoreen Elkarteak mehatxatuta». Teknologia garatu ahala, Irratia.com irratsaio soil bihurtu zen azkenean. Gaztelumendik, hala ere, aipatu du saio bereziak zirela haiek. «Kafe Antzokian kontzerturen bat emititu genuen. Baina irratiek Internet bidez emititzea normal bihurtu zen, zorionez».
Lehen podcastak
2010era arte iraun zuen Irratia.com-ek. Zabalak dio duela 25 urte baino eszeptikoagoa dela gaur egun. «Hasierako gure tesia hauxe zen: euskara sarean [ere] salbatzen da, edo ez da salbatuko. Liluratuaren edo integratuaren diskurtsoa zen, Olivetti zaharraren xarma defendatzen zuten azken apokaliptikoenaren aurrean. Gaur egun, tamalez, euskaldunok Interneten gaude, bai, orduko teknofobia protekzionista hura desagertu da ia erabat, baina horrek ez du esan nahi euskaraz aritzen garenik». Ezkor mintzo da Zabala egungo egoeraz: «Burbuila isolatuen munduan bizi gara, eta erdarek duten nagusitasuna erabatekoa da burbuila horietako gehienetan. Euskaldunok horietan ibiltzen gara gehienbat, eta askoz gutxiago euskal burbuila bakanetan. Pantailak eta entzungailuak euskarazko edukiekin hornitu eta beraiekin elikatzen ez bagara, jai dugu euskaldunok».
Irratia.com, bestalde, garai bateko euskarazko lehen podcast gisa har daitekeela uste du Gaztelumendik. 2000ko hamarkadan, batez ere 2003tik aurrera, Internet bidezko i-rratsaioak egiten hasi ziren. Egun podcast gisa ezagunak direnak, alegia. Euskal Herrian, Gorka Julio izan zen etxetik podcast bat egiten hasi zen lehenengoetakoa: 2005ean ekin zion Teketen irratsaioa egiteari; Andoaingo (Gipuzkoa) bere etxean grabatzen zuen, eta Interneten jarri. Garai hartan halako lau irratsaio baino ez zeuden katalanez sarean, eta galegoz bakarra. Egun, edozein herritarrek grabatu eta sareratu dezake podcast sinple bat sakelako telefonoa erabiliz. Baina bere garaian aitzindariak izan ziren Gaztelumendi eta Zabala, baita Julio ere. Haiei esker, bizkor ibili zen euskara.