Komunikazioa

'Irrikitown' eta 'Ya queda menos', ETBko umorearen bi zutabeak

Gaztelaniazko umore saioa bihar estreinatuko dute; euskarazkoa, berriz, maiatzaren 5ean

Irrikitown eta Ya queda menos umore saioetan parte hartuko duen lantaldea. EITB.
Adrian Garcia.
Donostia
2013ko apirilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Umorearen aldeko apustu irmoa egin du ETBk denboraldi honetan. Euskara eta gaztelaniako kateetarako umore saio bana prestatu dituzte; Ya queda menos gaur estreinatuko dute ETB2n, 22:30ean, Oscar Terol eta Sara Gandara aurkezle dituztela. Maiatzaren 5ean, igandearekin, berriz, Irrikitown emango dute.

Batera jaio dira bi umore proiektuak, eta ezaugarri oso paretsuak dituzte; esketxak izango dituzte ardatz biek. Esketx horietan parte hartuko duten hainbat aktore ere bi umore saioetan arituko dira: Asier Hormaza, Iker Galartza eta Miriam Cabezas. «Saio bat ulertzeko bestea guztiz beharrezkoa da. Hausnarketa beretik erabaki genuen biak martxan jartzea», azaldu du Pello Sarasolak ETBko zuzendariak.

Gaurkotasunean jarri nahi du indarra ETB2 kateak, herritarrentzako erreferentzia bihurtzeko. Horretarako, gaur-gaurko gaiak hainbat ikuspegitatik jorratu nahi dituzte, eta horretara dator, hain zuzen ere, Ya queda menos saioa. «Saio hau gizarte zerbitzu bat da. Gaur-gaurko gaiak txikitu eta pure bat egingo dugu, jendeak txegosi eta irribarre batekin ohera joan dadin». Oscar Terol eta haren taldeak gaur-gaurko gaiak umorez landuko dituzte. Gainera, «lehendakariaren bufoiak» izango dira: «Webcam baten bidez, saioro gurekin izango da», azaldu du Terolek.

Bi saioetan parte hartuko duten aktoreez gain, Humberto Gutierrezek, Santi Ugaldek eta Maribel Salasek ere osatuko dute lantaldea. Santi Terolekin batera, Sara Gandara ibiliko da aurkezle lanetan, eta platotik esketxak aurkeztuko dituzte. Iñigo Agirreere batuko da saiora, eta legebiltzarrean politikariei galderak egingo dizkie. «Etxeko gauzetan jarri nahi dugu begirada, eta adibidez, lehen saioan, atez atekoaren gaia hartuko dugu. Orio ekoiztetxeak prestatu du saioa.

Atsoen azkena

Igande honetan Kontuz Atsuak saioaren azken atala emango dute ETB1ean , eta leku hori beteko du aurrerantzean Irrikitown-ek. Aspaldi ez zuen ETB1ek esketxekin osatutako umore saiorik egin. «Gure jendeak hori eskatzen digu. Euskaldunek asko estimatzen dituzte», azaldu du Sarasolak. Pausoka ekoiztetxearen eskutik jaio da umore saioa.

Iker Galartzak berak azaldu du euskarazko umore saioaren izenaren zergatia, hein handi batean saioaren izpiritua islatzen duena: «Zuek guri begira irri egiten duzue, gu irrikaz gaude jendeak irribarre egin dezan. Irritik barrera pasatzen bagara zer esango dizut: Irrikitown».

Bost aktoreko lantaldea izango du euskarazko umore saioak. Goian aipatu hirurekin batera, Andoni Agirrregomezkortak eta Itziar Atienzak egingo dute lan. «Esketxak egiten eskarmentu handia dugu», adierazi du Iker Galartzak. 40 minutuko saioa emango dute igande gauero, «euskaldunen hautua izateko asmoarekin». Egunerokoari oso gertutik begiratuko diote, gaur-gaurko gaiei buruzko parodia eginez. «Gure herrian kezkatzen gaituzten gaiak hartuko ditugu. Geure buruaz ere barre egingo dugu, hori ere ona dela uste dugulako», dio aktoreak.

Javier Garcia de Bikuña da saioko zuzendaria; eskarmentu handia du De Bikuñak umorea lantzen, hamar urtez izan baita Vaya Semanita saioko zuzendaria. «Erronka handia dugu, ikus-entzule desberdina izango baitugu aurrean. ETB2n aurkitu dugun babesa euskarazko katean lortzen saiatuko gara», azaldu du zuzendariak. Gaztelaniazko katean lortutako «jarraitzaile leialak» euskarazkora igarotzea espero dute horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.