Komunikazioa

Iruñeko sanferminak irratiz, telebistaz eta Internet bidez jarraitzeko aukera

Euskalerria irratiak eta 'Berria.info'-k txupinazoa zuzenean emango dute gaur Udaletxe plazatik

Euskalerria irratiak Zaldi Zuriko ostatuan egingo du egunero Sanfermintza saioa, 12:00etatik 14:00etara. BERRIA.
urtzi urkizu
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Komunikabide askok Iruñean jarriko dute begia datozen egunetan. Sanferminetan gertatzen denaren berri saiatuko dira hainbat formatu eta modutan. Honatx hedabide bakoitzak egingo duen eskaintza:

'Berria.info'

Berria telebistak zuzenean emango du gaur txupinazoa, Euskalerria irratiko audioarekin. Era berean, bihar, etzi eta etzidamu Euskalerria irratiaren Sanfermintza irratsaioa emango du Berria telebistak, 12:00etatik 14:00etara. Berria.info-k kazetari bat propio izango du Iruñean webgunerako edukiak sortzen. Berriketan.info sare sozialean idazteaz gain, Twitterren #berriaSFK etiketa erabiliko du. Goizero entzierroarekin hasiko dira lanean Berria.info-n. Bideo eta argazki propioen bilduma sareratzeaz gain, herritarrei bideoak eta argazkiak bidaltzeko aukera emango diete ([email protected]).

Euskalerria irratia

Gaurko txupinazoaren inguruko emanaldiak 10:00etatik 12:30era iraungo du. Txari Eleta eta Juan Kruz Lakasta Seminario etxean izango dira, eta Pello Argiñarena udaletxe barruan. Hala, zinegotzi euskaldunen hitzak jasoko dituzte. Lesaka eta Azkarateko alkateak elkarrizketatuko dituzte, halaber. Bihar hasi eta hilaren 13ra bitartean, Zaldi Zuriko ostatutik Sanfermintza zuzeneko saioa egingo dute 12:00etatik 14:00etara. Musika zuzenean izango da; gonbidatuen artean Fermin Balentzia, La Txula Potra eta Xut fanfarrea izango dira. Adarkada atalean kolaboratzaileek parte hartuko dute. Iñigo Astizek, berriz, BERRIAn idatziko dituen Ezkutuko kronikak kontatuko ditu. Irene Arrizurietak entzierroen berri emango du.

ETB

Txupinazoa zuzenean emango dute ETB1en eta ETB2n. Euskarazko katean Ilazki Serranok eta Aritz Agirrek aurkeztuko dute emanaldia, 11:15etik aurrera. Gaztelaniazkoan kontakizuna Nora Sagarzazuk eta Iñaki del Moralek egingo dute. Riau-riau ekitaldia ere emango du ETB1ek, 17:30ean. Hilaren 14ra bitartean, ETB2ko Navarra Directo Euskal Herri osoan ikusiko da (14:00); sanferminen berri luze eta zabal emango dute, Ainhoa Irazustaren eskutik. Kate bereko Euskadi Directo-k, halaber, jaietako giroa jasoko du arratsaldero (20:15). Bestetik, gaur 00:05ean Corriendo el encierro dokumentala estreinatuko dute —entzierroen irudi ikusgarriak jasotzen ditu—.

Euskadi Irratia

Gazteluko plazan jarriko du kanpalekua gaur Itziar Arangurenen Udan Blai! irratsaioak. Iñaki Elortzak eta Eli Erasok udaletxetik emango dute gaur txupinazoaren berri. Entzierroen kontakizuna bihartik aurrera Elortzak eta Erasok egingo dute. Faktoria, Udan Blai eta Amarauna saioek tarte zabala egingo diete Iruñeko jaiei.

RTVE

Goizero entzierroa hasi aurretik saio berezia aurkeztuko dute Pilar Garcia Muñizek eta Ciudadano Garciak, Patxi Cervantesen laguntzarekin. 07:15ean izango da La1 katean. Entzierroa kate horretan emango dute zuzenean, baita 24 Horas katean, RNEn eta Rtve.es webgunean ere. 70 laguneko lantaldea ariko da Iruñean sanferminen berri ematen, eta 30 kamera inguru erabiliko dituzte. Txupinazoa eta Pobre de mí zuzenean emango dituzte La1n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.