Argentinan euskara irakaslea da Rocio Basterra (Diezma, Argentina, 1980). Unibertsitateko ikasketak amaitu berri ditu Sonia Kolazcekek (Olszeyn, Polonia, 1987). Basterrak Erriberakoa zuen aitona, eta duela lau urte barnetegi batean izan zen Lazkaon. Kolazcekek, aldiz, ez du Euskal Herrian senide eta jatorririk. Betagarriren kanta bat entzun ostean hasi zen bere kabuz euskara ikasten, eta iaz Erasmusekin hilabete batzuk egin zituen Gasteizen.
Nola hasi zineten euskara ikasten?
ROCIO BASTERRA. Bahia Blanca hiria joan nintzen bizitzera, eta han eman zidaten aukera euskara ikasteko, 2004. urtean. Internet bidez hasi nintzen ikasten, eta zortzi urratsak egin nituen. 2008an Lazkaora etorri nintzen, barnetegira, sakontzera. Euskal kulturarekin eta euskararekin konektatuta nagoenez, pentsatzen dut horregatik deituko zidatela ETBtik.
SONIA KOLAZCEK. Hasieran, lagun batekin liburu batekin ekin nion euskara ikasteari, eta gero unibertsitatean eskoletara joaten hasi nintzen. Iaz, berriz, Gasteizen izan nintzen, Erasmusekin.
Zer moduz joan dira aurreneko egunak Euskal Herrian eta telebista saioa aurkezten?
R.B. Oso ondo. Harrituta nago egindakoarekin. Ni ez naiz telebistako profesionala. Izarrak izango bagina bezala tratatzen gaituzte, eta hori asko eskertzen da. Une oro galdetzen digute ea zerbait behar dugun.
S.K. Nekatuta iritsi nintzen Euskal Herrira, Polonian azkeneko egunetan parrandan ibili nintzelako. Baina geroztik jo eta ke gabiltza lanean. Ematen du hau oso dibertigarria dela, eta bada, baina, bestetik, lana da. Egun batzuetan, hamabi orduz aritzen gara gelditu gabe. Dena den, hainbeste leku eta jende ezagutzea ederra da. Ez nuen espero hain jende jatorra ezagutzea.
Argentinan eta Polonian ba al dago telebistan antzeko saiorik?
R.B. Argentinan ez. Dena den, nik oso telebista gutxi ikusten dut han. Nahiago dut irratia entzun eta irakurri. Euskal Herrian gustura ikusten dut ETB1, hizkuntzarengatik.
S.K. Polonian ere ez dago halakorik. Euskal Herriko jaiak bezalakorik ez dago Polonian.
Iruñeko sanferminetara joateko asmorik ba al duzue? Entzierro batean korri egingo al zenukete?
R.B. Bai, joango gara. Baina ni, behintzat, ez nintzateke ausartuko entzierroan korri egitera, ezta pentsatu ere. Nafarrek oso serio hartzen dute kontu hori, eta entrenatu gabe ezin sartu.
S.K. Niri ilusioa egiten dit sanferminetara joateak, baina beldur pixka bat ere bai, jende gehiegi egongo delako. Hala ere, pentsatzen dut leku atseginak ere topatuko ditugula Iruñean.
Euskal Herriko zer ezagutu nahi duzue batez ere?
R.B. Argentinan ez da askorik jakiten Lapurdiz, Nafarroa Behereaz eta Zuberoaz. Gehien gustatuko litzaidakeena hiru herrialde horietako kultura bertatik bertara ezagutzea da.
S.K. Nik ahalik eta toki gehien ezagutu nahi dut. Kontzertu ederrak ikusteko gogoa dut; oso rockeroa naiz.
Egun batzuk jaietan pasatuak dituzue. Alkohol asko edaten al da?
R.B. Bai, gehiegi. Ohituta zaudetela nabari da. Zuek bezala edango banu, oso gaizki bukatuko nuke.
S.K. Bai, edaten da. Baina gehiago gustatzen zait hemengo edateko modua, Poloniakoa baino. Polonian edaten da edateagatik, eta Euskal Herrian laguntzaile bat da alkohola.
Alkoholarekin baino gehiago zerekin mozkortuko zinateke?
R.B. Pozez mozkortuko nintzateke.
S.K. Musikarekin. Nire bizitzaren zati oso-oso garrantzitsua da musika.
Ligatzen al da jaietan?
R.B. Ikerketa bat egiten ari gara gai horrekin. Esaten dute ligatzen dela, baina ikusiko da uda amaierarako zein den emaitza.
S.K. Sestaon esan didate baietz, ligatzen dela, eta Irunen, ezetz. Dena den, atzerritarrentzat askoz errazagoa da ligatzea, hemengoentzat baino.
Saioa amaitzean zuen herrira itzultzekoak zarete. Lana eskainiz gero, etorriko zinateke Euskal Herrira bizitzera?
R.B. Ez dut hori pentsatuta. Jadanik triste nago Argentinara itzuliko naizen egunean pentsatzen. Baina, bestetik, irrikan nago nire ikasleei esperientzia hau kontatu eta eskoletan jarraitzeko.
S.K. Bai. Ni Euskal Herrian gustura geldituko nintzateke.
Komunikazioa. Rocio Basterra eta Sonia Kolazcek. ETB1eko 'Yes we jai'-ko aurkezleak
«Izarrak bagina bezala tratatzen gaituzte, eta hori eskertzen da»
Astelehenetik ostegunera, festarik festa ibiltzen dira Basterra eta Kolazcek ETB1en (21:45). Igandean asteko laburpena izaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu