Bideojokoak

Japoniarrak otsaila konkistatzera datoz

'Resident Evil Requiem', 'Nioh 3', 'Dragon Quest VII Reimagined', 'Mario Tennis Fever' eta 'Romeo is a Dead Man' iritsiko dira, baita'Yakuza 3'-ren berregitea, 'Reanimal' eta 'Mewgenics' ere, AAA tituluak nahiz indie obrak elkartuta.

Otsailean iritsiko diren bideojokoetako batzuk. GAME ERAUNTSIA
Otsailean iritsiko diren bideojokoetako batzuk. GAME ERAUNTSIA
Lander Unzueta Lekerikabeaskoa - Game Erauntsia
2026ko otsailaren 2a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bideojokoen otsaila japoniarrek osatuko eta elikatuko dute. Capcom, Square Enix edo Koei Tecmo estudio handiek, besteak beste, aurtengo bideojokorik interesgarrienak kaleratuko dituzte: Resident Evil Requiem, Nioh 3 eta Dragon Quest VII Reimagined estreinatuko dituzte asteotan.

Ez dira obra japoniar interesgarri bakarrak izango, ordea: tartean izango dira Romeo is a Dead Man odoltsua eta Yakuza Kiwami 3 & Dark Ties berregitea. Reanimal eta Mewgenics txikiagoekin, hilabetea borobilduta geldituko da. Eta Mario iturgina ere agertuko da, teniseko erraketa eskuan hartuta. Ohi bezala, argitalpen handien hilabetea da otsaila.

Dragon Quest VII Reimagined

 

  • Argitaratze data: 2026-02-05.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Square Enix.
  • Generoa: JRPG.
  • Plataformak: PC, PS5, Switch, Switch 2, Xbox Series.

Play Station originalean 2000. urtean kaleratutako DQ-ren beste berregite bat jasoko du zazpigarren atalak —3DS eramangarrian ere atera zuten—. Atal grafikoa zeharo zaharberrituta, diorama itxura eskaini diote oraingoan; hori bai, Akira Toriyama mangaka-ren —Dragoi Bola-ren sortzailearen— diseinuak eta ideiak agertuko dira oraingoan ere.

Txandakako borroka sistema ere aldatu dute, eta duelu dinamikoagoak eratu dituzte. Horrez gain, ohiko bizitza kalitatearen hobekuntzak eta soinu banda berria biltzen ditu. Kiefer pertsonaiarekin abentura guztiz berriak ere izango ditu protagonisten taldeak: iraganera itzuliko dira berriro, eta Rucker gazteluan barneratuko dira.

Nioh 3

 

  • Argitaratze data: 2026-02-06.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Koei Tecmo.
  • Generoa: ARPG.
  • Plataformak: PC, PS5.

Samuraien eta deabruen frankizia arrakastatsuarekin itzuliko dira Koei Tecmokoak. Nioh-ren hirugarren atalak aldaketa handiak dakartza: mundu irekiagoa aurkeztuta, Japoniako aro eta hiri desberdinak zeharkatuko ditu erabiltzaileak oraingoan.

Katanak eta magiak protagonista dituzten duelu zailak eta frenetikoak izango dira nagusi. Ekipamendu askoren artean hautatuta, eta, pertsonaia hobetzeko mailaz igota, denetariko munstroen aurka egin beharko du erabiltzaileak. Berritasun gisa, ninja borroken estiloa gaineratu dute, kolpe bizkorrak eta kolpeak saihesteko sistema bat dutela; orain arteko samurai estiloarekin batera erabil dezakete jokalariek. Demoa probatzeko aukera dago PS5ean zein PCan.

Mewgenics

 

  • Argitaratze data: 2026-02-10.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Edmund McMillen eta Tyler Glaiel.
  • Generoa: Estrategia taktikoa, roguelike.
  • Plataformak: PC.

The Binding of Isaac eta Super Meat Boy handien sortzaileak bukatutzat emango du Mewgenics —2012an iragarri zuen—. «Amaigabeko katu ugalketa RPGa» prestatu dutela dio egileak. Erabiltzailea katuak hazten ariko da etxean, eta eurekin batera apokalipsi ondorengo mundu arriskutsua esploratzeari ekingo dio.

Pitxitxi-ak batuta eta zainduta, horien abileziak eta estatistikak hobetu ahal izango dira, jaten emanda zein opariak eskainita. Lepoko bereziekin, mailak edo lanak ezarri ahal izango dira: borrokalaria, aztia, ehiztaria edo tankea, adibidez. XCOM bezalako jokoen lauki sare bidezko txandakako dueluetan lehiatuko dira katuak munstroen aurka. Roguelike elementuak biltzen dituenez, partida bakoitzean ausazko ibilbideei aurre egin beharko zaie.

Yakuza Kiwami 3 & Dark Ties

   

  • Argitaratze data: 2026-02-11.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Ryu Ga Gotoku Studio / SEGA.
  • Generoa: Akzioa, abentura.
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Xbox Series.

Yakuza edo Like a Dragon sagak sekulako indarra hartu du azken urteotan, baina Kazuma Kiryu mafiosoaren istorioari erreparatzen hasten direnek hirugarren atal gogorrari aurre egin behar diote. Hemendik aurrera, prozesua pixka bat erraztuko dela dirudi Kiwami 3 & Dark Ties berregiteari esker.

Dragon Engine garapen motorra erabili dute jokoa eraberrittzeko, eta Okinawa irletara eta Tokioko Kamurocho auzora eramango du erabiltzailea. Kolpeak, drama zirraragarrienetatik ateratako istorioak, karaoke saioak eta bestelako minijokoak proposatuko ditu. Yoshitaka Mine du protagonista, eta remake-ak, istorio originala ez ezik, Dark Ties zabalpen guztiz berria ere biltzen du.

Polemika artean dator bideojokoa: pertsonaientzako aktore batzuk aldatu badituzte ere, tartean da Teruyuki Kagawa aktorea. Hainbat emakumek salatu dute jazarpenagatik, eta aktoreak berak onartu du jazarri ziela. Yakuza-ren zaleek jokotik kanporatzeko eskatu dute, baina Segak ez du agertu aldatzeko asmorik.

Romeo is a Dead Man

 

  • Argitaratze data: 2026-02-11.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Grasshopper Manufacture.
  • Generoa: Akzioa, abentura.
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series.

Ezpatakadak, tiroketa futuristak, gidoi eroa eta biolentzia mordoa, horixe proposatzen du, beste behin, Suda51 garatzaile japoniarrak: No More Heroes, Killer is Dead eta Lollipop Chainsaw tituluen egilea, alegia.

Romeo is a Dead Man-en, pantaila gorriz margotuko dutela esan du sortzaileak. Romeo Stargazer gidatuko du erabiltzaileak. Ia hil ondoren, Dead Man bihurtuko da: espazio-denboran zehar unibertso desberdinetako bilauen bila ariko den FBI erakundeko agente berezia. Konboz betetako hack and slash duelu dinamikoekin batera, mecha robotak ikusi ahal izango direla dirudi.

Mario Tennis Fever

    

  • Argitaratze data: 2026-02-12.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo.
  • Generoa: Kirola.
  • Plataformak: Switch 2.

Tenis arkade partidak dakartzan bideojoko gutxi daude egun, baina Mariok ez du hutsik egiten. Erraketa bereziak, kolpe berezi indartsuak eta oztopoak eta minijokoak batuko ditu Nintendo-k Mario Tennis Fever-en.

Partida arruntekin batera, jokalari bakarrarentzako kanpainaren itzulera ikusiko dute zaleek. Mario eta lagunak haurtxo bilakatu ondoren, erraketa eskuan hartuta gune desberdinak esploratzen eta erronka berezietan parte hartzen ariko dira. Jokalari bakarrarentzako modalitateak, tokiko zein sareko multijokalaria, joy-con aginte bidezko kontrolak eta gehiago agintzen dituzte egileek.

Reanimal

 

  • Argitaratze data: 2026-02-13.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Tarsier Studios / THQ Nordic.
  • Generoa: Beldurra.
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series.

Beldurrezko abentura kooperatiboarekin itzuliko dira lehen bi Little Nightmares ospetsuen garatzaileak. Galdutako adiskideak aurkitzeko eta salbatzeko, neba-arreba protagonistek puzzleak eta bestelako oztopoak gainditu beharko dituzte.

Ipuin ilunen moduan girotuta, oinez zein txalupa gainean ibiliko dira, munstroak zein beste hainbat arrisku aurkituta; egileen arabera, umeen amesgaiztoetako izakien itxura eta izaera edukiko dituzte. Demoa jaits daiteke dagoeneko, debalde.

Resident Evil Requiem

 

  • Argitaratze data: 2026-02-27.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Capcom.
  • Generoa: Beldurra.
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series.

Otsaila bukatzeko, beldur kontu gehiago; oraingoan, bideojokoen frankiziarik arrakastatsuenera begira jarrita. Resident Evil-en bederatzigarren atala kaleratuko du Capcomek: Requiem. Raccoon City hiria bisitatzera eramango du erabiltzailea, beste behin, zonbien eta munstroen ongietorriarekin.

Bi bideojoko mota izango dira, protagonistaren arabera. Batetik, Leon S. Kennedy agentea kontrolatuko du erabiltzaileak, berriro: akzioa nagusituko da bere ataletan, tiroketak eta aizkorakadak. Bestetik, Grace Ashcroft hasiberria ere barneratuko da amesgaiztoan; harekin, beldurraren erroetara joko du erabiltzaileak, RE2 edo RE7 gogoraraziko dituzten pasarteekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.