Euskadi Irratian eta ETBn lan egin ondoren, Hamaika telebistako platoetara heldu da Itxaso Martin (Donostia, 1981). Esatea libre mahai inguruko aurkezlea da, eta Naroa Iturri ordezkatuko du urte amaiera bitarte. Asteazkenero ikus daiteke saioa, 22:00etatik aurrera.
Zer moduz hasi duzu Esatea libre saioko denboraldi berria?
Ilusio handiarekin. Aldaketa handia da niretzat; aurretik telebistan egindako lanetatik erabat ezberdina da, baina lehenengo saioa ondo joan zen, eta oso pozik nago hasierarekin.
Bestelako saioetan lan egin duzu orain arte. Zaila egin al zaizu moderatzaile lanetan aritzea?
Zaila izaten da, eta lehenengo aldian izan dudan esperientzia behintzat halakoa izan da. Aurretik irratian egin nuen lan, eta elkarrizketak eta abar egindakoa naiz. Albistegietan ere ibili naiz; beraz, gaiak ez zaizkit ezezagunak egiten. Baina egia da normalean etortzen den jendeak, horrelako solasaldi batera etorrita, hitz egitea gustuko duela. Badute zer esan, eta hizketan ari direla moztea ez da erraza izaten.
Aurtengo denboraldiak ba al dakar berrikuntzarik?
Saioak formatu bera izaten jarraituko du; beti gaurkotasun politikoa jorratuko dugu, ekonomia ere tarteka landuko dugu, nazioarteko egoera... Formatuak ondo funtzionatu zuen iaz, eta asmoa horrela jarraitzea da. Aldaketa aurkezlean egongo da. Naroa Iturri amatasun baimenarekin dago, eta nik aurkeztuko dut haren ordez. Printzipioz, lau hilabetez egongo naiz, abendura bitarte.
Zer behar du Esatea libre bezalako saio batek ikuslea telebista aurrean edukitzeko?
Komunikatzaile ona izatea oso garrantzitsua da, eta saiora etortzen diren solaskideekin hori lortzen saiatzen gara. Funtsezkoa da kaleko jendeak hitz egiten duen bezala hitz egitea, gauzak garbi azaltzea. Askotan hitz handietan sartzen gara, eta horrek jendearengandik urrundu egiten gaitu. Gauden garaian, gainera, politikak garrantzi handia du. Beti izan du, baina gaur egun jendea asko gerturatzen ari da politikara; interes berezia sortzen du. Ez dut uste orain jende asko aspertuko denik politikaz hitz egiten.
Gonbidatuetan izango al da aldaketarik?
Gonbidatu asko aurreko urtean egondakoak izango dira, askorekin oso gustura egon zirelako. Hala ere, saiatuko gara jende berria ekartzen. Irekita gaude jende berriari eta iritzi berriei, azken finean, gure helburua hori baita: iritzi guztiak eta gauzak ikusteko ikuspegi guztiak biltzea. Esatea librea da; bakoitzak egoeraren azterketa bere ikuspuntutik egin dezala.
Azaroaren 20an Espainian egingo diren hauteskunde orokorrei tarte berezirik eskainiko diezue?
Bereziki ez dugu ezer prestatu, baina gerta liteke saioren batean hauteskundeen inguruan hitz egitea. Argi dago saihestu ezinezko gai bat dela, agenda politikoan dago, eta ez dago zalantzarik gai horri buruz hitz egingo dela. Batez ere hauteskundeen ondorengoak emango du zeresana.
Komunikazioa. Itxaso Martin. Hamaika telebistako aurkezlea
«Jendea asko gerturatzen ari da politikara; interes berezia sortzen du»
Abendura bitarte Naroa Iturri ordezkatuko du 'Esatea libre' saioko aurkezle gisa. Politika, ekonomia eta nazioarteko zein gizarte gaiak izango dituzte hizpide aurten ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu