Askok Eguberriak bideojoko artean igaroko zituzten arren, urte berria hastearekin batera estreinaldien zaparrada iritsi da, beste behin. Gabonetako kanpaina bukatuta, estudio handiak nahiz txikiak argitalpen berriak sortzen hasiak dira, frankizia ezagunak zein obra benetan bitxiak bilduta.
Lehenik eta behin, Pathologic unibertsora itzuliko da erabiltzailea, hirugarren atal desiratuaren bidez. Animal Crossing: New Horizons-en espantsio handia, Final Fantasy VII Remake Intergrade sarituaren port-ak edo iazko Dispatch ikaragarriaren bertsio berria ere iritsiko dira. Indie tituluei dagokienez, Cairn interesgarria zein Cult of the Lamb maitatuaren DLCa helduko dira egunotan.
Pathologic 3
Â
- Argitaratze data:Â 2026ko urtarrilaren 9a.
- Garatzailea / Argitaletxea:Â Ice-Pick Lodge / HypeTrain Digital.
- Generoa:Â Beldurra.
- Plataformak:Â PC.
Errusiatik datorren beldurrezko jokoen sagak hirugarren titulua estreinatuko du. Pathologic ez da jokalari guztientzat egokia, baina azken urteotan jarraitzaile fidelen taldea eratzea lortu du, istorio bitxi eta erakargarriari esker.
Medikuaren rola jokatuta, hamabi egun edukiko ditu erabiltzaileak hiria izurrite batetik salbatzeko. Ikerketak eta diagnosiak izango dira nagusi, baina gehiago ezkutatzen du jokoak: denboran atzera egitea ezinbestekoa izango da egia aurkitu ahal izateko.
Animal Crossing: New Horizons
Â
- Argitaratze data:Â 2026ko urtarrilaren 15a.
- Garatzailea / Argitaletxea:Â Nintendo.
- Generoa:Â Abentura, simulazioa.
- Plataformak:Â Switch 2 (aurretik, Switch 1ean).
Nintendoren azken urteotako bideojokorik arrakastatsuenak Switch 2 kontsolarako bertsioa estreinatuko du urtarrilean. Animal Crossing: New Horizons-ek milioika jokalari harrapatzea lortu ondoren, berritasun esanguratsuekin iritsiko da egungo gailura: areagotutako bereizmena, aldibereko hamabi jokalari, CameraPlay euskarria zein Joy-con aginteen sagu funtzioak gaineratuko dituzte.
Ezaugarri xumeak dira, baina, etzi bi Switch kontsoletara iritsiko den 3.0 eguneratzeak dakartzanekin alderatuta. Hotelaren eraikina, Resetti satorraren itzulera, objektuen mugaren areagotzea, elkarlanak eta gehiago ikusiko dituzte jokalariek, musu truk.
2XKO
Â
- Argitaratze data:Â 2026ko urtarrilaren 21a.
- Garatzailea / Argitaletxea:Â Riot Games.
- Generoa:Â Borroka.
- Plataformak:Â PS5, Xbox Series.
2025 bukaeran PCan estreinatu ondoren, League of Legends frankiziaren borroka jokoa kontsoletara iritsiko da. Debalde joka daiteke, eta milaka jokalari biltzea lortu du dagoeneko, Rioten heroi nahiz bilau ezagunak kontrolatzeko aukera eskainita: Vi, Jinx, Teemo, Ahri, Yasuo eta beste hainbat pertsonaia gidatuko ditu erabiltzaileak.
Bakarka zein bikoteka jokatuta, plano bidimentsionalean mugitu ahal izango da, eta kolpe luze bezain teknikoak erabili ahal izango dira. Plataforma arteko jokoa eta aurrerapenak agindu dituzte garatzaileek, eta kontsoletako zein PCko jokalarien arteko dueluak bermatu; horrez gain, dozenaka eguneratze eta berrikuntza ikusi ahal izango dira datozen hilabeteotan.
Final Fantasy VII Remake Intergrade
Â
- Argitaratze data:Â 2026ko urtarrilaren 22a.
- Garatzailea / Argitaletxea:Â Square Enix.
- Generoa:Â ARPG.
- Plataformak:Â Switch 2, Xbox Series (aurretik, PS5 eta PC plataformetan).
Cloud, Tifa, Aerith eta Barret maitatuen abentura erraldoiaren berregitea gailu gehiagotan ikusi ahal izango da. Square Enixek Switch 2 eta Xbox Series kontsoletara eramango du FF7 Remake Intergrade arrakastatsua.
Zaleek ondo dakiten moduan, originalaren txandakako borrokak alboratu, eta akzioz betetako RPG ikusgarria eratu zuten 2021ean. Bertsio berriak Intergrade eduki gehigarriarekin datoz, Yuffie ninjaren misioarekin.
Jokoa erosi aurretik demoa probatzeko aukera eskaini dute japoniarrek; ez hori bakarrik, bigarren Rebirth titulua nahiz oraindik aurkeztu ez duten hirugarren atala Switch 2an zein Xbox Seriesetan jokatu ahalko direla baieztatu dute.
Cult of the Lamb: Woolhaven
- Argitaratze data:Â 2026ko urtarrilaren 22a.
- Garatzailea / Argitaletxea:Â Massive Monster / Devolver Digital.
- Generoa:Â Roguelike, akzioa, kudeaketa.
- Plataformak:Â PC, PS5, PS4, Switch, Xbox Series, Xbox One.
Cult of the Lamb dibertigarriaren azken eduki gehigarri handia joko originala bukatu dutenei zuzenduta egongo da. Woolhaven ordainpeko DLCa jokoaren bukaera aldera desblokeatuko da, hainbat proposamen berri ekarrita.
Woolhaven-en hotzari zein ustelkeriari aurre egin beharko dio erabiltzaileak, beste behin, herrixka iluna eraikita. Aurretik ikusi gabeko erronkak eta botereak gaineratuko ditu erabiltzaileak; proposamen ezin hobea izango da gehiago ikusteko gogoz geratu zirenentzat.
Dispatch
Â
- Argitaratze data:Â 2026ko urtarrilaren 28a.
- Garatzailea / Argitaletxea:Â AdHoc Studio.
- Generoa:Â Estrategia, abentura narratiboa.
- Plataformak:Â Switch 2 (aurretik, PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan).
Iazko ezuste handietako bat Switch 2ra helduko da 2026 hasieran. Telltale Games taldeko garatzaile ohiek osatutako AdHoc Studioren lehen jokoa da Dispatch, eta sekulako balorazioak lortu ditu probatu dutenen artean.
Bulegari lana superheroiekin elkartzea proposatzen du: larrialdi zerbitzuetako deiak erantzutea eta superbilau ohien taldea kudeatzea izango da Mecha Man protagonistaren lana. Gidoi landua, erabaki mordoa eta aurkezpen ikaragarriak biltzen ditu Dispatch-ek.
Cairn
Â
- Argitaratze data:Â 2026ko urtarrilaren 29a.
- Garatzailea / Argitaletxea:Â The Game Bakers.
- Generoa:Â Abentura, plataformak.
- Plataformak:Â PC, PS5.
Eskalatzea eta misterioak argitzea proposatzen duen indie bideojoko interesgarria da Cairn. Kami mendiaren tontorra menderatzea nahi du Aava protagonistak: tartean, baina, sekretuak eta kondairak ezkutatzen dira.
Askatasun osoa agintzen dute Furi zoragarriaren sortzaileek; hala eta guztiz ere, indarrak eta baliabideak kudeatzea ezinbestekoa izango da aurrera egiten jarraitzeko. Eskalatze sistema sinple baina sakonaren bidez, kirola maite dutenentzat aproposa izango dela dirudi.
Code Vein II
Â
- Argitaratze data:Â 2026ko urtarrilaren 30a.
- Garatzailea / Argitaletxea:Â Bandai Namco.
- Generoa:Â ARPG.
- Plataformak:Â PC, PS5, Xbox Series.
Lehen atal trakets baina interesgarri baten bitartez, bigarrenez saiatzeko asmoa du Code Vein-ek. Anime estetika, akzioa eta RPG elementuak batzen ditu Bandai Namcoren jokoak: banpiroak nagusi diren munduan, bestelako beldurrei aurre egin beharko die protagonistak.
Bloodborne edo Monster Hunter gogora ekar ditzaketen borroka odoltsuak, narratiba sakona eta une ikusgarriak izango dira nagusi Code Vein II-n. Oraingoan adiskideen laguntza jasoko du erabiltzaileak: pertsonaia desberdinek abilezia eta botere berriak eskainiko dituzte.