Txatboten bat erabiliko zenuen noizbait. Agian zerbait erabilgarria egin duzu horietariko batekin. Gauza bat aitortuko dizut. Bada zerbait txatbotetan batere ondo ez daramadana. Eta hori da haluzinatzen dutela. Horrela deitzen zaio gezurrak esateko duten gaitasunari. Galdetuko diezu ezagutzen duzun gai baten inguruan, eta erantzunean sartuko dizute ziria. Gezur borobilen bat txertatuko dute hainbeste informazio zuzenen artean, lerro artean.
Baten batek esango dit denok huts egiten dugula, eta txatbotek gero eta gutxiago haluzinatzen dutela. Baten batek azalduko dit denok dugula eskubidea okerreko zerbait esateko egunean zehar. Baina horrela bada ere, txatbotei ez zaie aurpegia aldatu ere egiten hori egiten dutenean. Ez dakit erantzun beharrean, nahiago dute gezurrean tematu.
Asko hitz egiten da azken aldi honetan fake news delakoen inguruan. Informazio faltsua zabaltzen duten berriak dira horiek. Kazetaritzan beti esan da berri bat argitaratu aurretik egiaztatu egin behar dela, aldeekin hitz egin behar dela.
Polemikek eta berri deigarriek kalean zabaltzeko aukera gehiago dute. Baita sarean ere. Azken baten, tribalak gara. Enpresa handiek ondo dakite hori. Algoritmoek maite dituzte interakzioak, birtxioak, atsegin dut adierazpenak.
Badator olatua. Eta konturatu orduko, erdi egia dena, zalantzazko berria dena, kontrastatu gabeko notizia dena, zabaltzen ari da sarean. Egunkariek ere aipatu dute sarean bolo-bolo hitz egiten den hori. Eta lehen hogeita lau ordu horietan ez da besterik. Zuk ere klik egin duzu. Izenburua irakurtzea nahikoa izan da berria zabaltzeko. Nola ez ba? Fake news besteak dira.
Badator beste olatu bat. Klik egitera zoaz. Baina notizia irakurtzen hasi zara. Kasu honetan, gertutik ezagutzen duzu han esaten dena. Oraingoan, baina, konturatu zara sarea haluzinatzen ari dela, txatboten moduan. Gezurra da han adierazten dena. Eta orain zer?
Eta sarean katramilatuta, algoritmoen erritmora dantzan, joera berri bat ezagutu dugu: JOMO (Joy of Missing Out). Hau da, azken berritasunak jakitearen estres hori alde batera utzi, eta une oro egiten ari garenaz gozatzea, besteek egiten dutenaz kezkatu gabe. Ez da gutxi.