Atharratzetik (Zuberoa) abiatu ziren Euskarabentura zeharkaldiko gazteak, uztailaren 1ean, Euskal Herrian bizipen ederrak izateko asmoz. Zazpi lurraldeetako neska-mutikoak itxaropenez bete zuten motxila, eta gogo biziz ageri dira hizketan Primeran plataformak estreinatu duen saioan. Zeharkaldia jasoko duen programa Nekane Muñoz ari da zuzentzen, eta aurreneko atala atzo sareratu zuen Primeran-ek. Bertan, Euskarabenturan ibilitako lehen lau etapak ageri dira.
Hurrengo etapak grabatuko dituzte datozen egunetan, eta hilaren 24an estreinatuko dute bigarren atala. Getxora (Bizkaia) iritsi arteko azkeneko etapak eta amaiera, berriz, hirugarren eta azkeneko atalean laburbilduko dituzte: abuztuaren 7an iritsiko da hori Primeran-era. Abao komunikazio agentziaren asmoa da irailaren 25ean 2025eko Euskarabentura laburbilduko duen erreportaje bat ere estreinatzea. Lehen hiru atalek 30 minutuko iraupena dute, baina irailekoa luzeagoa izango da. Goiena taldeak sortutako ekoiztetxea da, hain zuzen, Abao. Komunikazio esparru guztiak lantzen dituen enpresa bat da, 2018an sortua.
Muñozek nabarmendu du Euskarabenturari buruzko saioak hainbat balio transmitituko dizkiela ikus-entzuleei: «Gazteak protagonistatzat hartuta, euskararen erabilera eta transmisioa erdigunean jarriko dituen eduki bat sortzea da gure asmoa». Ez baita edonolako zeharkaldia uztailean Euskal Herria zeharkatuko duena. «Euskarabenturan, gazte euskaldunen artean sare berri eta sendoa sortzen dute. Halaber, Euskal Herriko kultur eta natur ondasunak ezagutzen dituzte. Eta gure helburua haien bizipenak kontatzen saiatzea da, sei kontalariren eskutik». Sei jzioquitar gaztetxoren ikuspegitik, alegia.
«Adin tarte estrategiko batentzat»
Euskabarenturari buruzko telebista saioaren sustatzaileek nabarmendu dute Primeran-ek estreinatu berri duena ez dela gazteen abentura hutsa. «Euskara hutsean sortutako ikus-entzunezkoak adin tarte estrategiko bat —hau da, 15-17 urte— konektatuko du ikusle talde zabal batekin». Formatuari dagokionez, bestalde, «trinkoa, freskoa eta inspiratzailea» izango dela iragarri dute.
Dokumental generoa eta reality-a uztartzen ditu Abaok sortutako saioak. Modu horretan, gazteak dira protagonistak, «ikusle berriak erakartzeko». Eta euskararen erabilera eta transmisioa erdigunean jartzen ditu.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 126 gazte izango dira protagonista saioan. Euskarabenturako aurtengo partaideak, hain zuzen ere. Eta herrialde desberdinetakoak direnez, haien euskalki propioak ere entzuten dira programan.
Abao agentziakoen arabera, saioa «erraz kontsumitzeko moduko edukia» da. Bereziki gazteei zuzendua dago. Gidoilarien buru Iñigo Antsorregi ari da; ETB1eko Biba zuek! magazinean aritu zen eta podcastak egiten ere jardun du.