Iruñean kalean dauden eskulturen berri jakin daiteke Kaleko eskultura Iruñean gida-ri esker. Orain, paperean ez ezik, sarean ere kontsulta daiteke, http://esculturas.pamplona.es helbidean.
Iaz argitaratutako Kaleko eskultura Iruñean gida-n oinarritu dira webgunea osatzerakoan. Hirian dauden ehun eskultura baino gehiago biltzen ditu gidak, 17 ibilbidetan banatuta. Momentuz, gazteleraz bakarrik bisitatu daiteke webgunea, baina Iruñeko Udalak azaldu duenez, laster euskaraz eta ingelesez ere irakurri ahal izango da informazioa.
Webgunean eskulturen informazioa topa daiteke: deskribapena, dimentsioak, erabilitako materiala, testuinguru historikoa... baina baita egileari buruzko datuak ere. Gainera, sareko aplikazioei esker, eskulturaren orritik egileak hirian dituen beste lanak ere ezagut daitezke. Liburua egin zuen Cia y Cia enpresak egin du sareko ataria.
Sarean, abantailak
Papereko gidan biltzen diren datuak jasotzen baditu ere, sareko atariak abantaila batzuk izango ditu: edukiak berritzeko aukera emango du, besteak beste. Esaterako, papereko gida argitaratu ondoren inauguratu diren Bihotz sakratua eta Juan Pablo II eskulturen berri emango du sareko atariak laster.
Lanak sarean bisitatzeko bi modu daude: batetik, eskulturek osatzen dituzten ibilbideak jarraituz, eta bestetik, egileen bitartez.
17 ibilbidetan banatu dituzte eskultura guztiak, eta ibilbide horiek jarraituz jaso daiteke eskulturen berri. Laster ibilbide berri bat osatuko dute azkenaldian inauguratutako bi eskulturekin.
Bestalde, eskultoreen bidez bisitatu daiteke webgunea, 55 eskultoreak ordena alfabetikoan zerrendatu baitituzte.
Kaleko eskultura Iruñean gida iazko apirilean argitaratu zuten.Garai hartan hirian zeuden 109 eskulturen berri ematen du, 496 orrialdetan. 1.500 gida argitaratu zituen Iruñeko Udalak.
Kaleko eskulturen katalogoa sarean jarri du Iruñeko Udalak
Hiriko kaleetan dauden 109 eskulturen berri ematen du, eta 55 artisten biografiak bildu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu