Kanaldude programa berri baten ekoizpen lanetan dabil buru-belarri. Emak Bakia du izena magazin berriak, eta, okerrik ez bada, abenduaren 17an estreinatuko dute. «Norberaren itxurari, izaerari eta ongizateari begiratzen dion magazin bat izango da», iragarri du telebista kateak.
Bidarrain (Nafarroa Beherea) du egoitza telebista kateak, baina saioa ez dute Bidarrain grabatuko, Kanboko (Lapurdi) Orratzetik Hari bigarren eskuko jantzien dendan baizik. Bertan, Amaia Kastorene eta Joana Olasagasti aurkezleek hainbat gonbidatu izango dituzte. Itxura eta norberaren onarpen prozesuak landuko ditu Emak Bakia-k, eta printzipio horien gibelean galderak egingo dituzte askotariko bizipenen bila. «Itxura bat izatea nola bizi dugun, zerk eragiten duen geure buruaz dugun irudia izatea, gure itxuraren eta buruaren onarpen prozesua zeri lotzen den. Gorputzetik burura, norberaren bizitzaren gibelean ezkutatzen diren dinamikak jorratuko ditu saio berriak», iragarri du Kanaldudek.
Gonbidatuak elkarrizketatuz, gizarteko gai transbertsalei ekingo diete saioan. Itxuratik eta ongizatetik abiatuz, askotariko gaiak izango dituzte hizpide: besteak beste, lana, eritasuna, sexualitatea, maitasun harremanak, kirola, familia, hezkuntza eta artea.
Nafarroa Behereko telebistak adierazi du «giro goxo batean» ari direla filmaketa egiten. Ezinbestekotzat jotzen dute aurkezleen eta gonbidatuen arteko konfiantza. Bigarren eskuko dendan grabatutako solasaldiez gain, kalean herritarrei galderak egingo dizkiete. Erreportaje eta kronikak ere izango dira saioan ikusgai.
Abenduaren 17ko lehen atalaren ostean, urtarrilaren 1ean, 14an eta 28an emango dituzte ondorengo atalak. Asteazkenetan izanen da, 20:30ean.