Komunikazioa

Kantari bat ezin izan da agertu presoen aldeko txapa batekin ETBn

Maria Riberori txapa kentzeko eskatu zioten 'Arratsaldero'-n, baina ez zuen halakorik egin, eta ezin izan zuen abestu

Siroka musika taldeko kideak. GOIO RAMOS.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Siroka musika taldeko Maria Ribero kantaria eta Ekaitz Agirregoitia ETB1eko Arratsaldero saioan agertzekoak ziren asteartean. Elkarrizketa labur bat egin eta abesti bat akustikoan kantatu behar zuten. Baina, azkenean, ETBn agertu gabe itzuli ziren etxera.

Kantariak zer gertatu zen azaldu dio BERRIAri: «Gu 13:00etan iritsi ginen. Eta hasieratik nik Euskal presoak Euskal Herrira txapa neraman jantzita. Inork ez zigun ezer esan. Soinu proba ere egin genuen. Eta Estitxu Fernandezek esan zuen publizitatearen ostean Siroka taldea izango zela platoan. Baina minutu bat fata zela langile batek entzungailutik esan zidan zuzendariak txapa kentzeko eskatu zidala, ez zutela inolako publizitaterik onartzen. Nik esan nion ez nuela kenduko. Orduan langile batek joateko esan zigun». Estitxu Fernandezek beste gai bati heldu zion, eta Siroka aipatu gabe jarraitu zuen saioak.

Bizkaiko musika taldeak www.siroka.com webgunean salatu du «elkarrizketa zentsuratu» zutela. «Siroka taldeak EITBren jarrera faxista salatu nahi du lehenik eta behin. Horrelako jarrerak, ezagun zaizkigun arren, iraganeko gauza izatea gustatuko litzaiguke», azaldu dute musikariek.

Arratsaldero saioko ekoizle eragile Arri Granadosek, berriz, adierazi du asteartean gertatutakoa askotan gertatu dela. «Guk ez dugu lelo politikoak agerian azaltzen uzten. Baina ez orain ez inoiz. Eta hemen ez da txaparik azaltzen, ez PPren aldekoak ez PSEren aldekoak. Lelo politiko guztiak zentsuratzen ditugu, baina iritzi politikoak sekula santan ez ditugu zentsuratu». K2000 ekoizpen etxeko saioetan «ildo politiko hori» beti izan dutela dio Granadosek. «Eta ETBko beste saioetan gauza bera gertatzen da». Magazineko arduradunak argi utzi nahi du kontu hori ez dela presoen aurkako ezer. «Hortik aurrera, bakoitzak nahi duena esateko aukera du», gaineratu du Granadosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.