Karra Elejalde eta 'La Noche De...' sarituko dituzte FesTVal jaialdian

Datorren denboraldiko telebista saio nagusiak aurkezten ari dira hainbat kate Gasteizen

Conquistour saioa igandean itzuliko da ETB2ra. Gasteizko kaleetan tirolina bat jarriko dute ostiralean. ETB.
Edu Lartzanguren.
2014ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Telebistaren inguruko FesTVal jaialdia egiten ari dira atzotik Gasteizen; larunbatera arte iraungo du. Aurten, Karra Elejalde aktorea eta La Noche De... ETB2ko saioa sarituko dituzte. Izan ere, euskal telebista publikoak saria emango dio Elejalderi haren «ibilbide profesionalarengatik». Jaialdiak berak, berriz, Felix Linaresek aurkezturiko zinema saioa nabarmenduko du, 1.000 saio bete dituen honetan.

Gasteizko telebista jaialdian, ETBk eta Espainiako hainbat telebistak hartzen dute parte 2009. urtetik. Sasoiaren hasieran egiten dute, eta kateek jaialdia erabiltzen dute denboraldiari begira prestaturiko saioak aurkezteko. Lehiaketak, magazinak, telesailak, kultura, entretenimendu eta mota guztietako saioen erakusleiho bihurtzen da, irailero.

Anfitrioi gisa, sari bat emateko ardura du ETBk. Karra Elejalde aktore gasteiztarraren ibilbide luzea nabarmendu nahi izan dute aurten. 1961. urtean jaio zen Elejalde, eta lehen filma 1987an egin zuen: Lauaxeta, lau haizeetara, Jose Antonio Zorrilak zuzenduta. Geroztik, 25 bat filmetan egin du lan, besteak beste Julio Medemekin —Behiak (1992)—, Juanma Bajo Ulloarekin —La madre muerta (1993)— eta Alex de la Iglesiarekin —Acción mutante (1992)—. Aurten, Ocho apellidos vascos filmean agertu da pantailetan. Bajo Ulloarekin, Rey Gitano grabatzen dabil orain.

«Ikusleengandik hubil» egoteagatik saritu dute La Noche de… saioa. 19 ute bete ditu, eta ETB2ko erreferentzia bihurtu da. Irailaren 6an, Principal antzokian banatuko dituzte sariak.

'Conquistour', plazan

Espainiako telebista publikoak Isabel telesailaren denboraldia aurkeztu zuen atzo. ETBk, gaur, marrazki bizidun maratoia antolatu du haurrentzat, 18:30ean, Espainia plazan. Masterchef Jr. lehiaketa aurkeztuko TVEk gaur, eta Antena3ek, Vive cantando telesaila.

Ostiralean hainbat mahai inguru egingo dituzte, gidoigintzaz, fikzio saioen zuzendaritzaz eta telebistaren etorkizunaz teknologia berrien erronkaren aurrean.

Egun horretan, Conquistour saioaren itzulera aurkeztuko du ETBk, Andre Mari Zuriaren plazan. Tirolina erraldoi bat jarriko dute, 11:00etatik 13:00etara, edonor ibil dadin ziztu bizian zorutik 10 metrora. Saioa igandean itzuliko da ETB2ko gauetara. El Conquistador saioko protagonistak bilduko dira Gasteizko erdialdeko plazan: besteak beste, Julian Iantzi, Jose Luis Korta, Manu Maritxalar, Julen Madina eta David Seco.

Arratsaldean, Conquistour saioaren denboraldiaren aurre-estreinaldia egingo dute Principal antzokian, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.