Granados zuzendari nagusi izan aurretik, Alfons Quinta kazetaria aritu zen TV3eko oinarriak ezartzen. Luis Mendizabal ETBko lehen pausoetan ari zen lanean, eta gogoratu du Quinta Pujolen «kritiko handia» zela. El País-en egiten zuen lan Quintak, eta Banca Catalana ikertzen aritu zen. Mendizabalen iritziz, TV3 beti izan da «serioa» eta «profesionala». «Oraindik ere Quintak sortu zituen profesionaltasun ezaugarriak mantzen dituzte», dio Mendizabalek.
Granadosek, edonola ere, badu zer kontatua Quintaren inguruan: «Tratatzeko oso zaila zen, jokabide zailekoa, pertsona gaiztoa, eta langile batzuk beldurtuta zeuzkan». Granados iritsi aurretik, aurreko bi zuzendari nagusiek kargua utzi zuten sei hilabeteko epean, Quintarekin «gogaituta». Granadosek aitortu du Quintak ezarri zituen oinarriak onak zirela TV3entzat. «Eta zoriondu nuen, baina esan nion bera gabe egingo nuela lan hura, eta ni iritsi eta berehala kargutik kendu nuen». 2016an, Quintak emaztea hil zuen eskopeta batekin, eta ondotik bere buruaz beste egin zuen.

Granadosek Convergencia Democratica de Catalunyako karneta zuen —Pujolen alderdia—: hirugarren zenbakia. «Baina erabaki nuen ez nuela TV3en sartzen utziko alderdiko karneta zuen inor». Oinarria argi zuen: «Telebista egiten duen jendeak eraman behar du aurrera. Gobernuan den alderdiko idazkari nagusiak telebistako zuzendariari deitzen badio esanez pertsona egokia duela albistegien buru izateko, eta hori onartzen baldin bada, telebista hori pikutara doa». Azken hori TVEn gertatu izan dela uste du.
Granados zuzendari nagusi izan zen epean, TV3eko bi zuzendari izendatu zituen. «Hasieran esan zidaten ezingo zutela, ez zutelako CDCren alde bozkatzen, baina nik esan nien ez zegoela arazorik». Enric Canals 1984tik 1989era izan zen zuzendari, eta Jaume Ferrus 1989tik 1995era.
Ikusle datuetan lider
TV3 katalanezko kateak ikusle asko bereganatu ditu hasieratik. Are gehiago, 1997tik 2003ra eta 2010etik 2022ra gehien ikusi den telebista izan da Katalunian. Hala da gaur egun ere.
Granadosek gogoratu du hasieran soilik katalanez hitz egiten zuten herritarrek ikusten zutela. «Baina sei-zazpi urteren ostean, katea baino TV3eko saioak aukeratzen zituen jendeak. Eta interesgarria baldin bazen, mundu guztiak ikusten zuen». Katalanaren normalizazioan rol garrantzitsua jokatu du telebistak.
Azkeneko hamarkadan, Espainiako unionistek hainbat kritika egin dizkiote TV3i, independentisten alde jotzen duelakoan. Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak eta nazioarteko behatzaileek egindako ikerketek diote, ordea, TV3 Espainiako kateak baino pluralagoa dela.

Sigfrid Gras TV3eko zuzendari berriak iaz esan zuen katea «despolitizatu» egin nahi duela. Granadosek ez du gogoko bide hori: «Batzuetan pentsatzen dut ea politikaz hitz egiteko beldurra duten. Baina esan izan dut gerra dagoen tokian ezin dela esan bakea dagoenik».
Etorkizunari begira, TV3ek estrategia digital bat diseinatu du. Streaming plataforma bat iristear da: 3Cat. Granadosek eskatu du TV3 gaurkotu eta gazteen erabilera berrietara egokitzeko.